Nazio bat garelako, egin Euskal Herria!: Abenduaren 16 eta 17a, Naziotasun Eskubidearen Eguna (2006-11-27)[ categories: Udalbiltza ]
Nazioarteko erakundeek Giza Eskubideen Egun izendatu dute abenduaren 10 eta, urtero bezala, aurten ere hainbat ekimen antolatuko da munduan zehar. Eskubideen eguna izanik, eta kontuan izanik bai Euskal Herriaren eta bai euskal herritarren eskubideak ukatu egiten direla une honetan, aldarrikapen eta salaketa egun bihurtu behar dugu egun hau. Gure naziotasuna eskubidea da, baina eskuratu egin behar dugu eta, horretarako, Udalbiltzak Naziotasunerako Eskubidearen Eguna antolatuko du berriz abenduaren 16 eta 17an.
Egun hau nazio izateko gure eskubidea aldarrikatzeko erabiliko dugu, nazioarteko oihartzuna lortzeko, eta gure eskubidea urratu egiten den bitartean jarraituko dugu Naziotasunerako Eskubidearen Eguna antolatzen, hots, Euskal Herria nazioa dela onartu arte. Hala ere, egunero euskal herritar izatea ukatzen zaigun gisa berean, egunero erabili eta islatu dezakegu gure eskubidea, baina egun tresna bakarra dugu horretarako. Alde horretatik, EHNA txartela baino gehiago da; naziotasun inposatu bati aurre egiteko gure eskubidearen erabilera praktikoa da. Gaur egungo egoera politikoan, inoiz baino garrantzitsuagoa da euskal herritarroi urratu egiten zaizkigun eskubideak salatzea, eta ildo horretan dator Udalbiltzak laster aurkeztuko duen "euskal herritarron eskubideen urraketen txostena". Haatik, ezin dugu horrekin etsi. Euskal herritarron eskubideak eta Euskal Herriaren beraren eskubideak aitortzeko, ez dugu urratzeak salatu soilik egingo, eskubideak egunero praktikoki erabili ere baizik, Udalbiltzak sortutako tresnaz, EHNAz. Hartara, norbere ekarpenaren bidez, ekarpen kolektiboa ere egingo dugu eta, azkenean, Euskal Herriaren lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea onartzea lortuko dugu. Esan bezala, EHNA dugu gure eskubidearen erabilera praktikoa, pertsona gisa dagokigun eskubidearena, baina ez da nahikoa. Euskal herritarrok aitortzeaz gain, gainerako herriek gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea ere aitortu behar dute eta, horretarako, Udalbiltzak beste ekimen bat jarri zuen abian iaz: eskakizun ofiziala, bi estatuen inposizioa salatzeaz gain, gure naziotasuna aitortu eta egin beharrekoak egiteko eskatzen diona NBEri. Jakina da, gure eskubideak errespetatuak izan daitezen, hainbat erakunderen babesa behar dugula, are gehiago erakunde honek eskubideak zaintzeko ardura duela kontuan izanik. Hori dela-eta, norbere ekarpenaren bidez (eskakizun ofiziala betez), herri gisa agertuko gara berriz ere NBEren aurrean. Udalbiltzak beste urrats bat emango du aurten, eta Naziotasunerako Eskubidearen Egunak urrats ezberdinak edukiko ditu: Durangoko azokan, urteroko presentziaz gain, harago joan nahi dugu Durangoko azokan eta, horregatik, EHNA bideratzeko aukera izango da bertan, beharrezko agiriak aurkeztuta betiere; gainera, EHNAdunek eskakizun ofiziala betetzeko aukera izango dute. Abenduak 11 eta 18an unibertsitateko ikasleek bere gain hartuko dute Udalbiltzaren naziotasun Eskubidearean Eguna eta tramiatzioak burutuko dira Leioa, Ibaeta, Iruñea eta Gasteizko kanpusetan. Abenduaren 15ean langileak izango dira ikasteen testigua hartu eta hainbat lantegietan tramitazioak burutuko dituztenak. Eta Abenduak 16 eta 17 an Euskal jendarte osoak tramitatu ahal izango du hamainaka herrietan. Hautetsiei dagokigu, gure herrietan, herritar orori aukera hau bermatzea, urte osoan zehar eta, batez ere, abenduaren 16an, orduan are garrantzizkoagoa baita gure herrietan EHNA eta eskakizun ofiziala betetzeko aukera bermatzea. Lerro hauen bidez, dei egiten dizuegu egun honetan zuen herrietan EHNA bideratu eta eskakizun ofiziala betetzera. Era berean txalotu nahi dugu pasaden 23an hainbat kanpusetan Ikasle kontseiluen bozka EHNArekin egiteko ikasleek emaniko urratsa, zein hainbat eskualdetan kaleratzen ari diren "erabili gidak" (Bergarakoa azkena), eta diasporatik ematen ari diren ekimenak. Azpimarratu nahiko genuke ere, gure naziotasun eskubidearen alde Bai Euskal Herriarik abenduak 6rako deitu duen mobilizazioa eta euskal jendarteak ere honetan parte hartzera deitu nahi diogu. Amaitzeko, nabarmendu nahiko genuke zer nolako garrantzia duen une honetan nork bere naziotasunerako eskubidea aldarrikatzeak, abian den prozesuari ekarpenak egiteaz gain, berau bultzatzeko moduan baita herritar oro hartara. |