Naziotasunerako Eskubidearen aldeko I. Egunaren arrakastari eta hainbat udalerritatik etorritako eskaerari jarraiki, abenduaren 17an eta 18an EHNA izapidetzeko beste jardunaldi bat antolatzea erabaki dugu, eta naziotasunerako eskubidearen eguna urtero antolatzeko aukera aztertzen ari gara. Guztira, EHNA izapidetzeko aukera 306 udalerritara hedatuko da gutxienez eta, oraingoz ditugun datuak 2003ko datuekin alderatuz gero, 76 udalerri gehiagotan izapidetzeko aukera izango da.
1999. urtean sortu zenetik, baita gaur egun ere, Udalbiltzaren lehentasuna Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideak aitortzea da. Horregatik, aurten, Nazioarteko Giza Eskubideen Egunean, euskal herritarrek nazio gisa existitzeko duten eskubidea aldarrikatu du Udalbiltzak.
1948ko abenduaren 10ean, "Giza eskubideen aldarrikapen unibertsala" plazaratu zen, eta Udalbiltzak bertan ageri diren eskubide guztiak Euskal Herriko 685 udalerrietan bizi eta lan egiten duten pertsona orori aitortzea aldarrikatzen du: eskubide guztiak Euskal Herri osoko herritar ororentzat, norberaren jatorria, sexua, bizilekua, erlijioa edo ideologia dena delakoa ere.
Euskal Herria estaturik gabeko nazioa izanik gaur egun, munduan beste edozein nazio bezala agertzeko dugun eskubidea gauzatu nahi izan dugu eta, horretarako, "Giza eskubideen aldarrikapen unibertsaleko" 15. artikulua gauzatu dugu. Munduaren aurrean garen bezala -euskal herritar gisa- agertu nahi izan dugu, eta arrakasta handia izan du ekimenak. Arrakasta horri eta hainbat udalerritatik etorritako eskaerari jarraiki, abenduaren 17an eta 18an EHNA izapidetzeko beste jardunaldi bat antolatzea erabaki dugu, eta naziotasunerako eskubidearen aldeko eguna urtero errepikatzeko aukera aztertzen ari gara. Guztira, EHNA izapidetzeko aukera 306 udalerritara hedatuko da gutxienez.
Euskal Herriko zazpi herrialdeetako eskualde guztietara zabalduko dugu EHNA eta naziotasunerako eskubidea errespetarazteko eskakizun ofiziala izapidetzeko parada eta, hortaz, batzuek errepikatu egingo dute datorren asteburuan, eta beste askok (Bilbok, Gasteizek, Baionak, Getxok, Laudiok, Zarautzek, Agurainek, Amurriok, Andoainek, Atarrabiak, Antsoainek, Zangozak, Irurtzunek, Anoetak, Irunberrik, Kanpezuk, Garesek, eta abarrek) bigarren aste honetan izango dute EHNA izapidetzeko aukera.
Euskal Herriko Naziotasun Aitormena zabaldu egiten ari da, eta euskal gizarteak oso harrera ona egin dio naziotasunerako eskubidea errespetarazteko eskakizun ofizialari. Hartara, dei berezia egin nahi diegu oraindik ere EHNA egin ez duten herritarrei, datozen egunotan euren herriko Udalbiltzaren bulegora hurbildu eta EHNA izapidetu eta nazioartean bideratuko den agiria sinatzeko. Izan ere, naziotasunerako eskubidea dugu, hura aldarrikatzeko aukera dugu eta ezin dugu horrelako aukerarik galdu.
Euskal Herrian, abenduaren 13an
Udalbiltza eta Hitzarmenerako Mahairen arteko aldebikoa (2005-11-15)
Udalbiltzak ontzat jo du euskal curriculumari buruzko jardunaldia (2006-02-03)