banner

“NAZIO INSTITUZIO EGOKITZEARI EKIN DIEZAIOGUN ELKARREKIN; BADA GARAIA!” (2006-11-18)

[ categories: Udalbiltza ]

“NAZIO INSTITUZIO EGOKITZEARI EKIN DIEZAIOGUN ELKARREKIN; BADA GARAIA!” (2006-11-18)
"Epaitegi Nazionalak batzarra egiteari ezarri dion debekua, Udalbiltzaren berrantolaketarako pizgarri gisa ulertzen dugu. Euskal Herriak sortu duen nazio ordezkaritza instituzionalaren kimuaren kontra jotzen duten bakoitzean Udalbiltzaren garrantzi estrategikoa handitzen baitute. Nazio instituzio egokitzeari ekin diezaiogun elkarrekin. Bada garaia!"

Euskalduna Jauregiko Batzar eratzailetik zazpi urte igaro direlarik, eginiko lanaren balantzea eta etorkizunari aurre egiteko estrategia nazio instituzio gisa eztabaidatu eta adostu nahi genuen gaurko batzarrean. Gaur eta hemen ez dugu hori guztia egiterik izan, Espainiako salbuespeneko epaitegiak indarraren mehatxuaren bidez gure zeregina baldintzatu baitu. Baina Udalbiltzaren lana oztopatu nahi duten horiek guztiek jakin behar dute Udalbiltzak sendo jarraituko duela euskal herritarren eskubideen aldeko lana egiten. Euskal herritar orok eskubide guztiak Euskal Herri osoan izan ditzagun, Frantzia eta Espainaren gustokoa izan ala ez. Jakin dezaten gure lana eta konpromisoekin aurrera egiten dugu eta batzarra egin, egingo dugula!

Hala ere, ez dugu gutxiesten gertatutakoa. 7 lurraldetako udal hautetsiak biltzen dituen nazio instituzio bakarra izanik, herri honek bere burua antolatzeko duen eskubidearen aurkako oso erasoa larria da gaurkoa. Beste bat. Ez lehenbiziko eta, zoritzarrez, ez da azkena izango ziur aski. Baina zergatik gertatu den aztertu beharko genuke. Zergatik orain ez dugu batzarra egiterik izan, 2004an Getxon eta iaz Iruñean batzarrak arazorik gabe burutu ahal izan genituen. Zer aldatu egin da Udalbiltzaren jardueran arriskutsuago bihurtzeko?

Aldatu dena agian ez da oso agerikoa oraindik, baina sakonera handiko mugimendua da -eta itzuli gabekoa izan dadila lortu beharko genuke-. Duela urte gutxi ametsa ematen zuena, errealitatea bihurtzen ari da gaur. Oztopo guztien gainetik eta nahiko genukeen baino polikiago eta sufrimendu gehiagoarekin bada ere, bere etorkizuna erabakitzeko eta bere burua libreki antolatzeko Euskal Herriak abian jarri duen prozesu politikoan datza ezberdintasuna.

Prozesua dimentsioa hartzen ari den neurrian Espainiako gobernuaren inplikazioa ekarri du, ea euren interesei begira desbideratu ahal duen edo, besterik ez bada, berarentzat ahalik eta koste gutxien izan dezan, ea nola desitxuratu ote duen. Lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea gakoak direla jakin, badaki eta horregatik, Euskal Herri osoa eta burujabea irudikatzen duen nazio instituzioaren jarduera oztopatzea erabaki du orain.

Horrela ulertzen dugu Epaitegi Nazionalak batzarra egiteari ezarri dion debekua. Eta horregatik Udalbiltza berrantolatzeko beste arrazoi bat antzematen dugu. Euskal Herriak sortu duen nazio ordezkaritza instituzionalaren kimuaren kontra jotzen duten bakoitzean, Udalbiltzaren garrantzi estrategikoa handitzen baitute.

Alde batetik, une politikoak Udalbiltzaren beharra azpimarratzen du eta bestetik, une politiko berak, Euskal Herriko udal hautetsi guztiak bildu ahal izateko baldintzak sortu ditu. Egoera aprobetxatzeko sasoia da. Nazio instituzio egokitzeari ekin diezaiogun elkarrekin. Bada garaia!

Konpromiso garaia guztioi heldu zaigulakoan, alderdi anitzeko deiaz bukatu nahi dugu Batzarreko erakunde ebazpena:

1.- Euskal Herriko alderdi politikoen zuzendaritzei eta hurrengo hauteskundeetan udal hautagaiak izango diren guztiei: harremanak sendotu eta udal hautetsi guztion bilduko duen nazio mailako instituzioa lortzeko konpromisoa adiera dezaten.

2.- Euskal herritarrei: bizitzen ari garen une garrantzitsu honetan, jarritako oztopo guztien gainetik, bai Euskal Herria eraikitzen, baita pairatzen dugun gatazka politikoa era demokratikoan gainditzeko abiatzen ari den dinamikan murgil daitezen.

3.- Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikalei eta erakundeetan dihardutenei: bidegurutze honetan, duten arduraz jabetzeko eta, alderdikeriak baztertuz, herri gisa eta Euskal Herri osoari begira joka dezaten.

3.-Herri gisa zein euskal herritar gisa dagozkigun eskubideak urratzen dizkiguten bi estatuei: Euskal Herria eskubide politikoak dituen subjektu gisa aitortu eta errespeta ditzaten.

4.-Munduko eta, batez ere, Europako gainerako nazioei eta estatuei: hemengo prozesu politikoa lagundu eta sustatu dezaten, nazioarteko eskubideen inguruko itunetan bildu izan diren eskubideak euskal herritarrei aitortu eta bermatu dakizkien defendatuz.

Amaitzeko, eskertu nahi diegu bere presentzia bertaratu diren lagun guztiei eta bereziki udal hautetsiei, prozesu demokratikoaren alde lanean jarraitu dezaten. Eskubideak oinarri, Euskal Herriko instituzioaren alde!

UDALBILTZAREN PRENTSA BULEGOA

Euskal Herrian, 2006ko azaroaren 18