a) Txostenaren iturburua.
Euskal Herriak pairatzen duen gatazkaren zioei erreparatuz eta horien konponbidea bilatzearren, 2002. urtearen hasieran hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialekin elkarlanean eta milaka herritarren ekarpenarekin eskubideen alorrean ariketa praktikoa abiatu zuen Udalbiltzak.
Horretarako, Nazio Batuen Agiria, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, Eskubide zibil eta politiko nahiz eskubide sozio-ekonomiko eta kulturalei buruzko Nazioarteko hitzarmenak bezalako nazioarteko eskubide-itunak jasoz, eta Euskal Herriko errealitatera atxikiz, gizabanako nahiz eskubide kolektiboen zerrenda jasotzen duen EUSKAL HERRIAREN ESKUBIDEEN KARTA plazaratu zuen Udalbiltzak 2002ko azaroan.
2005eko urriaren 8an Zarautzen Nazio Eztabaida Guneak burutu zuen EH´05 Nazio Eztabaidan aintzat hartu zituen ebazpenen artean “Nazio eskubideen urraketak Euskal Herrian ” izenburua zuena onartu zuen. Ebazpen horretan “2002. urtean Udalbiltzak onetsi zuen Euskal Herriko Eskubideen Karta, 7 lurraldetako euskal herritar guztien eskubideen zehaztapenari begira tresna baliagarria eta eraginkorra izan behar duela ” baieztatu ondoren, Udalbiltzarengana zuzentzea, kartaren garapenaz arduratu zedin eta urteroko Nazio Eztabaidari begira informe baten bidez eskubideen urraketen egoeraren berri eman diezaion erabaki zuen.
2005eko azaroaren 5ean Udalbiltzaren Batzorde Eragileak burutu zuen bilkuran Nazio Eztabaida Gunearen eskaera aztertu eta onartu zuen. Udal eta udal hautetsiz osaturiko erakundeak erronka handitzat jo zuen ekimena eta bere lanaren ardatza bilakatuko zela adierazi zuen, Euskal Herriaren Eskubideen Kartaren bidez herritarren eskubideen alde abiatutako konpromisoa garatzeko urrats beharrezkoa zela ikusirik. Hori bideratzeko, Tolosako hautetsia den Antton Izagirre buru zuen lan batzorde bat osatzea deliberatu zuen.
b) Giza eskubideak eta eskubideen urraketaz: funtsezko argipenak
Informe honetan eskubideen urraketak finkatu nahi izanak, bi aurrekari argi eskatzen digu. Batetik, eskubideen definizio argia eta bestetik jendartean agertu ohi diren biolentzia edo gertakari guztien artean eskubideen urraketatzat har daitezkeenak bereiztea. Izan ere, hamaika alditan erabilita, hitz askorekin gertatu ohi den bezala, giza eskubideaz ari garela saku berean sar ditzakegu oso izaera desberdineko egoera edo gertaerak.
Prestatzen ari garen informean, giza eskubide guztiak, bere osotasunean hartu ditugu kontutan, mailaketa eta bereizketa interesatu oro baztertuaz. Jende ororen bizi duin eta askea garatzeko ezinbestekoak dituen aukera, ahalmena eta askatasuna dira giza eskubideak. Horietan laburbiltzen ditugu bizi duin eta askearen aukera. Jendearen izate, garapen eta jarduera askean eragiten duten ukazio eta eragozpen egiturazkoak dira, beraz, eskubideen urraketak. Norbanako eta kolektibo baten kide gisa eragiten duten kasu guztietan. Bereizketa faltsurik gabe.
Eskubideen izatea bera, horien aitortza, historian garaturiko ahalegin eskergaren ondorioa izan da, herritarrak botere egituren aurrean babestearen aldeko saio etengabean. Giza Eskubideei buruzko aldarri guztiek helburu hori berori izan dute. Euskal Herriaren Eskubideen Karta ere bide berean kokatu behar da, ezarritako ukazio eta zatiketaren gainetik euskal herritar gisa, euskal jendartean bildutako herritar ororen aitortza eta errespetatu erdiesteko bidean.
Botere publikoen zilegitasunaren oinarri zuzen bakarrá herritar guztien eskubide guztien berme izatearena da, inolako bazterkeriarik gabe. Horrexegatik dira botere publikoak eskubide urraketen erantzule, erasoa nonahitik datorrelarik. Erantzukizun hori gatazka iraunkorrik eragiten duten egoera estrukturalen kasuetan ere estatuei dagokie, bere boterearen ezarpenak eskubideen ukazioak eragin eta herritarren adierazte emokratikoa eragozten duen neurrian. Horren ondorioz, hainbatetan, gutxiengo etniko, kultural edo linguistikoek, estelako defentsa biderik ezean, matxino izateari ekin behar izaten diote, 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapenak ere sar hitzan dionari atxikiaz, honako hau dionean: giza eskubideak legalki osaturik eta zilegi den ezarritako eskubide erregimen baten bidez izango dira babestuak, jendeak azkeneko aukera den matxinatzeari ekin behar ez diezaion”
Kolonbiako Herri defendatzaileak adierazi bezala, beraz, Estatuaren, botere politikoaren eragile zuzen edo ez zuzen batek, ekintzaz edo ezikusiarenaz burutu eta edonorengan giza eskubideen nazioarteko zuzenbidean jasotako eskubiderik ukatzen duen jokabide oro da giza eskubideen urraketa.
Izan ere, nazioartean garatu ohi diren antzeko zereginetan, zorroztasunez jokatzea ezinbestekoa da. Zentzu horretan, soilik estatuei dagokie giza eskubideen urraketaren kualifikazioa, beraiek zuzenean edota bere menpeko bitartekari baten bidez, bere lurraldeko biztanle ororen eskubideak bermatzeko duen betebeharrari bizkar ematen dionean.
Giza Eskubide kontzeptua bestelako jendarte harremanei aplikatuz gero, talde matxinoen jarduerei edota delinkuentziari berari esaterako, kontzeptua baliogabetzeko arriskua dago, giza eskubideen nazioarteko markoaren beraren balio praktikoa kolokan jartzeraino.
Edonoren bizia, osotasuna, duintasuna edota askatasunaren aurkako edozein eraso arau etiko funtsezkoen aurkako ekintza da. Baina estatuak, botere publikoak dira giza eskubideen urraketak eragin dezaketen bakarrak.
