Udalbiltzaren prentsa agerraldia Euskalduna Jauregian (2005-09-17)

Udalbiltzaren prentsa agerraldia Euskalduna Jauregian, seigarren urteurrena bete dela-eta sortu zenetik (2005-09-17)
Sei urte geroago, Udalbiltza Euskalduna Jauregira itzuli da. Udal hautetsiek prozesua bultzatzeko prestasuna adierazi dute eta, ildo horretan, "memento interesgarria" aprobetxatzeko deia egin dute.

Udalbiltzako lehendakari Loren Arkotxa eta Nazioarteko Harremanetarako Batzordeko buru Miren Odriozola komunikabideen aurrean agertu dira, seigarren urteurrena bete dela-eta Udalbiltza sortu zenetik. Agerraldian azaldu dutenez, nazio erakundearen sorrerako bost printzipioek indarrean jarraitzen dute erabat eta oso une politiko garrantzitsuan gaude.

Euren ustez, Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa sinatu izana, Nazio Garapenerako Biltzarra sortu izana eta Euskal Herria eraikitzeko plan nazionalari buruz eztabaidatu izana Euskal Herriak azken urteotan aurrera egin duen seinale dira.
"Hala ere, Euskal Herriak nazio erakunde egokirik izan gabe jarraitzen du, eta horren adierazgarri da, azken 60 urteotan bezala, Euskal Herriaren ordezkaririk egon ez izana Nazio Batuen Erakundeak aste honetan egin duen batzar nagusian", adierazi du Arkotxak.

Batzorde betearazleko 15 bat kidek lagundu dituzte bi eledunak prentsaurrekoan, eta datorren ikasturte politikoan gauzatu beharreko programa aurkeztu dute bertan. “Udalbiltzak prozesu politikoa bultzatuko du aurten erabat, hala gatazka konpontzeko, nola herri hau eraikitzeko‿, jakinarazi dute.

Bi esparrutan kokatu dituzte lehentasun nagusiak: batetik, nazio erakunde egokirik ezari erantzuten hasten, udal eremua abiapuntu hartuta eta Udalbiltza Euskal Herriko udal hautetsi guztien nazio gune bihurtuta; bestetik, Udalbiltza prozesuko erakunde erreferente nazionala izan dadin lortzen.

Aurrekoaren ildoan, eledunek gatazka konpontzen diharduten eragileekin bitartekaritza iraunkorra abiarazteko borondatea adierazi dute, eta Hitzarmenerako Mahaiari emango diotela lehentasuna. Helburua Udalbiltzak sei urte hauetan gatazkaren ezaugarriei eta arrazoiei buruz egin dituen hausnarketak banatzea da.
Hausnarketa horren zati bat ere ezagutarazi dute eta, harekin bat, eskubideak aitortzea eta Euskal Herriko herritarren artean bazterketarik ez izateko bermea dira gatazkaren gakoa.

Hala ere, hitzetatik ekintzetara pasatzeko borondatea ere nabarmendu dute eta, horretarako, ekimen bat jarriko omen dute abian, "Euskal Herriko eskubideen kartan" ("Eskubideen kartaren bigarren zatia" deitu duten horretan) bildutako eskubideak erabili eta bermatzearren. Ekimen horren helburua eskubideen urratzeak bildu eta salatzea izango da Euskal Herrian eta nazioartean kudeatuko diren txosten objektiboen bitartez.

Bestalde, aldarrikapen praktikoei dagokienez, EHNAren garrantzia nabarmendu dute: "Aurtengo gure erronka euren eskubide zibilak eta politikoak euskal herritar gisa aldarrikatzen dituztenen masa kritikoa handitu, antolatu eta erakustea izango da".