UDALBILTZA LANEAN JARRAITZEKO KONPROMISOAN BERRESTEN DA

[ categories: jarduna ]

UDALBILTZA LANEAN JARRAITZEKO KONPROMISOAN BERRESTEN DA
Irailak 18, zortzi urte izango dira Udalbiltza eratu zela. Zortzi urte hauetan nazio eraikuntzako indarrak bildu eta Euskal Herriko erakundea eraikitzeari ekin diogu.

Udalbiltzaren oinarrizko printzipioei jarraiki, zortzi urte hauek guztiz emankorrak izan dira:

1. Euskal Herria berezko nazioa dela eta euskal herritarrak eskubide guztien jabe direla aldarrikatzeko, 53.000tik gora lagunek bideratu dute Euskal Herriko Nazio Aitormena, eta aldarria diasporaraino eta Nazio Batuetaraino eraman dugu. Era berean, Euskal Herriaren Eskubideen Karta osatu eta landu dugu alorrez alor.

2. Euskal Herriaren egituraketa politikoa eta instituzionala bultzatzeko, lehen erakunde nazionala osatu dugu, herritarrek Euskal Herriko herri bakoitzean hautatu dituzten pertsona guztiekin.

3. Nazio eraikuntza bultzatzeko, euskal curriculumaren prozesuan eragile eta bultzatzaile izan gara, Euskal Herriko datuen talaia liburua kaleratu dugu, hizkuntz eskubideen behatokiarekin elkarlanean aritu gara eta abar, eta abar.

4. Udalen arteko elkarlana bideratzeko, Kohesio eta Garapenerako Funtsean zein Zuberoako planean aritu gara.

5. Europako eraikuntzan eta nazioartean, oro har, nazio gisa aritzeko, nazioarteko biltzar arrakastatsuak antolatu ditugu, Euskal Herria Nazio Batuetara eraman dugu, diasporan lan emankorra egiten ari gara...

Duela zortzi urte, Euskal Herriak nazio erakunde propioen beharra zuen, Udalbiltzaren beharra zuen. Gaur, Udalbiltzak bere ahalmena erakutsi duen honetan, baldintza zailetan izanik ere, erakunde nazional propioak eraikitzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela deritzogu. 1998ko irailaren 18an Euskal Herri osoko ehunka hautetsik Euskalduna jauregian finkatu zituzten bost printzipioek, zortzi urte geroago, gaur-gaurkoak izaten jarraitzen dutela nabarmendu beharra dago, eta Udalbiltzako kideen haiekiko konpromisoa adierazi.

Duela lau urte Euskal Herriaren aurka hasi zituen erasoen esparruan, Alderdi Popularrak Udalbiltzaren aurka jo zuen. Gaur, PPren bide errepresiboei jarraiki, beste hainbat auziren bidez egin duen moduan, PSOEk bide errepresiboa jarraitu eta Udalbiltzaren auziari berriz ekitea deliberatu du. Espainiako Estatuaren eraso bortitz eta politiko hutsa dugu, Euskal Herriaren aurka. Euskal Herriak bere erakundeak eratzeko eskubidearen aurkako kolpea dugu, gure herriaren alde eta eraikuntzan lanean aritzea delitu bilakatu baitute.

Zenbat eta bortitzagoa izan erasoa, ordea, orduan eta estrategikoagoa da erakunde egitura propioak eraikitzea eta Udalbiltza bera, eta, ildo horretan, erasoen aurkako babesik handiena Udalbiltzaren jarduera eraginkorrago bihurtzea dela uste dugu. Duela lau hilabete, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroa Garaiko udal hautetsiak hautatu genituen. Sei hilabeteren buruan, Nafarroa Behereko, Lapurdiko eta Zuberoako hautetsiak aukeratuko ditugu. Tarte horretan, gure erakunde propioen eraikuntzan lanean aritzeko prest dauden udal hautetsi guztiekin baldintzak landu behar ditugu, 2008. urtean Udalbiltzaren aro berri bat elkarrekin hasteko eta Euskal Herriaren beharrei erantzuteko. Hori guztia egiteko, Udalbiltzak bere burua egokitu eta indartu behar du, eta ahalegin osoa egiteko asmoa dugu. Datozen hilabeteetan horri emango diogu lehentasuna, eta hautetsiekin lan zuzena egin, hausnarketei bide eman eta erakunde propioen aldeko indarrak bilduko ditugu.
Euskal herritarren oinarrizko eskubide zibilak eta politikoak urratu egin dira (norberaren jardun politikoa aztertu da eta hautatua izateko eskubidea urratu da) eta euskal herritarrek ezin izan dute hautatu aukera guztien artean barrutien % 85ean.
2. Indar politiko guztiak ez dira berdintasunezko baldintzetan aritu hauteskunde kanpaina honetan. Batzuek presentzia normalizatua izan dute kalean zein hedabideetan, baina beste batzuei hedabideetan agertzea, ekitaldi politikoak eta propaganda egitea eta baita boto txartelak banatzea ere debekatu zaie. Gainera, zerrenda horiek lorturiko dozenaka mila boto ofizialki baliogabetu dituzte.
3. Milaka herritarrei euren naziotasuna ukatu eta Espainiako naziotasuna inposatu zaie bozkatzeko, polizia indarren bitartez edo EHNA onartzeko prest egon diren mahaiburuak isunarekin mehatxatuz.