Bada, ordea, hainbat herritarren eskubideak kaltetzen dituen bestelako biolentzia adierazpiderik. Beraien artean, biolentzia politikoa litzateke gure artean esanguratsuena. Izan ere, bizi dugun gatazka politikoaren ondorioz, biolentzia politikoaren eragina nozitu du euskal jendarteak.
Egungo Euskal Herria ez da bere biztanleek libreki erabakitakoaren emaitza, erabakitzeko ahalmenaren ukazio larri eta ezarketa ugari eta bortitz askoren ondorioa baizik. Barne zatiketa bera ere herri borondatearen urraketa larria besterik ez da, bi estatuetako botereek eragindako indarraren erabilera eta mehatxuaren ondorioa.
Egun Euskal Herriak bizi duen gatazka aurrekari argiak ditu: Orreaga eta Amaiur, Gernika, okupazio frantses eta espainiar desberdinak; guda bitartez buruturiko lege arrotzen inposaketak (1789-ko frantsesa edo 1839, 1841, 1876-ko espainiarrak); eta egungo konstituzio inposatuak suposatzen duten traba eta muga. Guda, inposaketa eta sufrimendu ugari herri honen ukazioa etengabe mantentzeko.
Sabino Ormazabal eta Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundearen datuen arabera, 1968tik 2003 urte-arte indarkeriak sortutako sufrimenduaren kopuruak ondorengoak dira:
1.150 hildako
Ia 6.000 zauritu
5.300 tortura- salaketa
30.000tik gora atxilotu –hauetako 10.000 manifestazioetan
ETAk bahitutakoak 53 lagun
ETAko hiru militantek desagertuta jarraitzen dute
3.000 errefuxiatu
40.000 lagun mehatxatuta
700 preso baino gehiago.
Beraz, biolentzia politiko bezala hurrengoa ulertu dezakegu: borroka politikosozialaren bitartez egiten dena, jendarte edota Estatu baten eredua mantendu, aldatu, ordezkatu edo suntsitzea helburu duena. Baita ere, antolatu egon ala ez, jendarte baten barnean kidetasun soziala, politikoa, gremiokoa, etnikoa, arrazazkoa, erlijiozkoa, kulturala edo ideologikoa dela medio, identitate propioa duen herri edo gizatalde bat ordezkatu edo suntsitu nahi duena.
Biolentzia hau hurrengo eragileak ezarri dezakete:
1. Estatuaren eragileak, edo Estatuaren agintarien babesa, tolerantzia eta baimenarekin jarduten diren gizabanakoak. Kasu honetan “Giza Eskubideen Urraketa” deitzen zaio
2. Indarrean dagoen orden soziala edo Estatuaren kontra aritzen diren talde matxinatuak. Biolentzia hori Ginebrako Konbenioak2 ezartzen dituen gerraren arauak eta ohiturekin bat etortzen bada, “Ekintza Belikoa” izango da. Bestela, gatazka armatuak erregulatzen dituen arauetatik aldentzen bada, “Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa” ren urraketa bezala tipifikatu egiten da.
Gatazka honi guda edo konfrontazio armatuaren izaeraren aitortza emanez gero, errealitate honi eta bere ondorioei buruzko azterketan erabili beharreko erreferentzia nazioarteko legerian jasotako Nazioarteko Gizatasun Zuzenbidea litzateke, bereziki Genevan sinaturiko lau hitzarmenak. Bertan Jende Zuzenbidetzat nonahi onarturiko derrigorrezko betebeharrak biltzen dira, edozein guda edo gatazkatan edozein talde armatuk errespetatu beharreko arauak.
Baina horren aplikapena gurean egokia den ala ez gatazkaren beraren muinari eragiten duen kontua irekitzea litzateke: zeintzuk dira gatazkaren zioak eta zeintzuk bere adierazpide bortitz desberdinen arrazoiak, azalpenak, zilegitasunak. Gurea bezalako kasuetan, non estatuaren zilegitasuna bera da kolokan jarritakoa, gai honen inguruko eztabaidak gatazkaren muinari zuzenean loturik dago.
Udalbiltzak ez du gatazkaren inguruko ikuspegi desberdinen zilegitasunez, gatazkaren iturburuez edota ondorioez eztabaidarik ireki nahi hemen. Ez dugu iritzirik osatu nahi. Gatazkaren konponbidea eta gatazkaren gainditze bideak bultzatu nahi ditugu, elkarrizketa eta negoziazioaren bidez eraiki behar dugun egoera berria
erdiesteko, euskal herritar guztien eskubide guztiak bermatuak izango diren egoera berri horretara ailegatzeko gainditu beharreko egoerak eta urraketak jasoaz.
Jakin baitakigu soilik eskubide guztiak bermatuko dituen oinarrian eraiki ahal izango dugula bakea, inoren bazterkeria oro ekidinez eta jende ororen duintasun eta garapen askearen aukera bultzatuaz.
Eskubide guztiak, ezin baitira bereizi batzuk eta besteak. Eskubideak guztientzat, berdintasunean, inolako bazterkeriarik gabe. Horretan datza giza eskubideen aldarrikapen orok izan duen indar iturria: jende ororen duintasun eta askatasunarekiko engaiamendu zintzoa. Giza eskubideen definizio edo legerien gainetik konpromiso etiko sakona ere adierazi nahi duena.
Ikuspegi etiko eta zuzentasun zentzu honetan bat egiten dute herritarrek giza eskubideen aldeko apustuan. Sufrikarioa sortu eta duintasuna erasotzen duen jokabide oro baztertu eta gainditu nahi duen asmoarekin bat egiten du herri osoak. Ez da garaia atzera begiratu eta bizitakoaz eztabaida konponezinetan murgiltzeko. Euskal Herriko herritar guztien eskubide guztien aldeko gure apustua zintzoa eta erabatekoa da. Horrekin bat eginez, informean gatazkak eragindako sufrikario guztiaren aitortza eta aipamena ere bildu dugu, era laburrean ezinbestean. Hainbat eta hainbat herritarrek zuzenean, norberaren haragian pairatu behar izan dute
oinarrizko giza eskubideen bermatu eta norberaren garatzeko aukera eza, horren ondorio samingarriak.
