banner

Udalbiltzaren adierazpena Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna dela eta (2006-11-24)

[ categories: Udalbiltza ]

Udalbiltzaren adierazpena Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna dela eta (2006-11-24)
Honako mezu honen bidez, Udalbiltzak honako hau adierazi nahi du bihar, azaroak 25, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Eguna dela eta.

2006. urteko azaroaren 25ean, emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko datuek egoera gordinean gaudela erakusten digute, egunez egun larritzen ari den egoeran, gero eta bortitzagoa den egoeran.

Indarkeriaren biktimak ez dira bakanak eta ustekabekoak, gizartearen antolaketa hierarkikoaren ondorio zuzena baizik, egiturazko egoeraren ondorio.

Guztiok dugu zereginik horri guztiari aurre egiteko; horrelako gertaerak jazotzen direnean, ezin diegu bizkarra eman. Guztiok erasoak gaitzestea garrantzitsua dela deritzogu, salatzeko mobilizazioetan parte hartuz, besteak beste.

Gainera, pertsona orok euren erantzukizuna galdatu eta egoera hau ez ezkutatzeko eskatu behar die herritarron zerbitzura dauden erakundeei.

Ingurumari honetan, erakundeen erantzukizuna nabarmendu nahiko genuke, beharrezkoak diren prebentzio eta laguntza osoak eta eragingarriak hartu eta eskaini behar baititu: egoera lazgarri hau amaiaraziko duten bitartekoak, Euskal Herri osoan eta euskal emakume guztientzat. Norbere burua zuritu eta egoera isiltzeko legeez eta sasiprebentzioaz harago, premiazkoa dugu eragingarriak izango diren bide osoak irekitzea, egiturazko arazoari aurre egiteko, eta, bide horretan, Udalbiltzak bere konpromisoa berretsi du: 2002ko Eskubideen Kartatik abiatuta, egunotan aurkeztuko dugun euskal herritarron eskubideen urratzeen txostena eta eskubideon babeserako urratsak.

Azkenik, Udalbiltzak dei egin nahi dio euskal gizarteari, azaroaren 25ean emakume mugimenduak antolatu dituen mobilizazioetan parte hartzeko, eta Udalbiltzako ordezkaritza aipatu mobilizazioetan egongo dela jakinarazi nahi du.