Euskararen ofizialtasunaren aldeko mobilizazioan parte hartzera deitu du Udalbiltzak (2006-12-15)[ categories: Aberri eguna ]
Euskal Herria euskararen herria da. Pertsona orok du hizkuntz eskubidea, eta guk, euskal herritar garen aldetik, euskaraz ikasi, bizi eta lan egiteko eskubidea dugu. Euskal Herriko herritar guztiek, hala nola geroko belaunaldiek euskaraz bizitzeko eta garatzeko eskubidea dute, inolako murrizketarik gabe.
Eskubide horiek guztiak urratu egiten zaizkigu egunez egun, ordea. Horren adierazgarri dira euskararen egoera hainbat lurraldetan, euskararen ofizialtasunetik oso urrun dagoena, hizkuntz politika arrotzak eta gaurko egunean zenbaitek ospatzen duen Nafarroako Euskararen Legea. Izan ere, euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntzak, jazarpen eta gutxiagotze prozesua jasan du aspalditik, eta baita egun ere, eta gure herriari ezarri zaizkion legeek eta erakundeek eurek ahalbidetu dute hori: aipatu erakundeek ez dituzte bermatzen euskararen garapena eta normalkuntza, ezta euskararen iraupenerako eta garapenerako ezinbestekoa den ofizialtasuna ere. Bidegabekeria horrek kalte-ordaina behar du, eta, horretarako, premiazkoak diren zuzenbide, ekonomia eta gizarte baliabide guztiak antolatu eta kudeatu behar dira, eta gure herriak haiek bermatuko dituzten politikak eta erakundeak behar ditu ezinbestean. Euskal Herriak eskubidea du herritarren hizkuntz eskubideak behar duen hizkuntz politika finkatzeko: hizkuntz politika nazionala eta burujabea, euskara berreskuratu eta euskararen gizarte funtzio guztiak bermatzeko beharrezko tresna juridikoak sortuko dituena eta nazio hizkuntza izateari dagokion ofizialtasuna eta lehentasuna emango diona euskarari. Horregatik guztiagatik, Udalbiltza bihar Iruñeko karrikatan egingo den manifestazioan izango da, eta, era berean, bere konpromisoa berretsi du, egunez egun, udaletxez udaletxe, gizarte eragileekiko elkarlan akordioak bideratuz eta euskal herritarren eskubideen txostena osatuz, bide horretan urrats sendoak emateko. |