Eskubideen urraketari buruzko informea, beraz, Euskal Herrian nozitu behar izan dugun gatazka politikoaren gainditze ahaleginean kokatzen dugu, euskal herritar guztien eskubide guztiak bermatzearen aldeko apustuarekin bat egiten duen ekarpena izan nahi duela.
c) Arazoak, eta hauek gainditu ahal izateko harturiko erabakiak
Txostena osatzeko lana benetan eskerga suertatzen ari da. Dena den, zailtasun
guztien artean, 3 izan dira arazorik handienak:
1.- Euskal Herri mailako datuen gabezia: Informeak azaldu bezala, errealitate hau bere baitan eskubide urraketa ere bada, Herri oroko bere errealitatea ezagutu eta bere garapenerako erabakiak hartu ahal izateko aukeraren ukazio egiturazkoa baitago horren azpian. Batetik, zatiketa administratibo instituzionala dela eta oinarrizko datu gehienak eremuka, adierazle eta maiztasun ezberdinekin eta era ez osagarrian bilduta daude. Bestetik, iruzurrik ere topatu dugu. Alegia, euskal edo Euskal Herriko datu bezala argitaratu izan den datu asko Euskal Herriko zati baten datuak baino ez dira.
2.- Euskal Herri mailako eskubideen behatoki ia erabateko existentzi eza. Gure errealitatea aztertzeko zeregina eragile askoren arteko zeregin konpartitua da.
Baina eskubideen araberako metodologiaz eta erreferentziaz hornitu gabeko jarduera da kasu gehienetan burututakoa. Hizkuntza Eskubideen Behatokia eta Giza Eskubideen Behatokia badira gaur egun zorioneko salbuespenak.
3.- Urraketa estrukturalen ikus ezintasuna. Euskal Herriko nazioaren gaur eguneko izaera politiko instituzionalak egiturazko urraketak dakartza. Esate baterako: nazioaren ukazioak eta zatiketa inposatuak egituratze instituzionala ezinezkoa bilakatzen du. Alegia, estaturik gabeko nazioa izateak bere horretan egiturazko urraketak eragiten ditu eta gainera, askotan, urraketa horiek ikus ezinak dira.
Hiru arazo hauek ondorio zuzenak izan dituzte txostenaren elaborazioan, Udalbiltzak egun dituen bitartekoen mugak agerian jarriaz.
Uste baino zailtasun handiagoak aurkitu ditugu beraz. Eragile sozial, sindikal, politiko, instituzionalei elkarkidetza eskatu behar izan diegu eta askoren laguntza izan badugu ere, gehienetan jasotako informazioaren erabilgarritasuna oso mugatua izan da eta datuen elaborazio propioaren beharra, zeregina, handia.
Horren guztiaren ondorioz, aurre ikusitako epeen luzatzeak ezinezkoa bilakatu du, guk nahi bezala, informea buruturik aurkeztea.
Hau guztia kontutan hartuta, zuen aurrean berretsi nahi dugun konpromisoaren erakusle diren honako erabakiak hartu genituen,:
1. Zailtasun guztien gainetik, Udalbiltzak aurrera jarraituko zuela txostenaren
elaborazioarekin.
2. EH´06 Nazio Eztabaidan txostenaren aurrerapena besterik ez bazen ere,
hori bederen aurkeztea.
3. Behin betiko Informea egiten jarraitzea beharrezkoa izaten ari den denbora
eta baliabideak inbertituz.
4. Oraingo aurrerapenak izan ditzakeen desoreka eta hutsuneak
konpontzearren, eta behin betiko txostena borobiltzeko, herri eragileei eta
adituei elkarlana eskatzea.
d) Euskal herritarren eskubideen urraketen gaineko txostenaren aurrerapena.
Txostena bere osotasunean guztiz amaiturik ez badago ere, hainbat ondorio atera dezakegu dagoeneneko. Euskal herritarren eskubideen urraketak eman, ematen dira iraunkorki eta plano ezberdinetan, indarrean dagoen marko juridiko politikoak ez baititu bermatzen euskal herritarren eskubide guztiak (nazioarteko itunetan jasotzen direnak). Eskubideen urraketa batzuek Euskal Herriaren gatazka egoerarekin zer ikusi zuzena dute eta gatazkaren iturburua bilakatzen dira. Horien artean norbanakoen giza eskubide eta oinarrizko askatasunak, nazio eskubideak, hizkuntza eskubideak… Beste eskubideen urraketa batzuk, oso larriak izan arren, emakumeen eskubideen aurkakoak esate baterako, oro har mundu osoan ematen dira eta hemen ez dituzte adierazle berezirik.
Behin behineko ondorio orokorrak:
1. Espainiako eta Frantziako Estatuetan indarrean dauden oinarrizko legediek, bi estatuen konstituzioak eta berauen garapen diren lege eta arauek, Euskal Herria ukatu egiten dute nazio eta subjektu politiko gisa. Ukatze honek eskubideen egiturazko urraketa dakar. Herri eskubideei dagokienez, horien baitan herri gisa jarduteko eskubidea, beste herriekiko berdintasunezko harremanak garatzekoa eta beste hainbat eskubide urratzen dizkigutelarik.
Nazio izaeratik eratortzen diren eskubideei dagokienez ere, urraketa sistematikoa da, haien artean naziotasunerako eskubidea eta gure hizkuntza ezagutu eta erabiltzeko eskubideena azpimarra daitezkeela.
2. Aipatu egiturazko egoera horren ondorioz, Euskal Herri osoan pertsona ororentzat eskubide guztiak bermatuak ahal izateko bere baliabide juridikopolitikoak antolatzeko gaitasuna eta aukera ukatzen zaizkio Euskal Herriari eta euskal herritarrei.
3. Horrela, Euskal Herrian aplikatzen diren baliabide juridiko politikoak bi Estatu hauek definitzen dituzte, ezberdinak izanez lurralde bakoitzean ezartzen diren ordenamendu juridiko eta politikoak. Honek, bi ondorio ditu: alde batetik, pertsona guztiek ez dauzkate eskubide berdinak Euskal Herri osoan. Beste alde batetik, Euskal Herriaren nazio izatetik herritarrei eratortzen zaizkien eskubide guztiak urratuak izaten dira.
4. Estatuek ezarritako marko juridiko politikoetan dute sorburua lege eta arau ezberdinek. Baita estatuen botereek duten esku hartze aukera ere.
