2006ko Aberri Eguna

2006ko Aberri Eguna: "Euskal Herriaren etorkizuna euskal herritarroi dagokigu; gure Herriaren garaia da" (2006-04-16)
Une berezian ospatzen ari gara 2006ko Aberri eguna. Udalbiltzak aintzat hartzen du unearen garrantzia. Egiteke duguna oraindik asko bada ere (alderdikerien gainetik Euskal Herriaren eguna era bateraturik aldarrikatzea eta ospatzea, esate baterako) herri honek egin duen lan luze eta eskerga fruituak ematen ari dela nabaria da, bai nazio eraikuntzari, bai gatazka konpontzeari dagokionez.

2003an, Udalbiltzaren aurkako eraso baino astebete lehenago, Amaiurren ospatu genuen Aberri egunean, nazio gisa, gogoeta egiteko gunea sortzeko proposamena egin zuen nazio instituzioak. Proposatutakoa 2004ko Aberri egunerako gauzatu zen. Nazio Eztabaida Guneak nazio eraikuntzarako zein gatazka gainditzeko proposamenak kaleratu baitzituen. Urtebete geroago, 2005eko Aberri egunean, bi proposamenek emaitzak eman zituzten: Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa eta Akordiorako Mahaia alde batetik, eta Nazio plana eta Nazio Garapenerako Biltzarra, bestetik.

Egun, aukeraz beteriko une garrantzitsuan gaude, zalantzarik gabe. Guztion artean, sortzen ari diren aukerak baliatzen asmatu behar dugu orain. Arduraz jokatzeko unea da eta, ETA erakundeak egin duen bezala, beste eragileok ere maila ematen jakin behar dugu, abiatzen ari den esparru berrian. Heldutasun nahikoa lortu dugu eta, orain, prozesuaren abiapuntuan gauden honetan, berau demokratikoki gainditzeko ibilbidea jorratzea dagokigu.

Ziur asko, bidea ez da erraza izango, bizi dugun gatazkak sustrai sakonak baititu, baina izaera politiko historiko duen nazioarteko gatazka hau behin betiko gainditu ahal izateko baldintzak sortzen ari dira. Gatazkaren abiapuntua ez dago ETAren jaiotzean. Altxamendu faxistak eragindako 3 mila nafar fusilatuek eta Gernikako bonbardaketak kontrakoa adierazten dute. Ez dute egia esaten gatazkaren hasiera abertzaletasun klasikoaren sorrerarekin XIX. mendean kokatzen dutenek ere. XVIII. mendearen amaieran Frantziak deportaturiko 4 mila lapurtarren gatazkaren isla da; Bernard de Goyhenetche (Matalaz)-en altxamendua eta exekuzioa den bezalaxe, mende bat lehenago. XVI. mendean okupazio militarreko adibiderik argiena izan daiteke baina ez zen lehenbizikoa ezta bakarra ere -Trebiñoko erresistentzia lekuko-.

Vasconia, Iruñeko erresuma, Nafarroako erresuma, Bizkaia, Pais Vasco-Navarro, Euzkadi, Pays Basque edo Basque Country deitu izan gaituzte. Mendeak igaro dira, baina gaur egun Europar Batasuneko kide diren bi estaturen eta estaturik gabeko nazio baten arteko mendeetako gatazka irauten du. Izan ere, egun estaturik gabeko nazioa izate hori ez da hizkuntza aurre indoeuroparra duen herriak bizi izan duen egoera politiko instituzional bakarra ezta euskal herritarrek demokratikoki erabakitako estatusa hau denik. Hain zuzen ere, herri hau, oro har, eta herri hau osatzen duten herritarrak nazio eskubideen jabe ez izatea da gatazkaren gakoa.

Horrexegatik diogu, antzeko gatazkak gainditzeko balio izan duten konponbide ereduak Euskal Herrian ere aplikatu behar direla, eta indarrean dagoen esparru juridiko-politikoak ezin duela ezin gaindituzko mugarik izan. ETAren su etena ez da Espainiako estatuaren barne arazo baten amaieraren hasiera, Euskal Herriak mendeetan zehar pairatu duen gatazkaren konponbiderako oso ekarpen handia baizik. Izaera politikoa duen gatazka historiko eta nazioartekoa gainditzeko aukera paregabekoa.

Alde bateko su etena ez da bakearen sinonimorik. Bakea, gatazkaren konponbidearen ondorioa da eta gatazka behin betiko gainditutzat emateko, Euskal Herri osoan, euskal herritar orok nazioarteko itunetan jasotzen diren eskubide guztiak aitortu eta egikaritzeko aukera izan behar dituzte. Orain, baina, sekula baino aukera handiagoa dugu helburu hori eskuratzeko.

Helmuga horretara heltzeko bazterketarik gabeko eta berme guztiko prozesu demokratikoa abian jarri behar da, euskal herritarrei protagonismo guztia emanda. Espainiako zein Frantziako estatu nahiz euren buruei, aldiz, euskal herritarrok erabakitakoa errespetatzea besterik ez dagokie. Nazioarteko aginteen laguntza ere berebiziko garrantzia du nazioarteko gatazka baten konponbidean, baina horretarako gatazkaren nazioarteko dimentsioaz jabetzea aurreko urratsa da. Prozesuaren baldintza demokratikoak betetzen direla bermatu behar dituzte eta prozesua sustatzeko lan handia egin dezakete era inpartzial batez.

