UDALBILTZAKO 2006KO BALANTZEA (2006-12-29)

2006ko urte gazi-gozo gisara igaro den honetan, sortu izan diren itxaropenak, ekintzekin elikatzeko garaia alegatu da. Guztion artean, nazioarteko itunak oinarri, gure demokrazia eraikitzeko garaia da. Bide horretan laguntzeko Udalbiltza prest dago.

2006. urtea amaitzen ari denean urteko balantzea egiteko parada heldu zaigu. Euskal Herriarentzat 2006ko urtea ez da beste urte bat gehiago izan. Etorkizunean, urte garrantzitsutzat hartuko dugun urte honetan sentsazio gazi goxo bat nagusitzen da: izan zitekeena baina oraindik gauzatu izan ez denarengatik gogoratuko dugu. Gatazka behin betiko konpondu ahal izateko inoiz ez bezalako baldintzak emanda ere, herritarren borondatea argi eta garbi adierazita ere; Espainia eta Frantziako estatuen inmobilismoa, kontrako jarrera eta eragile nagusi batzuen konpromiso eza, hau guztia garatzeko oztopo gaindiezina bilakatu dira.

Amaitzen ari den urteak efemeride ezberdinak utzi dizkigu: Lizarrako udalen batzarraren 75. urteurrena eta Bergarako alkateen mugimenduaren 30. urteurrena, esate baterako. Hauekin batera, herri honen bizitza azpimarratu behar diren beste batzuk ere aintzat hartuak izan dira: Franco eta Molaren altxamendu faxista, Otxandioko bonbardaketa, Lauaxeta eta Fortunato Agirreren fusilamenduen 70. urteurrena. Urteurren hauen guztien inguruan sorturiko mugimenduak, herri honen oroimen historikoa berpizten ari dela erakutsi digute; ahazte prest ez dagoen herri bat badela. Garrantzi berezia hartu dute, batzuek guztiz ahaztuak nahi dituzten eta oraingo errealitatea ulertzeko ezinbestekoak diren hainbat pasarte historikok. Batzuk hurbilak, aurreko hamarkadetan gertaturikoak eta nahita estalirik, beste batzuk zaharragoak, herri eta hirietako bilakaerekin zer ikusia dutenak eta historia ofizialak desitxuraturik.

Nazioarteari dagokionez, 2006ko urtea Amerikako Estatu Batuak Iraken pairatzen ari diren porrotarengatik, Pinocheten heriotzarengatik eta indar politiko aurrerakoiek Hego Amerikan eskuratzen ari diren arrakasta elektoralengatik gogoratuko da mundu mailan. Guk ordea, euskal herritarrok, mundu mailako hainbat agintariren adierazpenak eta Europar Batasuneko osoko bilkura izan ostean, euskal gatazkak nazioartean izan duen oihartzunarengatik gogoratuko dugu. Honi guztiari, Udalbiltzak diasporan eginiko lana azpimarratu behar genuke.
Udalbiltzari dagokionean bere zazpi urtetako bizitzan emandako urratsak, berrantolaketaren aldeko lanak eta euskal herritarren eskubideen aldeko konpromisoak markatu dute nagusiki amaitzear dagoen urte emankorra. Euskal Herriko udal hautetsi guztiak bilduko dituen nazio instituzioa xede izaki, Aberri Egun bateratu bultzatuz, alderdi politiko eta Udalbiderekiko harremana estutzearen alde egin dugu lan. Eta era berean, nazioarteko itunek jasotzen dituzten eskubide guztiak euskal herritar orori aitortuz, ematen diren urraketak ezagutu, salatu eta gertaera horiek ez errepikatzeko neurriak proposatuko dituen txostena osatuz igaro dugu urtea.

Euskaldunaren 5 printzipioak garatzen, aurreko urteetan hasitako bidea jarraitu eta areagotu egin dugula esan dezakegu. Zinez emankorra izan da urtea, aipamen berezia mereziz Hezkuntzarako Euskal Curriculumaren aldeko lanak; herritarren ekarpena bideratuz hasi eta amaitu baitugu urtea: urtarrilak 28an Kursaalean buruturiko jardunaldiekin hasi eta Liburua eta Cd kaleratuz amaituz. Era berean, segida izan dute Euskararen Kontseiluarekin hasitako elkarlanak, Hizkuntza eskubideen behatokiari begira; Gaindegiarekin 1go sektorearen azterketa eta argazki estatistikoa den “Euskal Herria datuen Talaiatik 06” liburua eta datu basea osatuz; Bai eskolak euskalduntzeari ekimena sustatuz; herrien arteko elkarlana bultzatuz, Iparra-hegoa elkartearekin batera; Gogoeta XXI eta orokorrean Nazio Garapenerako Biltzarrarekin nazio plana garatuz eta Ipar Euskal Herriko irratiekin hitzarmen berri bat sortuz.

Herri honen Nazio Eraikuntzaren urratsei begiratuz, Udalbiltzak naziotasunean emaniko urratsak azpimarratu nahi ditu: 55 mila baitira Euskal Herri zabalean bere “Euskal Herriko Naziotasun Aitormena” tramitatu dutenak, eskualde guztietakoak, zein nazioartetik euskal diasporatik: Argentinan, Uruguayn, Herrialde Katalanetan eta Eskozian tramitatzeko aukera ireki izan da. Erabilpenari dagokionez Urolaz gain, Arrasaten, Bergaran, Lea- Artibain eta Ordizian herritarren eta sektoreen atxikimendu handia adierazten duten erabilpen gidak kaleratu dira 2006. urtean zehar.

Baina gauza guztien gainetik, 2006ko urtea, behin betiko gatazka konpondu ahal izateko izan dugun aukerarengatik gogoratuko dugu. Alde batetik, ETAren su eten iraunkorra, prozesu demokratiko irekitzeko eskaturiko baldintza asko emanak, manifestazio jendetsuak, sinadura bilketa erraldoiak eta inkestek azaltzen duten eran, gainontzeko munduko nazioak bezala izateko euskal herritarren adierazi duten borondatea argia izan da. Beste aldetik, 18/98 eta beste makrosumarioen jarraipena, presoen sakabanaketa politika, ilegalizazioak, Parot doktrina, De Juana kasua, atxiloketak, mobilizazio zein ekitaldien debekuak, Udalbiltza beraren Batzar Nagusiaren debekua, etab. luze eta mingarri honek Espainia eta Frantziako estatuen inmobilismoa edo prozesuaren kontrako jarrera adierazten du. Argazki ilun honi eragile nagusi batzuen konpromiso falta eta herri honen hitza errespetatzeko borondate eza gehitzen badiogu, oztopo gaindiezina bilakatzen da.

Bakerako eta demokraziarako aukerak irekitzeko unea da, ustezko borondatetatik haratago konpromisoen unea da, itxaropena ekintzekin elikatzeko unea da. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko, konpromisoak hartzeko, herritarrei hitza emateko eta errespetatzeko garaia da. Inposaturiko legeak ezin dira demokraziarako muga edo baldintza izan. Guztion artean, nazioarteko itunetan, giza eskubideen alorrean bildurik dauden eskubide guztiak herritar orori aitortzen zaizkion gisara, Euskal Herri osoan, euskal herritar orori ere eitortu eta errespetatuak izan behar zaizkio. Euskal Herriaren demokrazia eraikitzeko garaia da eta bide horretan da Udalbiltza.