Euskal etxeak

Euskal Etxeak
Euskal etxeak Euskal Herritik kanpora bizi diren euskaldunen zentro sozial eta kulturalak dira. Gaur egun 163 euskal etxek jasotzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuaren diru‑laguntza. Euskal etxe horiek Amerikako, Ozeaniako eta Europako 19 herrialdetan banatuta daude. Amerikari dagokionez, Estatu Batuetan, Kanadan, Mexikon, Puerto Ricon, El Salvadorren, Dominikar Errepublikan, Venezuelan, Kolonbian, Paraguain, Perun, Brasilen, Txilen, Argentinan eta Uruguain daude. Europan, espainiar estatuan, frantziar estatuan, Katalunian, Erresuma Batuan, Belgikan, Frantzian, Italian eta Andorran daude eta Ozeaniaren kasuan, Melbourne eta Sydney hiri australiarretan. Argentinak du euskal etxe gehien. Euskadiko Gobernuak 63 erakunde onartuta dauzka Argentinan eta beste 50 inguru daude oraindik onartzeko.

Euskal etxeen jarduerak folklorearekin eta kulturarekin lotuta daude batik bat: euskara eskolak, abesbatzak, dantzak, historiari eta/edo kulturari buruzko hitzaldiak, argitarapenak (digitalak eta paperean), erakusketak, antzezlanak, dokumentalen emanaldiak, kirol jarduerak (pilota, trinketea), mus txapelketak eta euskal sukaldaritzari buruzko ikastaroak.

Erakunde horien funtzionamendua Lakuako Gobernuak arautzen du. Gaur egun, Juan Jose Ibarretxeren gobernuak euskal etxeak "modernizatu" nahi ditu, eta, horregatik, zenbait ikastaro prestatu dituzte euskal etxeetako gazteentzat.