Oso egoera larria erakusten digu horrek guztiak, demokraziarekin zerikusirik ez duena. Hala ere, oso pozik gaude Udalbiltzak egindako gonbitak izan duen erantzunarekin, sufragio unibertsalaren zentsura aintzakotzat hartu gabe, euskal herritarrek euren borondatea libreki adierazteko. Euskal herritarrak, oro har, zoriondu nahi ditugu: alde batetik, Euskal Herri osoan eskubide guztiak aitortu eta bermatuko dituen esparru politikoa ahalbidetu behar duen prozesu demokratikoarekiko konpromisoa adierazi duten indar politikoek babes handia lortu dutelako; bestetik, milaka lagunek, EHNA eskuan, euskal herritar gisa bozkatu dutelako, oztopo guztien gainetik, eta beste askok debekuari aurre egin diotelako, gertatutakoa salatu dutelako eta NBEko Giza Eskubideetako goi mandatariari eskakizun ofiziala igorri diotelako naziotasun eskubidea errespetatzeko.

Orain, emaitzak ikusita, lehenbiziko ondorioak ateratzeko garaia da:
1. Lehenbizikoa eta oinarrizkoena: herritarrek euren botoen bidez adierazitako borondatea errespetatu beharra. Demokraziaren oinarrizko zutabea izanik, indar politiko guztiak iruzur gabeko emaitzak aintzakotzat hartzera deitu nahi ditugu. Horregatik, Euskal Herriko nazio erakunde gisa, hainbat tokitan sorturiko egoera antidemokratikoei aurre egiteko eta herritarren borondatearen errespetua bideratze aldera, Euskal Herriko udal hautetsi izaera aitortzeko, Udalbiltzak Euskal Herriko udal hautetsi agiria egingo dio datozen egunotan Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian herritarren borondateari esker hautatu den pertsona orori. Izan ere, Euskal Herriko udal hautetsiak aitortzeari dagokionez, zilegiago deritzogu euskal herritarren botoari Espainiako epaileen erabakiei baino (www.udalbiltza.net webgunean egongo da zerrenda osoa, datorren astean).
2. Bigarrena Udalbiltzaren eragingarritasuna berreskuratzearekin lotuta dago zuzenean. Izan ere, Hego Euskal Herriari dagokionez, tokian tokiko udalen osaeraz gain, igandeko udal hauteskundeek Udalbiltzaren osaera berria ekarri dute, hilabete batzuen buruan Ipar Euskal Herrian gertatuko den bezala.

Ekainaren 16an eratuko dira udalak, eta luze eta zabal hitz egiten ari da horretarako itunez. Halaber, Euskal Herriko nazio erakundearen osaeraz ere hitz egiteko parada heldu zaigu. Hori dela-eta, Euskal Herriko eragile sozial askok eskatu duten bezala, udal hauteskunde hauetan aukeratu dituzten Euskal Herriko hautetsi guztiei proposatu nahi diegu Udalbiltza berrindartu eta berrantolatzeko eta haren jatorrizko xedea lortzeko beharrezko dinamika abian jartzeko. Euskalduna Jauregiko batzar eratzailean onartu ziren bost printzipioak errespetatuz, jar dezagun abian guztion artean Udalbiltzaren aro berri bat.

Euskal Herrian, 2007ko ekainaren 1ean
UDALBILTZAko PRENTSA BULEGOA