2007ko BATZAR NAGUSIKO ERAKUNDE EBAZPENA (2007-01-13)

2007ko BATZAR NAGUSIKO ERAKUNDE EBAZPENA (2007-01-13)
“PROZESU DEMOKRATIKOAREN ALDE, EKIN DIEZAIOGUN ELKARREKIN UDALBILTZA BERRANTOLATZEARI”

Zazpi urte igaro dira Euskalduna Jauregiko Batzar Eratzailetik. Zazpi urte gorabeheratsu eta zail, erakunde nazionalari Euskal Herriko esparru politikoan dagokion tokia zehazteko balio izan duten zazpi urte. Gaur, baina, une honetako zailtasun guztiak aitortu arren, iraganari baino gehiago, etorkizunari so egin nahi diogu, egoera politiko honetan ezinbestekoa baitzaigu prozesu demokratikoaren aldeko eragile aktibo bilakatzea, Udalbiltza egokituz eta etorkizunera begiratuz.

Oztopoak oztopo, Udalbiltzaren berrantolaketa bultzatzeko garaia da. Baldintzak egon badaude. Horregatik, hemen bildu garen udal hautetsi guztiok norabide horretako lehenbiziko urratsa eman dugu gaurko batzar honetan. Badakigu, orain arte bezala, ez dela bide erraza izango, baina jakin badakigu elkarlanerako prest dauden udal hautetsiak daudela herrietan. Alderdikeriak gainditu eta udal hautetsi guztien gunea berrosatzeko urratsak emateko prest gaude.

Gaurko batzarra urrats xumea bada ere Euskal Herriak behar duen nazio erakunde egokia lortzeko bidean, garrantzitsua dela eta norabide egokian doala iruditzen zaigu. Agian, urrats bat besterik ez da ibilbide luze honetan, baina abiatzeko lehenbiziko urrats jo behar dugu.

Euskal Herriak bere burua nazio gisa, politiko eta instituzionalki antolatzeko eskubidea du, eta 2006-2007 ikasturteak eskaintzen dizkigun aukerak erabiltzen asmatu behar du. Alde batetik, itxurazko zailtasunen gainetik, gizarteak gatazka behin betiko gainditu eta esparru demokratikora eraman gaitzakeen prozesu politikoa berriro bideratzeko borondatea du. Bestetik, lehenbiziko aldiz, 685 udaletako hiru milioi euskal herritarrek euren ordezkariak hautatuko dituzte oso tarte laburrean.

Hurbilen gauden erakundeok ezin dugu alferrik galdu Euskal Herria politiko zein instituzionalki eraikitzeko aukera historikoa. Sortutako aukera berriak gure herriari ukatu egin izan zaizkion hitza eta erabakia zein erakunde arloan egituratzeko eskubidea berreskuratzeko baliatu behar ditugu.

Udalbiltzan izandako zatiketak gainditzeko baldintzak daude eta, Udalbiltzak Euskal Herriari egin diezaiokeen ekarpena handia izanik, denon artean urratsak emateko garaia da. Euskal Herriak Udalbiltza bezalako nazio erakundea behar du: bizi diren udalerrian bizi direla, euskal herritarrek prozesu demokratikoan parte hartzea sustatzeko; Euskal Herri osoko indarrak bildu ahal dituelako; nazio instituzionalizazioaren lehenbiziko kimua delako. Hori guztia gauzatzeko, ordea, Euskalduna Jauregiko printzipioei jarraiki, Udalbiltzak bere burua egokitu behar du, Euskal Herriak garai berri honetan dituen behar berriak asetzeko, gure herriak behar duen lehen nazio erakunde sendo eta iraunkorra bultzatuz, nazio instituzionalizazioaren kimua sendotuz eta gure herria egituratzeari bide emanez.

Udalbiltzak bere gain hartu du dagokion ardura, eta beste ziklo baterako Plan Estrategikoa abian jartzea deliberatu du. Udalbiltza bakearen eta prozesu demokratikoaren aldeko eragile aktibo bilakatzea dugu xede, eta, horretarako, euskal herritarren eskubideen alde harturiko konpromisoa gauzatu nahian, prozedura bat indarrean jartzeko proposamena plazaratu dugu, dagozkigun eskubideak ezagutzeko, euren aurka jazotzen diren urratzeak jakiteko, urratzeok merezi duten ordaina bideratzeko eta urratze gehiago ez gertatzeko.

Alabaina, ez dago bidea bakarrik egiterik. Elkarlana eta elkarrizketa ezinbestekoa da. Hori dela-eta, aipatu norabidea bultzatu nahian, Udalbiltzak Euskal Herriko eragile polítikoekin eta sozialekin harremanetan jarri eta elkarlana eskaintzea du helburu, bai nazio eraikuntzaren alorrean murgiltzeko, bai behin betiko bake esparru demokratikoa lortzeko. Ildo berean, eragileak euren indarra eta bitartekoak prozesuaren mesederako erabiltzera gonbidatu nahi ditu.

Azkenik, konpromiso garaia guztioi heldu zaigulakoan, alde anitzeko deiaz bukatu nahi dugu Batzarreko erakunde ebazpena:
1. Euskal Herriko eragile politikoei, sozialei eta sindikalei, bidegurutze honetan duten arduraz jabetu eta, alderdikeriak baztertuz, herri gisa eta Euskal Herri osoarentzat joka dezaten, eta, bidenabar, prozesuak behar duen eragileen arteko konfiantza eta beharrezkoak diren oinarri demokratikoak sor ditzaten.
2. euskal herritarrei, une zail honetan, itxurazko oztopo guztien gainetik, bai Euskal Herria eraikitzen, bai gatazka politikoa demokratikoki gainditzeko abiatzen ari den dinamikan murgil daitezen;
3. herri zein euskal herritar gisa dagozkigun eskubideak urratzen dizkiguten bi estatuei, Euskal Herria eskubide politikoak dituen subjektutzat aitortu eta errespeta dezaten;
4. munduko eta, batez ere, Europako gainerako nazioei eta estatuei, hemengo prozesu politikoa lagundu eta susta dezaten, nazioarteko eskubideen inguruko itunetan bildu diren eskubideak euskal herritarrei aitor eta berma dakizkien defendatuz;
5. azkenik, Euskal Herriko alderdi politikoetako zuzendaritzei eta datozen hauteskundeetan udal hautagai izango diren guztiei, harremanak sendotu eta udal hautetsi guztiak bilduko dituen nazio erakundea lortzeko konpromisoa adieraz dezaten.

Donibane Lohizunen, 2007ko urtarrilaren 13an