"Euskal Herria datuen talaiatik" liburuaren 2006ko argitalpena aurkeztu dute (2006-4-11)

"Euskal Herria datuen talaiatik" liburuaren 2006ko argitalpena aurkeztu dute (2006-4-11)
Aztiker Ikerguneak egindako eta Udalbiltzak, Gaindegiak eta Nazio Garapenerako Biltzarrak sustatutako "Euskal Herria datuen talaiatik 2006" liburua aurkeztu da Martin Ugalde Kultur Parkean. Ekimen horren xede nagusia Euskal Herriaren osotasunezko argazkia eskaintzea da; muga administratiboek eragindako oztopoak gaindituz, nazio estatistika eguneratuak plazaratzea.

Aurkezpenean, Udalbiltzako lehendakari Loren Arkotxak nabarmendu zuen 1999. urtetik, sortu zenetik, Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarrak "herriak aitortzeko eskubidearen aldeko apustua" egin duela eta, "Euskalduna Jauregian eginiko batzar eratzailean, Euskal Herriaren argazki ahalik eta gardenena osatzea ezinbesteko bitartekotzat" jo zuela nazio erakundeak. Hain zuzen ere, argazki horren barnean kokatu zuen "Euskal Herria datuen talaiatik 2006" liburuaren aurkezpena.

"Euskal Herri osoko errealitate sozial, ekonomiko eta kulturalaren berri izan behar dugu. Datuak, estatistikak, aldagai ekonomikoak, biztanleriaren piramideak eta abar, eta abar behar ditugu, sei lurraldeen gaineko ikuspegia hartuko dutenak kontuan. Gaur, ordea, ez dugu diagnostiko osorik, Euskal Herriari ez zaiolako inoiz utzi bere ispiluan begiratzen", laburbildu zuen Arkotxak.

Alde horretatik, esan zuen "hausnarketa hori testuinguru zabalagoan" koka litekeela, "nazioartean ere jotzen baitira estatistikak beharrezkotzat herrien garapena ahalbidetzeko". Horren adierazgarri, Nazio Batuen Erakundea eta hark emandako adierazpena aipatu zituen, "informazio estatistikoa ekonomiaren, demografiaren, gizartearen eta ingurumenaren garapen iraunkorra lortzeko ezinbesteko oinarria" dela dioena: "Ezaguera zabaltzeko, munduko estatuen eta herrien arteko trukerako eta merkataritza jarduerarako lanabes beharrezkoa ere bada".

"Euskal Herriarentzat bezala, nazio eraikuntzan diharduen estaturik gabeko herri batentzat, sekulako aurrerapausoa da errealitatearen berri izateko bitarteko propioak izatea eskura, demografia, gizarte, ekonomia, hizkuntza, kultura eta ingurumen arloko eta beste hainbat arlotako nondik norakoen berri izan eta etorkizuna horren arabera irudikatzeko bitartekoa baita. Horrez gain, gure herriaren barne aniztasunaren berri izateko eta Euskal Herria Europako testuinguruan eta mundu zabalean kokatzeko ezinbesteko tresna ere bada estatistika", erantsi zuen Arkotxak.

Testuinguru horretan, Euskal Herriaren argazkia mendeetan desitxuratu izanari aurre egiteko asmoz, Udalbiltzak Euskal Herri osoko estatistikak osatzearen aldeko apustu argia egin zuen. "Zazpi urte igaro dira ia erabakia hartu zenetik eta, asko badago ere egiteke, urtez urte eginiko ibilbideak eta sustaturiko egitasmoek corpus garrantzitsua sortu dutela iruditzen zaigu", nabarmendu zuen Udalbiltzako presidenteak. Ildo horretan, urte hauetako ekimenik esanguratsuenetako batzuk gogorarazi zituen:

2001-2002: Gogoeta estatistikak bateratzeko metodologiaz eta Euskal Herriko estatistika zerbitzuaz
2002: "Euskal Herria datuen talaiatik" liburua
2003-2004: Euskararen datu basea 1.0
2004-2005: Datu Talaia webgunea
2005-2006: Nekazaritzako zentsuen bateratzea

"Euskal Herriko esparru soziopolitikoa asko aldatu da 1999. urtetik hona, eta aurreratu ere asko egin dugu nazio eraikuntzan. 2001. urtean Aztiker Ikergunearekin batera abian jarri genuen egitasmoak etenik gabeko segida izan du eta, gaur ere, zorionez, Udalbiltzak badu atal honetan ere norekin aritu: Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behatokiarekin (Gaindegiarekin) eta Nazio Garapenerako Biltzarrarekin. Bi erakunde horiek Udalbiltzarekin hitzarmen estrategiko bana sinatu duten errealitate sendoak dira egun, eta elkarlan horren emaitza da, besteak beste, orain aurkezten ari garen liburua", nabarmendu zuen Arkotxak.

Lehendakariaren buruz, "'Euskal Herria datuen talaiatik 2006'" liburua Udalbiltzak euskal herritarren eskubideen alde hartu duen konpromiso sendoaren adierazpen bikoitza da: batetik, nazio eraikuntzarako tresna da, politikak, lehentasunak eta esku-hartzeak hitzartzen lagunduko duen lanabesa; bestetik, Euskal Herriaren subjektutasun kolektiboa objektibatu eta birsortzeko ekarpena ere bada, Euskal Herriaren isla: hiru milioi herritar, 685 udalerri, zazpi herrialde, nazio bat".