EUSKAL HERRITARREN ESKUBIDEEN URRATZEEN GAINEKO TXOSTENA[ alorrak: jarduna ]
Euskal herritarron eskubideen urratzeen gaineko txostenaren sintesiaren eta atalkako edukiaren berri izan eta ekarpenik egin nahi izanez gero, atal honetan duzu eskura. Ekarpenak bidal ditzakezu helbide elektroniko honetara: ekarpenak@udalbiltza.net Euskal Herriko gatazkaren zioei erreparatu eta, konponbidea bilatzearren, Udalbiltzak eskubideen alorreko lan praktikoa abiatu zuen 2002. urtean hainbat eragile politikorekin, sindikalekin eta sozialekin batera eta milaka herritarrekin. Horretarako, Nazio Batuen Agiria, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, eskubide zibilei eta politikoei zein eskubide sozio-ekonomikoei eta kulturalei buruzko nazioarteko hitzarmenak eta eskubideei buruzko nazioarteko beste itun batzuk bildu, horiek guztiak Euskal Herriko errealitatera egokitu eta EUSKAL HERRIAREN ESKUBIDEEN KARTA kaleratu zuen Udalbiltzak, 2002ko azaroan, norbere eskubideak zein eskubide kolektiboak zerrendatzeko. 2005eko urriaren 8an, Nazio Eztabaida Guneak EH´05 Nazio Eztabaida egin zuen Zarautzen, eta aintzat hartu zituen ebazpenen artean “Nazio eskubideen urratzeak Euskal Herrian” izenburukoa onartu zuen. Harekin bat, “Udalbiltzak Euskal Herriko Eskubideen Karta onetsi zuen 2002. urtean, zazpi lurraldeetako euskal herritar guztien eskubideak zehazteko tresna baliagarri eta eragingarria izan behar duena”, eta, horrenbestez, Udalbiltzarengana jo zuen, Kartaren garapenaz ardura zedin, eta urteroko Nazio Eztabaidan eskubideen urratzeen egoeraren berri eman zezan erabaki zuen, txosten baten bidez. 2005eko azaroan, berriz, Udalbiltzako Batzorde Eragileak Nazio Eztabaida Gunearen eskaera aztertu eta onartu zuen. Udalez eta udal hautetsiz osaturiko erakundeak erronka handitzat hartu zuen ekimena, eta bere lanaren ardatz bilakatuko zela adierazi zuen, beharrezko jo baitzuen herritarren eskubideen alde Euskal Herriaren Eskubideen Kartaren bidez abiatutako konpromisoa gauzatzeko. 2006an eskubide horien aurkako urratzeak biltzen dituen txostena prestatzen murgildu da Udalbiltza. Lanaren sakontasunaren eta zailtasunaren jakitun, eragileekiko elkarlanari ekin dio Udalbiltzak. Horixe egin zuen 2006ko urriaren 28an, Burlatan egin zen EH´06 Nazio Eztabaidan. Harturiko konpromisoari jarraiki, txostenaren lehen aurrerapena aurkeztu zuen, eta txostena osatzen parte hartzeko eskaini zien bertan zeuden eragileei. Euskal herritarren eskubideen urratzeen gaineko txostena eta eskubideak babesteko prozeduraren proposamena osatze aldera, azken fasean sartu gara orain: herritarren ekarpenak biltzeko aldian. Ekarpenak bidaltzeko, idatz ezazu hurrengo helbidera: ekarpenak@udalbiltza.net
|