banner

UDALBILTZA BERE URTEURRENEAN LANEAN JARRAITZEKO KONPROMISOAN BERRESTEN DA (2007-09-17)

[ temas: Udalbiltza ]

UDALBILTZA BERE URTEURRENEAN LANEAN JARRAITZEKO KONPROMISOAN BERRESTEN DA (2007-09-17)
Biharko egunean, irailak 18, zortzi urte izango dira Udalbiltza eratu zela. Zortzi urte hauetan nazio eraikuntzako indarrak bildu eta Euskal Herriko erakundea eraikitzeari ekin diogu.

Udalbiltzaren oinarrizko printzipioei jarraiki, zortzi urte hauek guztiz emankorrak izan dira:

1. Euskal Herria berezko nazioa dela eta euskal herritarrak eskubide guztien jabe direla aldarrikatzeko, 53.000tik gora lagunek bideratu dute Euskal Herriko Nazio Aitormena, eta aldarria diasporaraino eta Nazio Batuetaraino eraman dugu. Era berean, Euskal Herriaren Eskubideen Karta osatu eta landu dugu alorrez alor.

2. Euskal Herriaren egituraketa politikoa eta instituzionala bultzatzeko, lehen erakunde nazionala osatu dugu, herritarrek Euskal Herriko herri bakoitzean hautatu dituzten pertsona guztiekin.

3. Nazio eraikuntza bultzatzeko, euskal curriculumaren prozesuan eragile eta bultzatzaile izan gara, Euskal Herriko datuen talaia liburua kaleratu dugu, hizkuntz eskubideen behatokiarekin elkarlanean aritu gara eta abar, eta abar.

4. Udalen arteko elkarlana bideratzeko, Kohesio eta Garapenerako Funtsean zein Zuberoako planean aritu gara.

5. Europako eraikuntzan eta nazioartean, oro har, nazio gisa aritzeko, nazioarteko biltzar arrakastatsuak antolatu ditugu, Euskal Herria Nazio Batuetara eraman dugu, diasporan lan emankorra egiten ari gara...

Duela zortzi urte, Euskal Herriak nazio erakunde propioen beharra zuen, Udalbiltzaren beharra zuen. Gaur, Udalbiltzak bere ahalmena erakutsi duen honetan, baldintza zailetan izanik ere, erakunde nazional propioak eraikitzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela deritzogu. 1998ko irailaren 18an Euskal Herri osoko ehunka hautetsik Euskalduna jauregian finkatu zituzten bost printzipioek, zortzi urte geroago, gaur-gaurkoak izaten jarraitzen dutela nabarmendu beharra dago, eta Udalbiltzako kideen haiekiko konpromisoa adierazi.

Duela lau urte Euskal Herriaren aurka hasi zituen erasoen esparruan, Alderdi Popularrak Udalbiltzaren aurka jo zuen. Gaur, PPren bide errepresiboei jarraiki, beste hainbat auziren bidez egin duen moduan, PSOEk bide errepresiboa jarraitu eta Udalbiltzaren auziari berriz ekitea deliberatu du. Espainiako Estatuaren eraso bortitz eta politiko hutsa dugu, Euskal Herriaren aurka. Euskal Herriak bere erakundeak eratzeko eskubidearen aurkako kolpea dugu, gure herriaren alde eta eraikuntzan lanean aritzea delitu bilakatu baitute.

Zenbat eta bortitzagoa izan erasoa, ordea, orduan eta estrategikoagoa da erakunde egitura propioak eraikitzea eta Udalbiltza bera, eta, ildo horretan, erasoen aurkako babesik handiena Udalbiltzaren jarduera eraginkorrago bihurtzea dela uste dugu. Duela lau hilabete, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroa Garaiko udal hautetsiak hautatu genituen. Sei hilabeteren buruan, Nafarroa Behereko, Lapurdiko eta Zuberoako hautetsiak aukeratuko ditugu. Tarte horretan, gure erakunde propioen eraikuntzan lanean aritzeko prest dauden udal hautetsi guztiekin baldintzak landu behar ditugu, 2008. urtean Udalbiltzaren aro berri bat elkarrekin hasteko eta Euskal Herriaren beharrei erantzuteko. Hori guztia egiteko, Udalbiltzak bere burua egokitu eta indartu behar du, eta ahalegin osoa egiteko asmoa dugu. Datozen hilabeteetan horri emango diogu lehentasuna, eta hautetsiekin lan zuzena egin, hausnarketei bide eman eta erakunde propioen aldeko indarrak bilduko ditugu.