Udalbiltzak plazaratu ebazpena ETA erakundearen su etenaren karietara (2006-03-24)

Udalbiltzak plazaratu ebazpena ETA erakundearen su etenaren karietara (2006-03-24)
Udalbiltzak une honen garrantzia aintzat hartzen du. Hori dela-eta, ETA erakundeak iragarritako su eten iraunkorraren lehenbiziko egunean, gure irakurketa plazaratzea deliberatu dugu.Udalez eta udal hautetsiz osaturiko nazio erakundearen aburuz, herri honek egin duen lan luze eta eskerga fruituak ematen ari da eta, guztion artean, sortzen ari diren aukerak baliatzen asmatu behar dugu orain. Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarraren ustez, arduraz jokatzeko unea da eta, ETA erakundeak egin duen bezala, beste eragileok ere maila ematen jakin behar dugu abiatzen ari den esparru berrian.

Izaera politiko eta historikoa duen nazioarteko gatazka hau behin betiko gainditu ahal izateko baldintzak sortzen ari dira. Azken urteotan gatazkaren zioak definitu eta konponbide demokratikorako prozedurak zirriborratu izanak eta herritarrei hitza emateko konpromisoak prozesuari bide eman liezaiokete. Heldutasun nahikoa lortu dugu eta, orain, prozesuaren abiapuntuan gauden honetan, berau demokratikoki gainditzeko ibilbidea jorratzea dagokigu.

Ziur asko, bidea ez da erraza izango, bizi dugun gatazkak sustrai sakonak baititu. Izan ere, ez zen aurreko mendean sortu, ETA jaiotzean, ezta XIX. mendean ere, abertzaletasun klasikoarekin batera. Aitzitik, gaur egun Europar Batasuneko kide diren bi estaturen eta estaturik gabeko nazio baten arteko mendeetako gatazka bizi dugu. Hain zuzen ere, herri hau, oro har, eta herri hau osatzen duten herritarrak eskubideen jabe ez izatea da gatazkaren gakoa. Hau da, ez dago ideologien arteko lehiarik, herria eta herritarren eskubideak aitortzearen aldeko aldarrikapena baizik.

Horrexegatik diogu antzeko gatazkak gainditzeko balio izan duten konponbideak Euskal Herrian ere aplikatu behar direla, eta indarrean dagoen esparru juridiko-politikoak ezin duela ezin gaindituzko mugarik izan. Azken batean, ez dago gatazka behin betiko gainditutzat ematerik Euskal Herri osoan euskal herritar orori eskubide guztiak aitortu eta gauzatzeko aukerak bermatzen ez zaizkion bitartean. Orain, baina, sekula baino aukera handiagoa dugu helburu hori eskuratzeko.

Zuhurrak izan eta itxaropentsu egoteko baino gehiago, Euskal Herria abian jarri eta konpromisoak hartzeko unea da. Gu gureak hartzeko eta berresteko prest gaude, Udalbiltzaren sorrerako adierazpen politikoko bost printzipioak, hain zuzen ere. Hortaz, euskal herritarren eskubideen alde hasitako bidea azken muturreraino burutzeko prestasuna adierazi nahi dugu, eta munduko beste nazioek dituzten eskubideak aldarrikatzeko eta prozesua bultzatzeko dei egin nahi diegu euskal herritarrei.

Azkenik, Udalbiltzari berari buruzko hausnarketa ere plazaratu nahiko genuke. Euskal Herriak nazio erakunde egokiak behar dituela esan dugu behin baino gehiagotan eta esandakoa berretsi nahi dugu gaur: Udalbiltzak Euskal Herriko udal hautetsi guztion gunea izan behar du. Alde horretatik, egoki jotzen ditugu Nazio Eztabaidaguneak Udalbiltza berrantolatzeko proposaturiko zutabeak, hots, Euskalduna Jauregian onartutako bost printzipioak, Eskubideen Karta eta herritarrek emaniko botoen araberako ordezkaritza errespetatzea. Berriro ere, ibilbide hori burutzeko prestasuna berretsi nahi dugu eta, beraz, bidea elkarrekin egitera gonbidatu nahi ditugu Euskal Herriko udal hautetsi guztiak.

Euskal Herrian, 2006ko martxoaren 24an