Udalbiltza Euskalduna jauregira itzuli da zazpi urte pasatu ondoren. Izan ere, udalez eta udal hautetsiz osaturiko lehenbiziko nazio erakundea hemen eratu zen 1999ko irailaren 18an. Zazpi urteotan gauza asko gertatu dira gure herrian, eta Udalbiltzak zerikusi handia izan du horietako askorekin.
Gaur, berriro ere, ikasturte politikoaren hasiera honetan, beste une garrantzitsu baten atarian gaude, bai herri gisa, baita nazio erakunde gisa ere. Batetik eta bestetik dagozkigun konpromisoei eusteko prestasuna adieraztearren gaude hemen. 2006-2007 ikasturtea bidegurutzea da gure herriarentzat, eta inflexio puntua izan behar du Udalbiltzarentzat.
Euskal Herria oso une berezian dago. Herri osoaren belaunaldien lan eskergak eman du fruitua eta gatazka konpon lezakeen prozesuaren atarira heldu gara. Orain, aldiz, garai erabakigarrian gauden unean, baldintza guztiak egon arren –gatazka politikoa dagoela aitortzea, indarrean dagoen esparru juridiko politikoa gainditu beharraren irudipena, herritar gehienen babesa, herritarren hitza errespetatzeko konpromiso publikoa, ETAren su-eten iraunkorra…–, impasse batean murgildurik dago prozesua. Zergatik? Bada, konponbiderako eskeman adostea ez zela erraza izango pentsa genezake. Alde horretatik, zaila ematen du prozesua sustatzeko gutxieneko behin-behineko akordioa lortzeak baina, horretaz gain, eragile nagusi batzuen borondatea –hitzetatik harago– konpromiso zehatzen bidez gauzatzerakoan benetako oztopoak agertzen hasi direla antzeman dugu.
Egoera horretan, Udalbiltzak ez du ikusle hutsa izan nahi. Nazio erakundeak prozesu demokratikoaren aldeko eragile aktiboa bilakatu nahi du eta, horretarako, prozesuari begira egin dituen ekarpenak indarrean sartuko ditu hasten ari den ikasturte politiko honetan.
Honako hauek izango dira aurtengo ardatz nagusiak
1. Euskal herritarren eskubideen aldeko ekimena
2. Udalbiltza berrantolatzeko dinamika zabala
Lehenengoak (euskal herritarren eskubideen aldeko ekimenak) gatazkaren izaerarekin eta konponbidearen gakoarekin zerikusia du.
Behin baino gehiagotan esan dugunez, izaera politikoa eta nazioartekoa duen gatazka historiko batean gaude murgilduta. Euskal Herriari nazio gisa dagozkion eskubideak eta berau osatzen duten herritarrei dagozkien eskubideak ukatu izana da gatazkaren iturria, eta Euskal Herriaren aitortza politikoan eta Euskal Herri osoko euskal herritar orori dagozkion eskubide guztien ezagutzan datza konponbidearen gakoa.
Hori dela-eta, nazio erakundea euskal herritarren eskubideen aldeko konpromisoa hartu eta gauzatzen ari da azken hilabete hauetan. Eskubideen Kartaren bitartez eskubideak praktikoki zehaztu ondoren (hau da, nazioarteko itunetan ageri diren eskubideak bildu eta Euskal Herriko egoerara egokitu ondoren), euskal herritarrek eskubide horiek guztiak erabiltzeko pairatzen dituzten ukazio eta urratze praktikoak azaltzen dituen lehen txostena egiten ari da Udalbiltza zenbait eragile sozial, politiko eta sindikalekin eta aditu batzuekin batera. Urriaren amaieran egingo den EH´06 Nazio Eztabaidan aurkeztuko da eta sakon landuko da datozen hilabete eta urteetan.
Bigarrena (Udalbiltza berrantolatzea) Euskal Herriak bere burua instituzionalki antolatzeko duen eskubidean oinarritzen da.
Euskal Herriak nazio erakundeak behar ditu bizirik iraungo duela ziurtatzeko, baina nazio erakunde egokirik gabe hasi du XXI mendea, eta Udalbiltza, ildo horretako lehenengo errealitate garaikidea izan arren, ez dago dagokion eginkizuna betetzeko moduan, zatituta eta erasoa baitago gaur egun. Hori dela-eta, Euskal Herriko udal hautetsi guztien gune bilakatu nahian, lehen urrats eragingarria eman eta Udalbiltza berrantolatu nahi dugu ikasturte honetan, Euskalduna jauregiko bost printzipioak lantzeko asmoz; jakina, 2007an Euskal Herriko zazpi herrialdeetan egingo diren udal hauteskundeetako hautetsi guztiak lagun
izan nahi ditugu egitasmo horretan.