Batzuetan, lege horiek eskubideen elementu urratzaileak izango dira bere horretan. Beste batzuetan, berriz, eskubideak aitortuak izanik ere, lege eta arauak ez dira bere osotasunean praktikan jartzen eta beraz, urraketa hemen ere ematen da. Areago, behin baino gehiagotan, estatuen indarraren arrazoi bakarrean oinarrituta, herritarren eskubideak bermatzea helburu duten arau, ekimen edo politika zehatzak indargabeturik izaten dira, edota justizia administrazioa deritzan estatu tresnaren bidez zigortuak.
5. Aurrekoan esan bezala, honen guztiaren ondorioz, badugu bestelako ukaziorik, herri orok bere geroa libreki erabakitzeko ahalmenaren urradurarik dakarrena: Euskal Herrian gure herriaren osotasunez azterketarik egitea
ezinezkoa zaigu. Izan ere, Euskal Herriko errealitatearen inguruko informazioa biltzeko baliabideak sakabanaturik daude bi Estatu horien administrazioen pean. Sarritan datuak homogeneizatzeko aukerarik ez dago eta askotan datuak beraiek ez dira existitzen ere. Hori dela eta, bizi diren errealitatea ezagutzeko eskubidea ere ukatzen zaie euskal herritarrei.
6. Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsalak eta Eskubide Zibil eta Politikoen Hitzarmenak hurrenez hurren euren hitzaurreetan diotena jarraituz, alegia: “Kideak diren Estatuek, NBErekin kooperazioan, pertsonaren oinarrizko askatasun eta eskubideen errespetu unibertsala eta eraginkorra bermatzeko konpromisoa hartu dutela kontutan hartuz…”
“Nazio Batuen Gutunak Estatuei giza eskubide eta askatasunekiko errespetu unibertsala eta eraginkorra suspertzeko betebeharra ezartzen diela kontutan hartuz..”
Eskubideen zaintza eta urraketari dagokionez estatuek ardura nagusia izaten duten neurrian, Frantziako zein Espainiako Estatuek nazioartean aitortuta dauden giza eskubideak sistematikoki urratzen dituztela baieztatu dezakegu.
7. Urraketa orokor hauek hiru zentzutan ematen dira:
a) eskubidea beraren aitortza eta izaeraren ukapenaren bitartez, autodeterminazioarena kasu, edota oinarrizko eskubideak urratzen dituzten legeen bitartez, Nafarroako Foru Erkidegoaren “vascuenceren” legea, inkomunikazio erregimena, partiduen legea…
b) Lege urraketen bidez. Eskubidea aitortua izanda ere, hau betetzeko legeak Euskal Herri osoan aplikaziorik ez du edota ez da betetzen, EAEko euskararen legeak, berdintasun legea…
c) Diskriminazioa aplikatuaz edota baimenduaz, hainbat herritar edo jendarte multzori beren eskubideen bermearen bila ahalegin gehigarria edota legediarekiko talka eta zigorra inposatuaz.
8. Egiturazko eskubide urraketa ugari eta larriak ematen dira Euskal Herrian. Nazioarteko itunetan zehazten diren eremu guztietako eskubide guztiak ez daude bermaturik pertsona ororentzat Euskal Herriaren luze zabalean.
Eskubideen urraketaren hierarkizaziorik egin nahi izan gabe ere, aurrerapen honetan, azterturiko eskubideen urraketen artean, honako hauek azpimarratu nahi genituzke:
Nazio eskubideak: Autodeterminazioa, lurraldetasuna eta naziotasuna.
i. Eskubide hauen urraketa Frantziako estatua zein Espainiako estatuaren ordenamendu juridiko nagusien bitartez ematen da. Honen ondorioz, Euskal Herria, herri bezala aitortu, erabaki eta bere baliabide propioak antolatzeko eskubidea urratzen da.
Eskubide zibil eta politikoak:
i. Eremu honetan ematen diren eskubideen urraketak Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoarekin lotuta daude.
ii. Adierazpen askatasuna, manifestazio eta elkartze eskubideak, ordezkari politikoak aukeratzeko eskubidea, bizitza publikoan parte hartzeko eskubidea… Guztiak urratuak izan dira 18/98 deitutako sumarioan eta partiduen legearen bitartez
iii. Torturatua ez izateko eskubidea4, ordaintza jasotzeko eskubidea, defentsa eskubidea,… Guztiak urratuak izan dira inkomunikazioa ezartzen duten legeen bitartez
iv. Justiziaren aurrean berdintasun eskubidea, epaiketan defentsa eskubidea eta bestelako bermeak izateko eskubidea… Guztiak urratuak izan dira Entzutegi Nazionalaren existentziaren bitartez eta lege berezien bitartez
Hizkuntz eskubideak:
i. Euskarak ez du ofizialtasunik Euskal Herrian. Horrela, hizkuntz berari inposatzen zaizkion estatus juridiko ezberdinek hizkuntz eskubideak bermatuak ez izatea ahalbideratzen dute.
ii. Abiapuntu honetatik, hizkuntz eskubideak Euskal Herri osoan eta lurralde guztietan urratzen dira urtez urte, beraz, euskal hiztunek eta euskal herritar guztiek ez dute berdintasunez beraien hizkuntza eskubideen bermerik
iii. Euskal hiztunen komunitatea bizi den lurraldeetan definituta dauden baliabide legalek ez dute hizkuntz eskubideen errespetua bermatzen. Batzuetan legea ez delako betetzen, beste batzuetan legea bera delako hizkuntz eskubideen ukatzailea.
iv. Honek guztiak euskararen biziraupena eta garapena oztopatzen du. Lurralde batzuetan, batez ere, bere izaera legala definiturik ez dagoen lekuetan, desagerpen arrisku larrian aurkitzen da eta jendarte arlo eta funtzio guztietan normalizaturik izateko gutxieneko aukera berdintasunetik oso urruti dago euskal hiztunen komunitatea, beronek pairatzen duen diskriminazioa egunerokoa eta egiturazkoa delarik.
