NAZIO ERAKUNDEAK ERAIKITZEKO ESKUBIDEA DUGU, BIZI BEDI EUSKAL HERRIA !
1.- AUZIAREN SALAKETA LAN TALDEKO UDAL HAUTETSI ETA HAUTETSI OHIEN MEZUA:
• Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltzako 22 ordezkari eta langileren aurka abiatu asmo duen epaiketa politikoa dela eta, udal hautetsi eta hautetsi ohien salaketa adieraztera gatoz eta, aldi berean, Euskal Herrian nazio-erakundeak eraikitzeko eskubidea aldarrikatzera, bide batez auziperatuoi gure elkartasuna modu praktikoan ere adieraziko diegularik.
• Izan ere, 1999tik honako ibilbide labur, gorabeheratsu baina emankorrean, ehunka izan gara gure udal jarduerarekin batera Euskal Herriko lehen instituzio nazionalaren, Udalbiltzaren, lanarekin bat egin dugunok.
• Udalbiltzaren jaiotza ekarriko zuen lehen bilkura hartan egon ginen gutako asko, Iruñean. 317 herritako 666 udal ordezkari, sentsibilitate politiko ezberdinekoak, baina ideia amankomun bati jarraituz: XXI. Mendean Euskal Herriak bere erronka guztiei erantzuteko herrialde guztietako ordezkari demokratikoak batuko zituen egitura instituzionalak behar zituela. Udalak izanik herritarrengandik gertuen eta Euskal Herriko lurralde guztietan presente dauden instituzioak, udal oinarria hartuko zuen lehenengo erakunde nazionalak.
• Borondate demokratikoen batura eta eskubide zibil eta politikoen bermerako tresna legez jaioko zen, horrela, Udalbiltza. Lurraldeen kohesiorako, Euskal Herriaren biziraupenerako. Ez inoren kalterako, eta bai nazio modura bizi ahal izateko.
• Lan instituzional hori, izaera publiko eta demokratikoa duena, epaitu eta zigortu nahi dute egin, inolako funts juridikorik gabe. Eta udal hautetsi zein hautetsi ohi garen heinean, ezin dugu hori beste barik onartu. Bai, ordea, salatu.
• Elkartasun eta salaketa zeregin hori praktikoa izango dela aurreratu dizuegu. Eta hona hemen lehenengo zeregina: Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordera, Europako Batzordera eta OSCE erakundera bideratuko den hautetsien manifestua sinatuko dugu Euskal Herri osoan udaletan ordezkari garen edo eta izan garen pertsonak. Manifestu hau herriz herri eta eskualdez eskualde zabaldu eta ahalik eta hautetsi eta hautetsi-ohi gehienen atxikimendua batzeko konpromisoarekin gatoz.
• Era berean, gaurko hitzordu hau aprobetxatu nahi dugu Euskal Herria aintzat hartzen duten ideologia eta lurralde guztietako udal hautetsi eta hautetsi ohiei dei egiteko, euren atxikimendua eman dezaten.
• Euskal Herriak, munduko beste edozein herrik duen legez, bere nazio erakundeak eraikitzeko eskubide demokratikoa duelako.
2.- AUZIPETUEN MEZUA.
• Eskerrak eman besterik ezin dugu egin. Mila esker Udalbiltzaren kontrako epaiketa politikoa auzipetuokin bat egin eta lanerako prest agertu zareten hainbat herri eta eskualdetako udal hautetsi eta hautetsi ohiei. Auzi honen lehen jipoia guri, auziperatuoi, zuzenduta badago ere, auziaren azken helburua Euskal Herriak bere nazio-instituzioak eraikitzeko eskubidea jipoitzea da. Horregatik, zuen prestutasuna gurekiko elkartasun besarkada bezala hartzen dugu, baina, batez ere Euskal Herriaren eskubideekiko konpromiso adierazpen gisa. Maila batean zein bestean, indartsu egingo gaitu auzi honi elkar hartuta aurre egiteak.
• Horrekin batera, geure aldetik ere dei egin nahi dizuegu 1999tik honako udal ordezkarioi. Euskal Herria eta bere etorkizuna aintzat harturik egin genuen borondateen batura 1999an. Eta orain ere, Euskal Herriak nazio modura etorkizunik ukan nahi badu, bere erakunde propioak eraikitzeko eskubidea behar du. Batu ditzagun, ba, horretarako borondateak.
• Beraz, bada, dei bat, manifestu honekin bat egin dezazuen. Nazioarteko instantzietan ere jakitun izan daitezen Udalbiltzaren kontrako auziarekin, berriro ere, Espainiako estatuak hankaz gora jar ditzakeela Zuzenbidearen oinarriak.
_______________________________________