Udalbiltza eta Hitzarmenerako Mahairen arteko aldebikoa (2005-11-15)

Udalbiltza eta Hitzarmenerako Mahairen arteko aldebikoa (2005-11-15)
2003. urtean bultzaturiko ekimenak izaten ari diren eragin positiboak pozez betetzen gaitu. Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa sinatu izanak eta hura zabaltzeko sortutako Hitzarmenerako Mahaia jorratzen ari den harreman dinamikak, batetik, eta Nazio Eztabaidagunea sendotzeak, Nazio Garapenerako Biltzarraren lanak eta Euskal Herria eraikitzeko I. Nazio Plana hitzartu izanak, bestetik, testuinguru itxaropentsua sortu dute gure herrian, gatazka konpontzeari eta nazio eraikuntzari dagokienez hurrenez hurren.

Giro horretan, baldintzak eta beharrak ikusita, Udalbiltzak etapa bat amaitutzat jo eta beste ziklo bat hastea erabaki zuen ikasturte politiko honetan. Gaur egun, duela sei urte ez bezala, nazio erakundeak badu norekin aritu elkarlanean, eta eredu hori jorratuko du. Horretarako, Euskalduna Jauregian onarturiko bost printzipioak landuko ditu, bai gizarte eragileekin hitzarmenak sinatuz eta udalak prozesu horretan murgilduz, hitzarturiko Nazio Plana garatzearren, bai "Eskubideen kartaz" hasitako bidea jarraituz.

Hori guztia kontuan hartu eta Udalbiltzaren sorrerako konpromisoei erreparatuz gero, Udalbiltzak gatazka konpontzearen aldeko eragile aktibo bilakatu nahi du. Udalbiltzak sei urteko ibilbidean gatazkaren jatorriaz eta ezaugarriei buruz egin dituen hausnarketek eta azterketek, Euskal Herriko zein kanpoko eragileekin trukaturiko kontrasteek, eta abarrek oso ondare garrantzitsua osatzen dute; hortaz, udal eta udal hautetsiz osaturiko nazio erakundeak hori guztia ezagutarazi eta gatazkaren konponbidean murgildurik dauden eragileekin banatu behar du.

Harreman horietan, Udalbiltzak Hitzarmenerako Mahaiari eman dio lehentasuna. Behin baino gehiagotan esan duenez, bat egiten du Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren edukiarekin, eta martxoaz geroztik jorratutako bidea txalogarritzat du. Abstrakzioaz harago, 52 eragile sozialek, politikok eta sindikalek teoriatik praktikara pasatu eta gatazka konpontzeko saio nabaria jarri dute abian, Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa sinatuz, eta, gainera, sinatu ez dutenekin harremanetan jarri dira, hitzarmena zabaltzearren.

Asmo hori abiapuntu hartuta, Udal eta Udal Hautetsien Biltzarrak haiekin bildu, hausnarketa banatu eta elkarlana bultzatu nahi du, Konponbiderako Mahaia datorren Aberri Egunerako gauzatu dadin.

Udalbiltzak prestasun osoa du prozesua bultzatzeko: bai urratsak emateko aurreko fase honetan, bai fase erabakigarrian murgiltzeko, baita zazpi lurraldeetan dituen giza baliabide guztiak haren zerbitzura jartzeko ere balizko herri galdeketan.

Une politikoaren irakurketa
Une berezian gaude: nahiz eta ondorio mingarriak pairatzen jarraitzen dugun, gatazka demokratikoki konpontzearen aldeko jarrera nagusitzen ari da euskal gizartean, eta eragileak euren proposamenak jakinarazten ari dira gatazka konpontzeko. Ñabardura handiak izan arren, eragile nagusi gehienak hurbildu egin dira, berbaldian besterik ez bada ere (gatazka politikoa dela aitortzea oro har, herriari galdetu beharra, eragileen mahaia sortu beharra…).

Maila ezberdinean bada ere, gatazka konpondu beharra gaur egungo esparru politikoa kudeatzen duten erakundeen gai zerrendan dago, bai estatuetako erakundeenean, bai erkidegoetakoenean.