Hezkuntza eskubideak
i. Euskal Herriak ez du hezkuntza sistema propio eta nazionala definitzeko eta antolatzeko eskubiderik, eta beraz, euskal hezkuntza jasotzeko eskubidea ukatzen zaie euskal herritarrei.
ii. Eskolak ez du euskalduntzen. Hizkuntz ereduen politikak sakabanaketa eragiten du eta berdintasun eskubidea, zein euskal kultura eta hizkuntza garatu eta transmititzeko eskubideak urratzen ditu. Lurralde batzuetan euskaraz ikasteko eskubidea bera ere ukatzen da. Honen ondorioz, hurrengo 18 urteetan, euskaldundu gabeko 14.908 euskal ikaslek amaituko dituzte beren ikasketak urtero. Azpimarratzekoa da Lanbide Heziketan ematen den egoera larria
iii. Gure kultura eta historia ezagutzeko eskubidea urratzen da, curriculum propioa definitzeko eskubidea ez baita aitortua. Horrela, bi estatuen menpe gelditzen da Euskal Herrian erabiltzen diren curriculumen definizioa
Emakumeon eskubideak
i. Formaltasunez emakumeen eskubideak aitortuak badaude ere, praktikan eskubide hauek ez dira bermatzen. Eremu guztietan argia eta egiturazkoa da emakumeekiko diskriminazioa.
ii. Pobreziaren mugaren azpian bizi diren gehienak emakumezkoak dira. Honen arrazoi nagusiak hurrengoak dira: ugalketa zereginak ez du ordainsaririk, ezta beste pertsonen zainketa lanek ere. Lan produktiboan gainera, emakumeak enplegu prekarioetan aritzen dira nagusiki eta soldatetan diskriminazioa ere argia da egun. Honetaz gain, emakume pentsiodunak pobrezia larrian bizitzeko arrisku larrian daude.
iii. Hezkuntzan ere diskriminazioa ematen da, bai hezkidetza praktikan jartzen ez delako, baita ere, emakumea ugalketa arloarekin lotzen diren ikasketetan nagusiki kokatzen direlako, bai emakumeak curriculumetan ikus ezinak direlako. Honetaz gain, goi mailako ikasketetan kopuruz emakume gehiago badaude ere, Unibertsitateko irakasleak gizonezkoak dira nagusiki, lehenengo hezkuntzan emakumeak gehiago izanez.
iv. Eremu politikoan, partiduen zerrendaburu gehienak gizonezkoak dira.
v. Biolentzia sexistak bere horretan dirau. Botere publikoen diskurtsoa aldatu badira ere, nabarmena da oraindik bortizkeria larri honen jatorrian dauden pobrezia, menpekotasun eta zigorgabetasun maila
nabarmenak, emakumeen askatasuna bermatzeko ezintasun onartezina erakusten ari direlarik.
vi. Kultura eremuan azpimarratzekoa da botere politikoaren aldetik dagoen permisibitatea, publizitate sexistan, eremu publikoan emakumeen kontrako bazterkeria eta biolentziarekiko itsuarena egiteaz gaindi babes aktiboa ahalbideratuaz (Irun eta Hondarribiko Alardetan 1996tik ematen ari den diskriminazio egoera, Baionako
bestetan, urtero ematen dira bortxaketa salaketek izan ohi duten gutxiestea,…)
Eskubide sozialak
i. Euskal Herriak ez du Lan Harremanetarako Esparru propiorik, ez eta bere sistema fiskala antolatzeko eskubiderik eta aukerarik ere. Horren adibide argia Kupoaren legea da, eta bere bitartez, Euskal Herriak Espainiako estatuari urtero ekarpen ekonomiko zehatza egin behar dio.
ii. Euskal Herriko langileen egoera gero eta prekarioagoa da. Aldi baterako kontratazioa nagusitzen da, batez ere emakume eta gazteen artean. Langabezi egoeran daudenen artean, emakumeak ere nagusitzen dira
iii. Urtero lan istripuen ondorioz, langileen hilketak ematen dira. Prekarietateari eta lan baldintza eskasei estuki loturiko zigor erantsia da hau, botere publikoen aldetik tamaina arreta eta erantzunik ezagutzen ez duena.
iv. Euskal Herrian, 2005ean, 898.916 pertsona bizi ziren pobreziaren mugaren azpian, hau da, beraien diru sarrerak 804 euro baino gutxiagokoak ziren.
v. Etxebizitza eskubidea ez dago bermatua, 10 pertsonetatik 9k ezin dutelako etxebizitzen prezioak ordaindu.
vi. Gastu soziala gero eta murritzagoa da. Aberastasunen banaketa bidezkoagoa eskuratzetik urruti, jendarte osoaren ahaleginaz eskuraturiko garapenaren ondare eta ondasunen jabegoa gero eta esku gutxiagotan metatzen ari da. Babes sozialerako diru laguntzak pobreziaren mugaren azpitik kokatzen dira
Baliabide naturalak antolatzeko eskubidea
i. Euskal herritarrek ez dute Euskal Herriko baliabide naturalen gaineko jabetza, ezta kontrolik ere. Oro har planifikazio estrategikoa estatuek egin eta inposatzen dute euren beharrak asetzeko, Euskal Herria eta euskal herritarrek euren biziraupena ezinbestekoa dituzten lehentasunak kontutan hartu gabe.
9. Pertsona ororentzako Euskal Herri osoan eskubide guztiak bermatu ahal izateko, herri osoarentzat eskubideen aitortza jaso eta zehaztuko duen status berdintasuna finkatu behar da eta eskubideen bermea ahalbideratuko duen baliabide komuna inplementatu egin behar da, urratsez urrats Euskal Herri osoarentzako gorputz juridikoa definitu eta eraginkorra bilakatu ahal izateko.
Horretarako Udalbiltzak definitu zuen Euskal Herriaren Eskubideen Karta abiapuntua izan daiteke.
10. Hemendik aurrera, bertan laburbildutako eskubide horiek oinarritzat hartuta, eskubideen aitortza bera eta eskubide horiek errealitate bihurtuko dituzten baliabide juridiko-politikoak definitu egin behar dira. Hau da, beharrezkoa da gorputz juridiko komuna definitzea eta eskubideen berme izango diren bitarteko eta egitasmoak zehaztu eta abioan jartzea
11. Lege eta arauen definizioa estatuen menpe sortutako botere publikoei egokitzen zaien heinean, eta ez herriei, beharrezkoa da gaur egun indarrean ditugun baliabideak Euskal Herriaren gorputz komun hori definitzeko bidean jartzea. Beharrezkoa da ere, gaur egungo ordenamendu juridikoak aldatu eta marko komun batean bat egin dezaten urratsak ematea.
