1.000 udal hautetsik baino gehiagok adierazi dute euren atxikimendua (2008-10-30)

[ alorrak: Auzia | Udalbiltza ]

Udalbiltzaren aurkako auzian 22 pertsona 10 eta 23 urte bitarteko espetxe zigor eskerei egin behar diote aurre. Horietarik gehienak udal hautesi ohiak dira eta akusazioek (fiskala eta “Dignidad y Justicia” elkartea), jasotzen dituzten jardueretan Euskal Herriko edozein udaletxek bultzatzen dituen egitasmoak baino ez daude, bai kultur, hezkuntza, hizkuntza, kirola, garapen ekonomiko edo antzeko arloetan. Ez dago jarduera bakar bat ere delitutzat jo daitekeenik. Hala ere, zigor eskaerak 10 eta 23 urte bitartekoak dira.

Honetaz gain Euskal Herriak aro modernoan izan duen Instituzio Nazionala, udal hautesiz osotua eta gidatua dagoena, epaitu eta legez kanpo jarri nahi dute Espainiako Auzitegi Nazionalaren bitartez. Euskal gizarteak bere adierazpen instituzionala eraikitzeko duen eskubide demokratikoa zapuztu egin nahi dute.

Egoera honen aurrean aurtengo uda hasieran udal hautetsi eta hautetsi-ohien artean nazioartean salatzeko ekimena hasi zen. Ekimen horren lehen balantzea egitera gatoz prentsa-ohar honen bitartez.

Udalbiltzaren sorrera bera sostengatu zuten indar politiko guztietako ordezkariak (Abertzaleen Batasuna, Euskal Herritarrok, Eusko Alderdi Jeltzalea, Eusko Alkartasuna) eta independenteak daude sinatzaileen artean, baita Eusko Abertzale Ekintza, Aralar, Nafarroa Bai eta Nafarroako Ezker Batua alderdietako udal-hautetsiak ere.

Udalbiltzaren jardueraren zilegitasuna defendatu eta berau terrorismoaren akusaziopean auzipetu izanagatik Espainiako Erresuma salatu dute 1.000 udal hautetsik baino gehiagok agiri baten bidez.

Salaketak honako erakundeetara bideratuko dira:

  • Giza Eskubideen Nazio Batuen Kontseilua.
  • Europako Parlamentuaren Giza Eskubideen Batzordea.
  • Europako Kontseiluko Giza Eskubideen Komisarioa eta Giza Eskubideen eta Arazo Juridikoen Zuzendari Nagusia.
  • Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundeko (ESLA/OSCE) Instituzio Demokratikoentzako eta Giza Eskubideentzako Bulegoa (ODIHR).

Salaketa idatzian, gogoratu nahi dugu, laburki honako puntuak jasotzen dira:

  1. Nazioek beren burua instituzionalki antolatzeko eskubidea Nazio Batuetako eta Europako Erakundeen hainbat erabakietan jasota dago eta Udalbiltza bezalako esperientziak badaude Europan.
  2. Udalbiltzaren zilegitasun demokratikoa sufragio unibertsalez aukeratutako ordezkari insituzionalek ematen diote, beraiek osotzen baitute Udalbiltza.
  3. Estatu Espainola salatzen dute goian aipaturiko eskubideak urratzeagatik eta Udalbiltzaren jarduera terroristatzat hartzeko inongo jarduerarik ez egonik, terrorismo delitua gizarte, kultura eta politikako eremuetara zabaltzen duelako, oinarri demokratikoak hautsiz.

Oraindik orain salaketa orriak jasotzen jarraituko dutela jakin eragin dute Udalbiltza auziko auzipetuek, "ahalik eta sostengu zabalenarekin aipatu erakunde guztietara jo ahal izateko". Beraz, "Udalbiltza instituzioaren zilegitasuna, izaera demokratikoa eta Euskal Herriko lurralde guztientzako dakarren onura publikoa aintzat hartzen duen hautetsi zein hautetsi-ohi guztiei manifestua sinatzeko deia" luzatu diete Udalbiltzako auzipetuek.