Udalbiltzaren adierazpena estatu kolpe frankista eta Otxandioko bonbardaketaren 70. urteurrenean dela eta (06-7-20)[ temas: Udalbiltza ]
“Une politiko berezi honetan, Otxandioko, Durango, Gernika eta abarreko bonbardaketaren biktimei, fusilatu eta desagertutako guztiei egin ahal diegun omenaldirik onena Euskal Herriari hitza itzultzea eta erabakitakoa errespetarazteko konpromisoa indartzea da”.
Orain dela 70 urte Franco eta Mola Espainiako armadaren jeneralek estatu kolpea burutu zuten. Espainiako estatu osoan ondorio oso lazgarriak izango zituen beraiek eta beraiekin bat egin zutenek ezarritako espainol catolicismo izeneko erregimen diktatorialak hurrengo 40 urteetan zehar. Hego Euskal Herrian ere oso ondorio latzak pairatu zituzten garai horietako herritarrek. Lehenbizienetariko bat Otxandioko bonbardaketa izan zen. Euskal Herriaren aurkako lehenbiziko gerra ekintza eta herritargo zibilaren aurkako abioiez eginiko mundu mailako lehenbizietariko eraso bat izan arren, oso pasarte ezezaguna da. Zoritzarrez, era horretako ekintzak zabaldu ziren hurrengo urteetan eta Durangoko zein Gernikako bonbardaketak ezagunagoak izan ziren Euskal Herrian bertan. Hauek bigarren munduko gerraren aurrekariak izan ziren baina izugarrizko mina sortu arren edo agian horregatik, desagerturiko praktikak izan beharrean, gaur arte irauten dute hirien aurkako bonbardaketak, Palestinan eta Libanon ikusten ari garen bezala. 1936ko uztailaren 18a eta aste horretan bertan gertatu zen Otxandioko bonbardaketak, oso epe beltz bat irekitzen dute Euskal Herrian. Gerra fronteen bortizkeria ezagutu zuten Gipuzkoan eta Bizkaian baina Nafarroa Garaian bezala, gerra fronterik existitu ez ziren tokietan euren ideologiarengatik desagertuak eta fusilatuak milaka eta milaka izan ziren, benetako garbiketa ideologiko bat burutu baitzuten “gloriosa cruzada” deituriko ekintza kriminal horretan. Lizarrako estatutuarekin Euskal Herrian irekitako itxaropena, errepublikako gobernuaren oztopo eta atzerapenarekin eta Iruñeko batzarrean suertaturiko iruzurrarekin pitin bat ahulduta bazegoen ere, lau probintzientzako estatutu bakarraren alde, PSOE, PCE, Izquierda Republicana, ANV eta UGT-k osatzen zuten Nafarroako Fronte Popularra egin zuten aldarrikapen publikoak indarberritu zuten burujabetzaren aldeko grina. Estatu kolpeak errotik eta sekulako bortizkeriarekin moztu zuen bide hori. Zein izango litzateke gaur eguneko Euskal Herriko errealitatea halako pasarte ilun bat gertatu ezean? Zer izango litzateke Nafarroa Garaiko errealitate politikoa garai horretako biztanlegoa kontuan hartuz, 3 mila bat gazte aurrerakoi eta konprometituak fusilatu izan ez bazituzten? Gauzak aldatu dira garai horietatik hona baina Frankismoaren ondorioak nabariak dira oraindik ere. Honetan ere, gaitzespenak baino eguneko jarrerak balio dute gehiago oso adierazgarriak baitira. Hala, frankismoan lorturiko abantailez baliatu nahi dute batzuk euren estatusa eta euskal herritarren hitza errespetatzen ez duen marko juridiko politikoa mantentzeko. Irekitzen ari den prozesu politikoan zenbait alderdi eta hedabideek duten jarrera oso esanguratsua da. Pribilegiozko estatusa bizi izan dutenek, euskal herritar orok eskubide guztiak Euskal Herri osoan izan ditzagun mehatxu gisa ulertzen dute eta edozein moduan prozesua oztopatu nahian dabiltza. Udalbiltzak euskal herritarren eskubideen aldeko konpromisoa hartu duenean, gure oroimen historikoa berreskuratzeko nahia azaldu du baina oroimen historiko berreskuratzea ez da soilik monumentuak inauguratzea edo erakunde ekitaldiak antolatzea. Indarrez lapurturiko paperak baino garrantzitsuagoa da bahitutako burujabetza politikoa aldarrikatzea eta borondate hori eguneko borondatearekin uztartzea Euskal Herria eraikitzen inposaketen gainetik. Une politiko berezi honetan Otxandioko, Durango, Gernika eta abarreko bonbardaketaren biktimei, fusilatu eta desagertutako guztiei egin ahal diegun omenaldirik onena Euskal Herriari hitza itzultzea eta erabakitakoa errespetarazteko konpromisoa indartzea. Asmo honekin Udalbiltzak parte hartu du gisa horretako ekitaldi zein ekimen ezberdinetan eta xede horrekin Loren Arkotxa buru izango duen ordezkaritza batek parte hartuko du igande honetan Otxandion antolatu diren ekimenetan. Euskal Herrian, 2006ko uztailaren 20an UDALBILTZAREN PRENTSA BULEGOA |