Udalbiltzak ontzat jo du euskal curriculumari buruzko jardunaldia (2006-02-03)

Udalbiltzak ontzat jo du euskal curriculumari buruzko jardunaldia (2006-02-03)
Duela hiru urte, Udalbiltzak, Ikastolen Konfederazioak eta Sortzen-Ikasbatuaz sare publikoko elkarteak hitzarmena sinatu zuten euskal curriculuma sortzeko prozesua martxan jartzeko. Orduz geroztik, hainbat urrats eman da, eta hainbat hezkuntza eragilek zein erakundek egin dute bat prozesuarekin. Ikasturte honetan, hain zuzen ere, curriculumaren inguruko eztabaidari ekin zaio: alde batetik, "Nahitaezko eskolaldirako euskal curriculuma" proposamena eskolaz eskola eztabaidatuko da, ikastoletan, eskola publikoan zein ikastetxe pribatu erlijiosoetan; beste alde batetik, eztabaida soziala ere landuko da; izan ere, honako galdera hau dago euskal curriculumaren eztabaidaren oinarrian: zer nolako pertsonak hezi nahi ditugu Euskal Herrian? Zer nolako gizartea sortu nahi dugu? Herri eragileek zein herrigintzan dabiltzan lagunek zeresan handia dute galdera horien inguruan eta, eskolen ekarpenei eta gizartean bildu direnei esker, "Nahitaezko eskolaldirako euskal curriculuma" proposamena berritu eta batzar bidez onetsiko da. Hartara, euskal curriculuma izango dugu, hau da, Euskal Herri osorako erreferente pedagogiko komuna.

Udalbiltzak eztabaida soziala bideratzeko ardura hartu zuen eta, horretarako, hamar arlo bereizi zituen, eta dinamizatzaile bana finkatu arlo bakoitzeko. Hona hemen hamar arlo horiek:

- Norberaren garapenerako hezkuntza (aisialdia, sexualitatea, drogak, osasuna...)
- Ekologia mugimendua: ingurumen hezkuntza
- Emakume mugimendua: baterako hezkuntza
- Etorkinak: kultura arteko hezkuntza
- Euskalgintza
- Historiagintza: historiaren irakaskuntza
- Eskubide sozialak
- Parte hartzea
- Komunikabideak
- Internazionalismoa eta garapenerako hezkuntza

Honako hau izan da, berriz, hamar hilabeteotan arloz arlo egin den lana:
1. Prozesuaren gaineko informazioa bidali diegu 200 eragileri eta pertsonari baino gehiagori.
2. Zuzeneko aurkezpenak egin ditugu 50 bat eragileren aurrean.
3. Eragileek galdeketa bete dute, orain arte hezkuntza arloan egin dutena azaldu eta gaia nola ikusten duten adierazteko.
4. Eragileen hezkuntzari buruzko hausnarketak eta material didaktikoa bildu dugu.
5. Eragile bakoitzari honako galdera hau egin diogu: zure arloaren ikuspegitik, zein dira hamasei urteko gazteek bereganatu beharko lituzketen kontzeptuak, abileziak eta balioak?

Jasotako ekarpen guztiak jendaurrean aurkeztu eta eremukako eztabaidetan sakontze aldera, Udalbiltzak jardunaldi publikoak antolatu zituen urtarrilaren 28an Donostiako Kursaal aretoan.

BERTARATUTAKOAK
280 lagun inguru bildu ginen orotara. Beste 83 lagunek eman zuten izena, baina ez zuten azaltzerik izan, elurra zela eta. Beraz, eguraldiarengatik izan ez balitz, 363 lagun bilduko genituzkeen. Kontuan hartuz 200 bat lagun biltzeko asmoa genuela hasiera batean, deialdiak arrakasta handia izan zuela esan genezake.

Etorri zen jendearen batez besteko profila egin beharko bagenu, honako hau litzateke: emakumezkoa (% 60), gipuzkoarra (% 50) eta irakaslea (% 40). Datu horiek zera adierazten dute gure ustez: lehenak emakumezkoek hezkuntza arloan duten garrantzia eta egiten ari diren lanaren tamaina adierazten du; bigarrena nahiko logikoa da, kontuan hartu beharra baitago jardunaldiak Donostian egin zirela; hirugarren datuari dagokionez, azkenik, gai honek irakasleen artean piztu duen interesaren adierazgarri da.