Udalbiltzak 2003. urtean Amaiurko Aberri egunean eta Miramongo parkean abian jarritako ekimenak lagungarri izan dira egungo egoerara iristeko. Ziklo bat amaitu ondoren, beste bat hasteko unea da. Orain abian dagoen egoera berrira egokituz, sortutako eragile berriekin elkarlanean, Udalbiltzak bere burua egokitu behar du eta Euskal Herriko udal hautetsi guztion nazio gunea bilakatu behar da, Euskalduna Jauregian onartutako bost printzipioek ardazten duten filosofia berreskuratuz: Euskal Herriaren nazio aitortza politikoa aldarrikatzea, bere egitura politikoa lurraldetasuna errespetatuz eraikitzea, nazio eraikuntza bultzatzea, udalen arteko elkarlana alorrez alor sustatzea eta, azkenik, Euskal Herria Europako prozesuan eta munduko plazan agerraraztea.

Gaur, 2006ko Aberri Egunean, gatazka konpondu ahal duen prozesuaren baldintzak sortzen ari garen une garrantzitsu honetan, Udalbiltzak bere ekarpena eta konpromisoa plazaratu ditu, eta eskubide guztiak euskal herritar orori Euskal Herri osoan aitor dakizkion aldarrikatu du, "Euskal Herriak", "euskal herritar orok" eta "eskubide guztiek" osatzen baitute behin betiko konponbidearen gakoa.
Lehenbiziko elementua, "Euskal Herria" da eta, mendeetako desitxuratzea gainditze aldera, "Euskal Herria Datuen Talaiatik 2006" liburuaren bidez adierazi dugu, Euskal Herriaren naziotasuna bere osotasunean irudikatzeko. Nazio eraikuntzarako tresna da; politikak, ekintzak eta lehentasunak finkatzeko lanabesa; eta Euskal Herriaren subjektutasun kolektiboa modu objektiboan hartu eta berremateko ekarpena. Euskal Herriaren lekukotasunaren isla da: hiru milioi herritar, 685 udalerri, zazpi herrialde, nazio bat.

Bigarren elementua "euskal herritarrak" dira. Azken batean, ez dago euskal herritarrik gabeko Euskal Herririk. Euskal herritarrak munduaren aurrean agerrarazteko, Udalbiltzak Euskal Herriko Naziotasun Aitormena jarri zuen abian 2001. urtean eta, orain, ekimen hori bultzatzea prozesu politikoan uztartzea eta Giza Eskubideen Nazio Batuetako goi mandatariari naziotasuna errespetatzeko milaka eskakizun ofizial bidali nahi dizkiogu.

Hiru elementuko multzo honetako hirugarrena -"eskubide guztiak"- Euskal Herriaren Eskubideen Kartaren bidez irudikatu dugu. Euskal Herriaren Eskubideen Karta nazioarteko itunetan ageri diren eta Euskal Herriko errealitatera moldatu ditugun eskubideen bilduma da.

Egun, Euskal Herriaren Karta berreskuratu eta gutunaren edukia jendarteratzeaz gain, Nazio Eztabaida gunearen eskakizuna bete nahian, euskal herritarrek pairatzen dituzten eskubide urratzeak bilduko dituen txostena prestatzen ari da Udalbiltza, Nazio Batuetako Giza Eskubideen kontseiluak, Nazio Eztabaida guneak eta gizarteak, oro har, euskal herritarrek pairatzen dituzten eskubide urratzeen berri izan dezaten. Horren beharra nabaria da. Iruñerrian euskaraz aritzen den irrati bakarrari emititzeko baimena ukatzea hizkuntza eskubideen urraketa da. Aberri egunaren ospakizuna debekatzea deitzailearen ideologia argudiatuz, eskubide zibil eta politikoen urraketa da. EHNArekin bere burua identifikatzeagatik atxilotu izana, naziotasun eskubidearen aurkako eraso bortitza da. Hemen, Iruñean, aste honetan soilik, suertatu diren batzuk aipatzearren.

Udalbiltzak aintzat hartzen du unearen garrantzia. Zuhurtzia eta itxaropenerako baino, Euskal Herriaren aktibazio eta konpromisoak hartzeko unea da. Guk, gureak berresteko prestutasuna adierazteko deitu egin dugu amaitzen ari den ekitaldi hau. Udalbiltzaren sorrerarako adierazpen politikoaren 5 printzipioak errespetatuz, Euskal Herriko udal hautetsi guztien gunea berrantolatzea, hain zuzen ere dugu helburu. Honen bestez, euskal herritarren eskubideen alde hasitako bidea azken muturreraino burutzeko prestutasuna adierazi nahi dugu. Munduko beste nazioek dituzten eskubideak aldarrikatzeko eta prozesua bultzatzeko euskal herritar guztiekin bat eginez.

Euskalduna Jauregian esan genuen bezala: “Euskal Herriaren etorkizuna euskal herritarroi dagokigu. Gure Herriaren garaia da”.

Zorionak Euskal Herria!
Iruñean, 2006ko Aberri Eguna