12. Euskal herritar ororen eskubideen defentsan arituko gara edozein herritarren edo Euskal Herriaren eskubideen urraketak agerian jarriaz. Udalbiltza osatzen ari den Informearen helburua, hain zuen ere, honakoa da: egungo errealitateak ezkutatu ohi duen eskubideen urraketa anitza eta egiturazkoa agerian jarri eta herritar guztien eskubide guztien bermea eskuratze bidean defentsa tresna eta ekimen eraginkorrak sortzen ahalegintzea. Jendarte eragile eta herritar guztien elkarlanean, jakina. Zeregin funtsezko eta ezin garrantzitsuagoa dugu hau. Izan ere, urte luzetan pairatu beharreko gatazka politikoaren konponbide demokratiko eskubide guztien aitortza eta eskubide guztien bermearen aldeko konpromiso konpartituan aurkituko baitu oinarri finko bakarra.
ERANSKINAK
1.- LEHENENGO ERANSKINA: Txostena osatzeko prozedura eta iturriak Euskal Herrian herritar ororen eskubide guztiak bermatzearen aldeko apustuari ekiteko garaian, giza eskubideak zehaztu eta finkatzen dituzten nazioarteko itun eta aldarrikapenak geure egiten ditugu eta euskal herriaren eskubideen karta aintzat hartuta, gure eguneko errealitate aztertzeko garaian ezinbesteko ispilutzat hartzen ditugu nazioarteko antolamendu juridikoak onartutako eskubide-itunak, hala nola:
Pertsonen eskubideei dagozkien ondorengoak:
1945ko nazio batuen agiria
1948ko giza eskubideen deklarazio unibertsala
1960ko hezkuntza esparruko diskriminazio ororen kontrako hitzarmena
1965ko arraza diskriminazio ororen kontrako hitzarmena, 1992an birmoldatua,
1979,1999ko emakumearen kontrako diskriminazio ororen kontrako
hitzarmenak, 1984ko tortura, eta bestelako gaitza zein zigor krudel giza
gabekoak edota degradatzaileen kontrako hitzarmena
Herrien eskubideei dagozkien ondorengoak:
1966ko eskubide zibil ea politiko nahiz eskubide sozio-ekonomiko eta kulturalei
buruzko nazio batuen hitzarmenak.
1975ko Helsinki deklarazioa (giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak
babesteko Europako hitzarmena)
Eskubide sozio ekonomikoei dagokionez,
Europako kontseiluak onarturiko 1961ko europar karta soziala, eta 1996an Strasbourgon birmoldaturik, 1986ko garapen eskubideari buruzko deklarazioa
Hizkuntza eta kultur eskubideei dagokienez:
Europako kontseiluaren 1992ko hizkuntz erregional zein gutxituei buruzko europar karta, 1996ko hizkuntza eskubideei buruzko deklarazio unibertsala 2006ko kultur aniztasunari buruzko Unescoren adierazpena
Inguru giroari dagokionez:
1982ko nazio batuetako naturaren aldeko mundu karta, 1982ko osasun eta ingurugiroari buruzko europar karta, 1998ko Aarhus konbentzioa, 1992ko Rio deklarazioa, eta.
Honetaz aparte aintzat hartu dugu ere, nazioarteko hainbat aldarrikapenetan bilduriko oinarri, idei eta orientabideak. Besteak beste: 1976ko Aljerreko eskubideen karta, 1982ko pertsona eta herrien eskubideen aldeko afrikar Karta, 1992ko hizkuntza, erlijio, etnia edota nazio gutxiengo bateko kidea izateko eskubideei buruzko Deklarazioa, 1993ko Herri Indigenen eskubideei buruzko Deklarazio proiektua eta Lur Agiria, Gutxiengo nazional, etniko, erlijioso eta linguistikoetako kide diren pertsonen eskubideen gaineko adierazpena (1992), Europako gutxiengoen hizkuntzen eta dialektoen hezkuntza eta kultura arazoen gaineko gomendioa 1995ko Gutxiengo nazionalak babesteko esparru akordioa eta Europako Kontseiluak eratzeko ituna.
Printzipio orokorrak, izaera konsuetudinarioko arauak, aldarrikapenak eta indarrean dauden itunak hartu ditugu oinarri. Badira giza eskubide batzuk estatu ororentzako betebeharreko arau konsuetudinario gisa uler daitezkeenak, bai printzipio orokor direlako edo nazioarteko zuzenbideko arau konsuetudinario. Giza eskubide hauek batik bat, Giza eskubideen deklarazio unibertsalean jasoak daude eta inongo kasutan indargabe ezinak dira. Eskubide unibertsal eta lotesle dira, beraz, nazioarteko zuzenbideko ius cogens arauetan oinarrituak, zeintzuk erga omnes izaera duten, alegia, betebeharrak sortzen dituztelarik.
Nazioarteko deklarazioak, ikuspegi juridikotik begiratuta, gomendioak besterik ez dira. Estatuen arteko tratatuak ordea, nazioarteko itun prezeptibo eta lotesleak dira. Baina jendearen eskubideak zehaztu eta finkatu dituzten nazioarteko aldarrikapenen balio etiko eta politikoaren balioa ez da horregatik txikiagoa. Areago, aldarrikapen eta itunetan bildutako printzipio eta irizpide nagusiak munduan demokrazian eta askatasunean geroa eraiki nahi duen edonorentzat funtsezko betebeharrak bilakatu dira honezkero.
Aipatzekoa da Espainiako estatuak itun guziak berretsi dituela eta Frantziako estatuak ia guztiak, deklarazioei dagokienez, hizkuntza deklarazioa frantses estatuak ez du berretsi, gaineratzekoak bai. Sinatu ez izanak ez dio estatu horri ez beste edonolakori betebehar etiko eta demokratiko horretatik salbuesten. Sinatu izanak, berriz, are lotesleago egiten ditu demokrazia ororentzako funtsezko irizpideon betebeharra, barne legeriatik gorakoa dena.