28 herri eragiletako kide esanguratsuak egon ziren, euren kasa betiere: EHBE, IA, LAB, Sortzen-Ikasbatuaz, Hik Hasi, Urtxintxa, Askagintza, Euskal Herriko Gazte Bilgunea, Segi, Eguzki, AHTren Aurkako Asanblada, EHNE, EHKME, Bilgune Feminista, Colectivo de Colombianos, Azraf (sahararrak), AC! Pays Basque, Fato Daniel Castelo (galiziarrak), EHE, Hizkuntza Eskubideen Behatokia, Topagunea, Nabarralde, Gaiak argitaletxea, Elkartzen, Duina, IPES, Askapena eta GAIN. Nazio Garapenerako Biltzarreko ordezkariak ere bertan izan ziren.

Datu horiek kontuan hartuta, oso pozik gaude bertaratutakoen kopuruarekin, bai kuantitatiboki, baita kualitatiboki ere. Hezkuntzaren inguruko kezka dagoela adierazten dute gure ustez, eta baita euskal curriculuma aplikatzeko nahikoa masa soziala dagoela ere.

EDUKIAK
Arlokako hamar lantegi antolatu ziren aldi berean, eta parte hartzaileen kopurua hamar bat lagunetik 50 lagunetara bitartekoa izan zen. Lantegi orokorrean, berriz, 80 bat lagunek hartu zuten parte. Lantegi bakoitza bi ataletan banatu zen: batetik, arlo bakoitzean interesgarriak diren esperientzia eta ikuspegiak aztertu ziren eta, bestetik, euskal curriculumak arlo horretatik hartu beharko lituzkeen irizpideak zehaztu ziren. Hainbat arlotako 25 hizlari aritu ziren lehenengo atalean, ezagunak batzuk eta ezezagunagoak besteak: Joxe Mari Auzmendi, Abel Ariznabarreta, Gurutze Ezkurdia, Oihana Llorente, Txus Congil, Mariam Bilbatua, Mikel Sorauren, Alizia Stürtze, Joxe Manuel Odriozola, Paul Bilbao, Rosa Andrieu... Nahiko programa sendoa osatu zuten oro har, eta txostenak kalitatekoak izan ziren; lantegi batzuetan, ordea, luzeegiak izan ziren, eta eztabaidarako tarte gutxi geratu zen. Bigarren atalari dagokionez, esan beharra dago eremu bakoitzeko egoeraren araberakoa izan zela eztabaida. Eremu batzuetan gutxi sakondu zen, hezkuntza gutxi landu delako eremu horietan edota berandu ibili garelako herritarren ekarpena biltzeko prozesuan. Beste batzuetan, aldiz, argi eta garbi geratu da zein diren euskal curriculumean txertatu beharreko irizpideak. Edonola ere, motz geratu ginen denbora aldetik, eta eremu batzuek datozen asteetan jarraitzea hitzartu dute.

ONDORIOAK
Ondorio orokorrak
1. Euskal curriculumak izan behar du biharko Euskal Herria sortzeko lanabesa: herritar eleanitzez osaturiko Euskal Herri euskalduna, kultura desberdinetako herritarrez osaturiko herria, eskubide berdintasunean eta justizian oinarritutako gizarte askea.
2. Hezkuntza ez da ikasgela barruan gertatzen den prozesua soilik; aitzitik, hezkuntza arloko belaunaldien arteko loturan oinarritzen da. Izan ere, belaunaldi berriek gure herriaren ondare kulturala jaso eta berrasmatu behar dute. Gainera, hezkuntza bizitza osoko prozesua da. Hortaz, hezkuntzaren eginkizuna ez dagokio eskolari soilik; aitzitik, familiak, komunikabideek eta herri mugimenduak zeresan eta zeregin franko dute hezkuntzari eta euskal curriculumari dagokienez.
3. Herriaren eta eskolaren arteko loturak indartu behar dira. Herri eragileek hezkuntzarekiko ardura berritu behar dute, eta euskal curriculumaren definizioan eta aplikazioan parte hartu.

