Euskal Herrian zein nazioartean hainbat eragilek eta pertsona esanguratsuk eskubideen urratzea salatu izanarekin bat, egoera hori burujabeki gainditzeko neurriak proposatu ditu Udalbiltzak: EHNA eskuan, euskal herritar gisa aritzea eta herritarren borondatea errespetatzea, kanpoko inposizioak onartu gabe.
Nazioarteko pertsona zein eragile esanguratsuek, Europako hainbat parlamentarik eta Euskal Herriko ehunka herritar ezagunek hauteskunde hauetan eskubide zibilak eta politikoak urratu egiten ari direla salatu dute, eta haiekin bat egin du Udalbiltzak berriro ere. Espainiako auzitegien inposizio antidemokratikoaren gainetik, sufragio unibertsalerako eskubidearen zentsura aintzakotzat hartu gabe, euskal herritarrak euren borondatea libreki adieraztera gonbidatu ditugu eta, horretarako, Euskal Herri osoan eskubide guztiak aitortu eta bermatuko dituen esparru politikoa ahalbidetu behar duen prozesu demokratikoarekiko konpromisoa adierazi duten indar politikoei ematera botoa.
Salatzeaz gain, Euskal Herriko nazio erakundea garen aldetik, egoera antidemokratiko honi aurre egiteko ekimen zehatzak abiatzea erabaki dugula jakinarazi nahi dugu. Ildo horretan, Euskal Herriko alderdi politiko zein herritar oro, Espainiaren inposizioen gainetik, euskal herritar gisa aritzera gonbidatu nahi ditugu. Horregatik,
1. Nazio Batuen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko 15. artikuluak naziotasunari buruz dionarekin bat eginez, euskal herritar gisa aurkeztera eta naziotasun eskubidearen inolako urratze zein inposiziorik ez onartzera deitu nahi dugu. Hau da, bozkatzeko, EHNA erabiltzera norberaren burua aurkezteko; galarazten duten tokietan, hauteskunde mahaian bertan norberaren kexa adieraztera; eta, bidenabar, naziotasun eskubidearen urratzea salatzeko, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako goi mandatariarentzako eskakizun ofiziala betetzera, maiatzaren 27an horretarako antolatuko diren guneetan.
2. Herritarrek botoen bidez adierazten duten hautua errespetatzea demokraziaren oinarrizko zutabea izanik, indar politiko guztiek iruzurrik gabeko emaitza aintzakotzat hartzeko deia egin nahi dugu. Printzipio hori bideratze aldera, Euskal Herriko udal hautetsi izaera aitortzeko, Udalbiltzak Euskal Herriko udal hautetsi agiria egingo dio Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian herritarren borondateari esker hautatzen den pertsona orori. Izan ere, Euskal Herriko udal hautetsi izaeraren aitortzari dagokionez, euskal herritarren botoa Espainiako epaileen erabakiak baino zilegiago iruditzen zaigu.
3. Hego Euskal Herriari dagokionez, udal hauteskunde hauetan, tokian tokiko udalak osatzeaz gain, Udalbiltza ere osatuko den neurrian, hauteskunde hauetatik sortzen diren hautetsi guztiei Udalbiltza berrindartu, berrantolatu eta hasiera bateko xedea lortzeko behar duen eragingarritasuna berreskuratzeko konpromisoa hartu eta bete dezaten eskatu nahi diegu, Euskalduna Jauregiko batzar eratzailean onartu ziren bost printzipioak errespetatuz, Euskal Herriko eragile sozial askok eskatu dutenarekin bat.
Euskal Herrian, 2007ko maiatzaren 24an