Eskubideen Karta prestatzeko egin bezala, eskubideen urraketak jasoko dituen txostena egituratzeko, nazioarteko deklarazioen eskemari atxikiz, eskubideen araberako atalez atal antolatzea erabaki genuen:
o Nazio eskubideak ( kolektiboak, gizabanakoak)
o Giza eskubide eta oinarrizko askatasunak
o Emakumezkoen aukera berdintasunaren eskubidea
o Hizkuntza eskubideak
o Kultura eta nortasun ezaugarriak adierazteko eskubidea
o Bizimodu duinerako biztanle ororen eskubideak
o Baliabide natural eta aurrerabide zientifikoez gozatzeko
eskubideak
o Beste herrietako eskubideekiko begirunea.
2.- BIGARREN ERANSKINA: eskubideen urraketa esanguratsuak nabarmentzen
dituzten hainbat aldarrikapen eta itunek:
1.- NAZIO ESKUBIDEAK: Autodeterminazioa, lurraldetasuna eta naziotasuna.
Eskubide zibil eta politikoen Nazioarteko Hitzarmena:
1. Artikulua
1. Herri guztiek dute autodeterminazio eskubidea. Honen bitartez, bere izaera
politikoa askatasunez ezartzen dute eta bere garapen ekonomiko, sozial eta
kulturala egokitzen dute
Herrien eskubideen adierazpen unibertsala ( Alger, 1974)
1. Artikulua
Herri guztiek dute existitzeko eskubidea.
Herrien eskubide kolektiboen adierazpen unibertsala (CONSEU, 1990)
1. Artikulua
Lurralde zehatz batean garatutako tradizio historiko propioa eta kultura baten erreferentzia komunak dituen giza-multzoa, herri bat da.
Giza eskubideen aldarrikapen unibertsala
15. atala
1. Pertsona orok du naziotasuna izateko eskubidea.
2. Inori ezingo zaio arrazoirik gabe bere naziotasuna kendu, ezta naziotasuna aldatzeko eskubidea ukatu ere
2.- ADIERAZPEN ASKATASUNA
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala
19. artikulua
Gizabanako guztiek dute iritzi-eta adierazpen-askatasuna. Eskubide horrek barne hartzen du erlijioa eta sinesmena aldatzeko askatasuna eta bakoitzaren iritziengatik inork ez gogaitzeko eskubidea, ikerketak egitekoa eta informazioa eta iritziak mugarik gabe eta nolanahiko adierazpidez jaso eta zabaltzekoa.
Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmena
19. artikulua
1. Ezin da inor eragotzi bere iritziengatik
2. Pertsonak orok adierazpen askatasunerako eskubidea du; eskubide honek hurrengoa barnebiltzen du: edozein motatako informazio eta ideia bilatu, jaso eta zabaldu, mugarik kontutan hartu gabe, ahoz zein idatziz, era inprimatua edo artistikoan, edota berak aukeratutako edozein prozedimenduaren bitartez.
3.- ANTOLAKETA ETA ELKARTZE POLITIKOA
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala
21. Artikulua
1. Pertsona orok du bere herrialdeko gobernuan parte hartzeko eskubidea, zuzenean nahiz libre aukeratutako ordezkarien bitartez.
2. Pertsona orok du berdintasunez norbere herrialdeko funtzio publikoan sartzeko eskubidea.
3. Herriaren borondatea da botere publikoaren agintearen oinarria; borondate hori aldian-aldian egingo diren benetako hauteskundeetan adieraziko da.
Hauteskundeok bozketa orokor eta berdinez eta isilpeko boto bidez egingo dira, edo boto askatasuna bermatzen duen beste bide batez.
Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmenak
21. artikulua
Biltze baketsurako eskubidea aitortzen da. Eskubide hau erabiltzea soilik jendarte demokratiko batean legediak aurreikusitako murrizketen menpe egon daiteke, segurtasun nazionalaren intereserako, segurtasun publikoa edo orden publikoa, edota osasun edo moral publikoa, edo gainontzekoen interes eta askatasunak
Zaintzeko
25. artikulua
Herritar guztiek, 2. Artikuluan aipatutako bereizketarik eta behar ez diren murrizketarik gabe, hurrengo eskubide eta aukerak izango dituzte:
a) Gai publikoen norabidetzean parte hartzea, bai zuzenean baita askatasunez aukeratutako ordezkarien bitartez ere.
b) Bozkatu eta aldizkako hauteskundetan parte hartzea, hauek benetakoak, sufragio unibertsal eta parekoa, eta hautesleen borondatea askatasunez adieraztea bermatzen duen bozka sekretuaren bitartez eginak c) Bere herriko funtzio publikoetan sarbidea izatea, berdintasunean oinarritutako baldintza orokorretan.
4.- TORTURATUA EZ IZATEKO ESKUBIDEA
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala
5. atala
Ezin daiteke inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txar, anker eta lotsarazlerik eman ere.
Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko hitzarmenak
7. atala
Inor ezin da jaso zigor edo tratu txar, anker edo lotsarazlerik
Torturaren kontrako Konbentzioa
1. Artikulua
“Tortura ” hitzaz izendatuko dugu pertsona bati min edo sufrimendu larria, fisiko zein psikikoa, hari edo besteri buruzko informazioa edo aitorpena lortzeko, egin duen zerbaitegatik zigortzeko edo bera edo beste batzuk beldurtzeko edo hertsatzeko helburuz edo edozein eratako diskriminazioan oinarrituriko edozein
arrazoigatik egiten zaion ekintza, sufrimendu hori funtzionario publikoak edo funtzio publikoen jardueran diharduenak egina denean, bere kabuz, edo bere onespenaz edo baimenaz. Ez dira torturatzat hartuko zigor zilegien ondoriozko minak edo sufrimenduak, edo zigor horiei atxikitakoak edo loturikoak direnean.
Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmena
9. Artikulua
1. Norbanako guztiek dute askatasuna eta segurtasunerako eskubidea. Inor ezin da bidegabe, atxilotu edota espetxeratu. Ezin zaio inori bere askatasuna kendu, legeak ezartzen dituen arrazoiengatik ez bada, eta beti honek ezartzen duen prozedimenduaren bitartez.
2. Atxilotutako pertsona orok, atxiloketaren momentuan, honen arrazoien informazioa jasoko du eta berandutzerik gabe, leporatzen zaionaren berri emango zaio
3. Atxilotua edota arau-urratze penala dela eta, preso dagoen pertsona orok epaile edota legeak eskumena ematen dion funtzionario baten aurrean eramango zaio berandutu gabe, eta bidezko denbora tartean, epaitu edota askatzeko eskubidea du.
