Udalbiltzak harropuzkeriarik gabe baina harrotasunez ikus dezake urte luze hauetako bere ekarpenak lagungarriak izan direla egungo esparru politiko itxaropentsura heltzeko. 2003ko Amaiurko Aberri Egunean, herri gisa gogoeta egiteko bilgunea sortzea proposatu zuen eta, urte hartako uztailean, Nazio Eztabaidagunearen lehenbiziko bilkura bultzatu zuen, Miramongo parke teknologikoan. Urtebete geroago, 2004ko Aberri Egunean, Nazio Eztabaidaguneak nazio eraikuntzarako eta gatazka konpontzeko plazaratu zituen proposamenen lekuko izan zen. 2005eko Aberri Egunean, azkenik, Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa aurkeztu zen; Nazio Garapenerako Biltzarra gauzatua zen, eta Nazio Plana bidean zen.
2006ko Aberri Egun honetan, ETA erakundeak bere ekarpena egin ondoren, oso egoera onean gaude izaera politikoa duen gatazka historiko eta nazioarteko hau konpon lezakeen prozesu demokratikoa gauzatzeko.
Udalbiltzak aintzat hartzen du unearen garrantzia. Zuhurtziarako eta itxaropenerako baino gehiago, Euskal Herria aktibatu eta konpromisoak hartzeko unea dela deritzogu, eta gu gureak berresteko prest gaude: Euskal Herriko udal hautetsi guztien gunea berrantolatzea, Euskalduna Jauregian Udalbiltzaren sorreraren karietara onartutako adierazpen politikoko bost printzipioak errespetatuz hain zuzen ere. Horrenbestez, euskal herritarren eskubideen alde hasitako bidea azken muturreraino burutzeko prestasuna adierazi nahi dugu, eta munduko beste nazioek dituzten eskubideak aldarrikatu eta prozesua bultzatzeko deia egin nahi diegu Euskal Herriko 685 udalerrietako euskal herritarrei.
Guztion artean, sortzen ari diren aukerak baliatzen asmatu behar dugu orain. Arduraz jokatzeko unea da. Heldutasun nahikoa lortu dugu eta, orain, prozesuaren abiapuntuan gauden honetan, berau demokratikoki gainditzeko ibilbidea jorratzea dagokigu, inolako bazterketarik gabe.
Abiapuntu horretatik, Udalbiltzak ordezkaritza bidaliko du OHDaren sinatzaileek Iruñean antolatu duten ekitaldira. Besteak beste, Loren Arkotxa lehendakariak, Antton Izagirre Eskubideen Zaintza Batzordeko arduradunak eta Markel Arizmendi Harremanetako arduradunak osatuko dute ordezkaritza hori.
Euskal Herrian, 2006ko apirilaren 13an
UDALBILTZAKO PRENTSA BULEGOA
"Euskal Herria datuen talaiatik" liburuaren 2006ko argitalpena aurkeztu dute (2006-4-11)
2006ko Aberri Eguna