Abstrakzioaz harago, urratsak hasi dira sumatzen, eta teoriatik praktikara pasatzeko saio nabaria abian dago jadanik: Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa.
Udalbiltzaren hausnarketak eta ondorioetara iristeko jorratutako bidea
I. Gatazkaren jatorriari eta ezaugarriei buruzko hausnarketaren ondorio orokorra: pairatzen dugun gatazka eskubideak aitortu eta erabiltzeko aukerarik ezan datza. Hiru nazioren arteko gatazka politiko historikoa da eta, alde horretatik, ezinbestekoa da Euskal Herria eskubide politikoen jabe dela aitortzea, beste biak bezala.

Irakurketa horretara iristeko, Udalbiltzak hainbat urrats eman du: "Euskal Herria demokraziaranzko eta bakeranzko bidean" sintesia, "Eskubideen karta" (2002koa) eta Herrien Eskubideen aldeko Nazioarteko Konferentziako ondorioak.

Ondorio orokorra eta arrazoibidea

"Euskal gatazka" izeneko afera izaera politikoa duen gatazka historiko eta nazioartekoa da.

1. Politikoa: gatazka burujabetza ukatzearen ondorio da eta aitortza politikoa (burujabetza aitortzea) da hura konpontzeko gakoa. Euskal Herria eskubide politikoen jabe dela eta euskal herritar oro eskubide horien jabe dela onartzea ezinbestekoa da behin betiko konponbide demokratikoa lortzeko. Izan ere, berdintasun printzipioarekin bat, eskubide guztiak euskal herritar orori bermatu behar zaizkio gatazka gainditzeko, EHko edozein udalerritan bizi dela ere, baita prozesuan parte hartzeko eskubidea ere. Horrexetan datza lurraldetasuna Udalbiltzaren ikuspegitik: euskal herritarren bazterketaren aurkako bermea izatea.

2. Historikoa: gatazka ez zen ETA agertzearekin batera sortu, 1959. urtean, ezta abertzaletasun klasikoa jaiotzearekin batera ere, 1882. urtean; aitzitik, gatazka burujabetza lapurtu izanarekin eta asimilazioaren aurkako erresistentziarekin lotuta dago. Bi prozesu horiek mende luzeetako dinamikak dira. Ez dira aldi berean gertatu Euskal Herriko eskualde guztietan, baina gaur egun arte iraun dute. Euskal Herria estaturik gabeko nazioa da egun, baina hori ez da hizkuntza aurreindoeuropearra duen herri zahar honek izan duen estatus politiko-instituzional bakarra. Izan ere, herri honek bilakaera politiko instituzional aberatsa izan du eta, azken 2.200 urteetako Europako historian bederen, oso aipamen argiak daude. Alde horretatik, nabarmentzekoa da mendeetan aitortza politiko nabaria izan duela nazioartean: ikus daitekeenez, gaur egungo esparru juridiko-politikoa ez da herri honek bilakaera demokratikoaren ondorioz bere buruari ezarri dion estatusa, iparraldeko zein hegoaldeko ondoko estatu-nazioek mendeetan indarrez inposatu diotena baizik.

3. Nazioartekoa: estatu baten barne arazotzat hartzeko interes handia badago ere, ezin da halakorik onartu, hiru eragilek hartzen baitute parte gatazka honetan: horietako bi (Frantziako Errepublika eta Espainiako Erresuma) Europako Batasuneko kide dira, eta hirugarrena estaturik gabeko nazio da gaur egun, aurreko bi estatuek azken mendeetan jorratu duten politikak zerikusi zuzena izan duen arren egoera horretan. Bi estatu-nazio horiek, euren sorrera prozesuan, lurralde zein biztanle aldetik txikiagoa zen hirugarrena menderatu eta zatitu izana da hiruren arteko gatazkaren sorburua. Orduz geroztik, bi estatuek nazio izaera eta eskubide politikoen jabe izatea ukatu diote Euskal Herriari, eta estatu garaikidea osatzeko aukera galarazi. Euskal Herriak, ordea, bete egiten ditu adituek autodeterminaziorako eskubidearen jabe izateko eskatzen dizkioten baldintzak.

Azken batean, gatazka konpontzeko eremu naturala ez da gatazkan parte hartzen duen estatuetako bat, eta aplikatu beharreko legedia ez da estatu baten barneko esparru juridiko-politikoa. Aitzitik, halako gatazka konpontzeko eremu logikoa eta eremu horri dagokion araudia nazioarteko zuzenbidea da. Beste kontu bat da, prozesua garatu ahala, horrek ondoriorik izatea estatuetako legedietan.

Euskal Herrian, 2005eko azaroaren 15ean