10. Artikulua
1. Askatasuna kendu dioten pertsona orori gizalegez tratatuko zaio, gizakiari dagokion duintasunari zor zaion errespetu guztiaz.
4. Bis. BERDINTASUNERAKO ESKUBIDEA
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala
7. atala
Gizon-emakume guztiak berdinak dira legearen aurrean eta denek dute, bereizkeriarik gabe, legezko babesa izateko eskubidea. Denek dute Aldarrikapen hau hausten duen edozein bereizkeriaren aurka eta bereizkeria horren eragileen aurka babes berbera izateko eskubidea.
11. atala
1. Delituagatik salatutakoak eskubidea du errugabetzat jo dezaten, errudun dela legez eta jendaurreko epaiketan frogatzen ez den bitartean. Epaiketan bere burua zaintzeko berme guztiak ziurtatuko zaizkio.
Eskubide zibil eta politikoen nazioarteko Hitzarmena
14. artikulua
1. Epai mahiak eta justizia-gorteen aurrean, pertsona oro berdina da. Pertsona orok legeak ezarritako epaimahai eskudun, independente eta inpartzialak publikoki eta berme guztiekin entzuteko eskubidea du, baldin eta bere kontrako edozein akusazio penala substantziatu edota bere eskubide eta betebehar zibil zehazteko
5.- HIZKUNTZA ESKUBIDEAK
Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala (1996)
1. Artikulua
Hizkuntza komunitate bezala hurrengoa definitzen du deklarazioa honek: historikoki lurralde zehatz batean kokatu, herri bezala kontsideratu eta bere kideen arteko kohesio eta komunikaziorako tresna hizkuntza komuna garatu duen edozein giza multzoa
3. Artikulua
Hurrengo eskubideak besteren ezinak dira:
• hizkuntza komunitatearen kide bezala onartua izatea;
• eremu publikoan zein pribatuan hizkuntza propioa erabiltzea;
• berezko kultura mantendu eta garatzea
2. Hizkuntza taldeen eskubide kolektiboen artean, hurrengoak ere barnebildu daitezke:
• kultura eta hizkuntza propioaren hezkuntza;
• zerbitzu kulturalak erabiltzea;
• komunikabideetan, berezko kultura eta hizkuntzaren presentzia parekidea;
• harreman sozioekonomikoak zein erakunde ofizialetan hizkuntza propioan
erantzuna jasotzea
6.- HEZKUNTZA ESKUBIDEAK
Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsala
26. Artikulua
1. Pertsona orok du hezkuntza-eskubidea.
Irakaskuntza Mailako Gutxiespenen Aurkako Hitzarmena (1960)
5.1 Artikulua
“(...) onartu behar da gutxiengo nazionalen kideek hurrengo eskubideak dituztela: irakaskuntzaren ekimen propioetan jardutea, horien artean, eskolak sortu eta mantentzea, eta bere hizkuntza propioan irakastea
Herrien Eskubideen Aitorpen Unibertsala (1976)
14. Artikulua
Herri orok bere ondasun artistiko, historiko eta kulturalak izateko eskubidea du
15.Artikulua
Herri orok kultura arrotza inposatua ez izateko eskubidea du. Hizkuntza eskubideen deklarazio unibertsala (1996)
24. Artikulua
Hizkuntza komunitate orok bere lurraldearen barruan, hezkuntza maila guztietan bere hizkuntzaren presentzia maila nolako izan behar duen erabakitzeko eskubidea du
28 Artikulua
Hizkuntza komunitate orok bere ondasun kulturalaren inguruko ezagutza sakona lortzea ahalbideratzen duen hezkuntza eskubidea du
7.- EMAKUMEEN ESKUBIDEAK
Giza eskubideen aldarrikapen unibertsala
1. atala
Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute.
Emakumezkoaren kontrako diskriminazioa ezabatzeko adierazpena (1967)
1. atala
Emakumearen kontrako diskriminazioa, gizonarekiko eskubideen berdintasuna ukatu edota mugatzen duen heinean, bidegabekoa da eta pertsonen duintasunarekiko iraingarria da
8.- ESKUBIDE SOZIALAK
Giza eskubideen deklarazio unibertsala
23. Artikulua
1. Pertsona orok enplegurako eskubidea du. Lan hau libreki aukeratzeko, lan baldintza egoki eta parekideak, eta langabeziaren aurrean babesa jasotzeko eskubidea du
2. Pertsona orok, inolako diskriminaziorik gabe, lan beragatik soldata bera jasotzeko eskubidea du.
3 Lan egiten duen pertsona orok ordainsari egoki eta bidezkoa, honek pertsonari zein bere familiari bizitza duina ziurtatu behar duelarik. Beharrezkoa izanez ero, babes sozialarekin osatua izan behar du
Herrien Eskubideen Aitorpen Unibertsala (1976)
11.Artikulua
Herri orok berak aukeratutako sistema ekonomiko eta soziala antolatzeko eskubidea du. Askatasun osoz, kanpoko injerentziarik gabe, bere garapen ekonomikorako bide propioa bilatzeko eskubidea du
9.- BALIABIDE NATURALAK ANTOLATZEKO ESKUBIDEA
Ingurugiro eta garapenaren inguruko Rioko adierazpena (1992)
1.printzipioa
Garapen jasangarriarekin lotutako kezken gakoa gizon emakumeak dira. Hauek bizitza osasungarri eta emankorra izateko eskubidea dute, naturarekin bat egingo duena
23. printzipioa
Okupatu, menderatu eta zapaldutako herrien Ingurugiroa eta baliabide naturalak babestu egin behar dira
Aarhus Konbentzioa (1998)- (Espainiako estatuak sinaturik)
1. Artikulua
Pertsona oro eta gaurko zein biharko belaunaldien osasuna eta ongizatea bermatuko duen ingurugiroan bizitzeko eskubidea babestu ahal izateko, kide bakoitzak hurrengo eskubideak bermatuko ditu: ingurugiroaren informaziorako sarbidea, erabakiak hartzean publikoaren parte hartzea,…
“Udalbiltza berrantolatzeko dinamika zabalak, urrats berrien bidez, martxan darrai”
"NAZIO INSTITUZIO EGOKITZEARI EKIN DIEZAIOGUN ELKARREKIN; BADA GARAIA!”