Loren Arkotxa Udalbiltzako lehendakaria eta Julen Arzuaga Behatokiko kidea Nazio Batuen egoitzara joan eta Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Erakundeko goi mandatariaren zerbitzuko kide Mactahr Ndoyi-rekin bildu dira gaur.
Aipatu bilkura Udalbiltzaren urteetako ibilbidearen mugarritzat dugu, balio politikoa dela eta. Batez ere, Udalbiltzak euskal herritar ororen eskubideen alde egiten duen lanaren esparruan kokatzen dugu, aipatu bilkura eta haren emaitzak ezinbesteko mugarritzat eta historikotzat baititugu naziotasun eskubidearen aldarrikapenean.
Udalbiltzaren zereginen artean, nazioartean Euskal Herria nazio berezkoa eta desberdindua dela adieraztea da nagusietako bat. Nazio Batuen Erakundea da nazioarteko adierazpiderik argiena eta, hortaz, esan liteke Udalbiltzak urrats handi bat eman duela gaur.
Gaur, Udalbiltzako lehendakaria, Loren Arkotxa, Genevan izan da, Nazio Batuen egoitzan. Bisita Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Kontseilua egiten ari den saioen esparruan sartzen da, eta Udalbiltzako ordezkaritza Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Erakundeko goi mandatariaren zerbitzuko kide Mactar Ndoyi-rekin bildu da, euskal herritarron naziotasun eskubidearen ukazio larriaren berri ematearren.
Nazio Batuen Erakundeko Idazkaritza Orokorrak nazionalitatearen ukazio arbitrarioaren eta giza eskubideen inguruko informazioa eskatu berri du, eta Giza Eskubideen Kontseilua, goi mandatariaren bitartez, informazioa biltzen hasi da. Hori dela-eta, Euskal Herriko nazio erakundeak euskal herritarren egoeraren berri eman du, naziotasuna dela eta.
Ekimena ez da ekintza bakartua izan. Aitzitik, 2000. urtean, milaka euskal herritarrek euren naziotasuna demokratikoki adierazteko eskaera egin zioten Udalbiltzari, eta, orduz geroztik, nazio erakundea gai horretan murgildurik izan da; Euskal Herriko Naziotasun Aitormena (EHNA) da horren lekuko, 2001. urtetik.
Euskal herritarren eskubideen alde hartutako konpromisoari eta 1948. urteko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak naziotasunari buruz adierazten duenari jarraiki, Udalbiltzak euskal naziotasuna errespetatzeko eskakizun ofiziala jarri zuen abian 2005eko abenduan, Naziotasun Eskubidearen Egunean. Ekimenaren helburua Nazio Batuetako Giza Eskubideen Kontseiluko goi mandatariari euskal herritar askok pairatzen dugun egoeraren berri ematea eta eskubideen urratzea zuzentzeko eskatzea da, eta, ekimen honi erantzunez, euren borondatearen kontra espainiar edo frantses izatera beharturik dauden 5.000tik gora euskal herritarrek bideratu dute agiria dagoeneko.
Bilkura honen bidez, testigantza emateaz gain, Udalbiltzak orain arte hartu dituen lehen 5.000 eskakizun ofizialak eman dizkio Arkotxak Nazio Batuetako ordezkariari.
2007ko BATZAR NAGUSIKO ERAKUNDE EBAZPENA (2007-01-13)