Ondorio zehatzak
1. Euskal curriculumak norberaren garapenerako hezkuntza bermatu behar du, bereziki, sexualitateari, osasunari eta aisialdiari dagokienez.
2. Euskal curriculumak ingurumen hezkuntza hartu behar du kontuan; era berean, erakundeek euren jarduna aldatu beharko lukete. Izan ere, alferrikakoa da gazteei eta helduei ingurumena errespetatu beharraz hitz egitea, ingurumena hondatzen duten egitasmoak bultzatzen badira aldi berean.
3. Euskal curriculumaren ardatzetako batek baterako hezkuntza izan behar du, euskal curriculumak gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzen lagundu behar du eta.
4. Euskal curriculumak euskaran oinarritu behar du, hezkuntza jarduerak euskaraz izan behar duelako ez ezik, hizkuntzak berak kultur eduki jakin bat duelako ere baizik. Hizkuntza, kultura eta nortasuna elkarrekin loturik dauden osagaiak dira.
5. Historiaren irakaskuntza auzi giltzarrietako bat da. Kontuan hartuta edozein nazioren historia konbentzioa dela eta, askotan, historia mito bihurtzeko joera dagoela, Euskal Herrian eta Euskal Herrirako egindako historia nazionala irakasteko eskubidea eta beharra dugu euskaldunok.
6. Parte hartzea hala gizartean, nola ikastetxeetan gauzatu beharko genuke. Horretarako, ordea, euskal curriculumean kontzeptu jakin batzuk txertatzeaz gain, parte hartzeak ikastetxeen eguneroko lanean oinarritu beharko luke.
7. Europan nagusi den etnozentrismotik ihes egin eta justizian nahiz berdintasunean oinarritutako munduaren ikuspegia jorratu beharko genuke euskaldunok.
8. Hezkuntza ezin da merkatuaren beharren eta arauen arabera antolatu. Aitzitik, hezkuntzak pertsonen eta herriaren garapena lagundu beharko luke ahal duen neurrian, eta desberdintasun sozialak gainditu.
9. Komunikabideek arduraz jokatu beharko lukete; izan ere, gaur egun, hezkuntzak bezainbesteko garrantzia dute pertsonen kultura eta ikuspegia moldatzerakoan. Ildo horretan, komunikabideek euren eginkizunaren gaineko hausnarketa serio eta sakona egin beharko lukete.

AURRERANTZEAN
Herritarren ekarpenari dagokionez
Udalbiltzak garai batean hartutako konpromisoa bete du, alegia, herritarren eta herri eragileen ekarpena biltzea, euskal curriculuma osatze aldera. Ekarpen horiek bi modutan bideratuko ditu datozen hilabeteotan:
1. Herritarren ekarpenak bilduko dituen liburua argitaratuko du Udalbiltzak ikasturtea amaitu baino lehen.
2. Gaurko jardunaldian landutako irizpideen bidez, euskal curriculuma aberasten saiatuko da Udalbiltza, beste eragileekin batera.

Euskal curriculumaren definizioari dagokionez
Une honetan bi maila nahasteko arriskua dago: euskal curriculuma eta EAEko curriculuma. Hori dela-eta, funtsezkoa da bi maila horiek ongi bereiztea:
- Euskal curriculuma Euskal Herri osorako curriculum beregaina da, Euskal Herri osoko ikastetxeei eskaintzen zaiena. Ez da arautzailea, Euskal Herriko hezkuntza ministeriorik ez dugulako, hezkuntza sistema propiorik ez dugulako; hala ere, indar politiko handia du. Aplikazioak ikastetxeetako hezkuntza egitasmoetan, trebakuntzan, material sorkuntzan eta herri ekimenean oinarritu behar du.
- EAEko curriculum berria, aldiz, Erkidegoko hiru herrialdetarako curriculuma da. Curriculum horren % 55 Espainiako Gobernuak finkatzen du, eta beste % 45, berriz, Eusko Jaurlaritzak. Badirudi Eusko Jaurlaritzak % 45a euskal curriculumaren arabera zehaztu nahi duela, eta hori aurrerapausoa da egungo egoeraren aldean baina, edonola ere, EAEko curriculumak erabakitzeko esparru eta prozedura propioa izan behar du.

Euskal Curriculumaren aplikazioari dagokionez
Euskal Curriculumaren garapenerako bidea irekitzen hasi beharra dago. Euskal Curriculuma sortu ostean hasten da benetako erronka, Euskal Curriculuma praktikan aplikatzeko erronka. Irakasleen trebakuntza, baliabide pedagogikoen sorrera, curriculumaren ebaluazioa eta berrikuntza... abian jarri beharreko ildo estrategikoak dira horiek. Udalbiltzak Euskal Curriculuma Euskal Herri osoan garatzeko proposamen zehatza eta egingarria jarriko du mahai gainean.