Gaur egun, Udalbiltzaren bi adierazpide daude eta nork bere lana egiten du, bestea kontuan hartu gabe. Urteetako harreman lanari esker, ordea, bi adierazpideak lehen aldiz elkarri hurbiltzen ari zaizkio, harremana iraunkorra izatea saiatzen ari gara eta hausnarketa komunean egitea proposatu dugu.
Helburu berberak izan arren dinamika ezberdinetan ari garenok elkarlanean hastea dugu helburutzat eta Udalbiltza berrantolatu, indarberritu eta berrosatzeko prozesua bultzatu nahi dugu. Beste udal hautetsiak baztertu gabe, nazio erakundea Euskal Herria aintzakotzat hartzen duten udal hautetsi guztiei zabaldu nahi diegu, 2007an zazpi herrialdeetan egingo diren udal hauteskundeak baliatuz.
Badakigu zaila dela hausturaren arrazoietan adostea baina, prozesu politikoa abiatu izanak hurbiltzea ahalbidetzen duen neurri berean, une politikoak nazio erakundea berpiztea behar du. Iraganean eta aipatu zioetan sakondu beharrean, etorkizunera proiektatzen ahalegintzen ari gara, Euskaldunako bost printzipioen gaurkotasuna berretsiz.
Udalbitzaren adierazpide bakoitzak azken urteotan egin duena eta egiten ari dena guztion ondare eta etorkizunerako ekarpentzat hartzen dugu eta elkarlan aukera eta egitasmo zehatzak aztertzearen aldekoak izan behar dugu honezkero.
Alabaina, aurrerapena izan arren, Udalbiltzak ez du berrantolatzerik gaur egungo adierazpideetara mugatzen bagara. Zazpi herrialdeetako 685 udaletako hautetsien parte hartzea, Euskal Herriaren naziotasuna aldarrikatzea, Euskal Herriko egituratze politikoa eraikitzen laguntzea, nazio eraikuntza bultzatzea, lurralde orotako udalerrien artean harremanak sortzen laguntzea eta nazioartean Euskal Herria nazio berezkoa dela aldarrikatu eta nazio gisa jardutea dira benetako erronkak. Jakin badakigu udal hautetsi asko elkarlan horretarako prest daudela. Ez da harritzekoa! Jakin badakigu Euskal Herriko udal hautetsiak aitzindari izan direla instituzionalizazioan (Lizarrako estatutuan, Bergarako alkateen mugimenduan eta oraintxe bertan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egiten ari diren sinadura biltze erraldoian) baina, era berean, ia 7.000 hautetsi daude Euskal Herriko zazpi herrialdeetako 685 udaletan, eta jakin badakigu gehienek ez dutela parte hartzen egungo Udalbiltzaren ereduetan. Hori dela-eta, hautetsien atxikimendu dinamika jarri dugu abian Udalbiltza berrantolatu, indarberritu eta berrosatzearren, Lizarrako batzarraren 75. urteurrenaren harira, eta, udal hautetsi guztiak udako Udal Hitzaren (Udalbiltzaren aldizkari ofizialaren) bitartez gonbidatu ondoren, atxikimenduak hartzen hasi gara.
Horrek guztiak ez du esan nahi ikasturte honetan orain arte eginiko lana ahaztuko dugunik. Udalbiltzak Nazio Eztabaidagunearen Nazio Plana aintzat hartu eta nazio eraikuntzan diharduten eragileekin buruz buru jarraituko du, euskal curriculuma, Euskal Herriko Naziotasun Aitormena, eskolak euskalduntzeko egitasmoa, euskal unibertsitatea, Euskal Herriko datu estatistikoen normalizazioa, Euskal Herriaren garapena orekatzea, Euskal Herriko Gazte Kontseilua, etab. bultzatzen. Bestetik, munduan euskal diasporarekin eta beste herrietako erakundeekin egiten dugun lana bultzatzen jarraituko dugu.
Hala ere, aipatu bi ekimen horiek izango dira erronka nagusiak eta datozen urteetako ardatzak bidegurutzea eta inflexio puntua den ikasturte politiko honetan.
2006ko irailean, Bilboko Euskalduna Jauregian
1931-2006. Udal hautetsiak, Euskal Herriaren aitortzan aitzindari (2006-06-10)
Euskal herritarren eskubideen urratzeen gaineko txostenaren aurrerapena (2006-10-29)