banner

UDALBILTZAREN ADIERAZPENA AUZITEGI NAGUSIAK BATZAR NAGUSIA DEBEKATU DUELA ETA (2006-11-17)

[ categories: Udalbiltza ]

Epaitegi Nazionalaren eskutik Batzar Nagusiaren debekuaren aurrean, Udalbiltzaren adierazpena (2006-11-17)
AUZITEGI NAZIONALAK EZARRI DUEN DEBEKUAK NAZIO ERAKUNDE EGOKIEN BEHARRA NABARMENTZEN DU. UDALBILTZA BERRANTOLATZEA INOIZ BAINO BEHARREZKOAGOA DA. UDALBILTZAREN GARAIA DA, EKIN DIEZAIOGUN BIDEARI ELKARREKIN.

Auzitegi Nagusiak bihar Beasainen egitekoa zen Udalbiltzaren Batzar Nagusia debekatu du.

Euskal Herriak bere burua antolatzeko duen eskubidearen aurkako erasoa da, zazpi lurraldeetako udal hautetsiak biltzen dituen nazio erakunde bakarraren aurkako erasoa. Bake prozesuarekin bateragarria al da euskal herritarrek aukeratu dituzten udal hautetsiak Euskal Herriaren alde lan egiten ez uztea?

2003ko eraso bortitzaren ondoren, zergatik debekatu digute orain 2004an, Getxon eta 2005ean, Iruñean posible izan dena? Auzitegi Nagusiak ez du eskubiderik udal hautetsiok Euskal Herriaren eraikuntzaren eta bakearen alde egiten dugun lana oztopatzeko.

Jakin bezate aurrera jarraituko dugula, Euskal Herriko udal hautetsi guztiak bilduko dituen erakundearen alde lan egiten eta prozesu politikoaren aldeko eragile aktibo izaten. Ez dugu ukatuko oztopoak jarri ezin dituztenik; esate baterako, indarra inposatzearen ondorioz, biharko batzar nagusia ez dago egiterik. Udalbiltzaren garaia heltzen ari da, baina. Euskal Herriaren garaia heltzen ari da, eta herri honen borondatearen kontra ez dute arrakastarik izango.

Udalbiltzaren lana oztopatu nahi duten horiek guztiek jakin egin behar dute Udalbiltzak sendo jarraituko duela euskal herritarren eskubideen alde lan egiten, euskal herritar orok eskubide guztiak Euskal Herri osoan izan ditzan, Frantziaren eta Espainiaren gustukoa izan ala ez.
Azkenik, jakinarazi nahi dugu hemen gauden udal hautetsiok bat egiten dugula Goierriko hainbat herritarrek bihar goizean, 10:30ean, Beasaingo udaletxearen aurrean antolatu duten elkarretaratzearekin, "Eskubideak oinarri, Euskal Herriko instituzioaren alde" oso lelo egokia iruditzen baitzaigu. Bertaratzeko deia egin nahi diogu herritar orori eta, bereziki, Euskal Herriko udal hautetsi guztiei, Euskal Herriak bere burua erakunde arloan antolatzeko duen eskubidea aldarrikatzeko eta babesteko.

UDALBILTZAko PRENTSA BULEGOA