banner

UDALBILTZA-KONTSEILUA: Hizkuntz Behatokia

UDALBILTZA-KONTSEILUA: Hizkuntz Behatokia
Hizkuntza eskubideen alorrean aritzeko lankidetza berretsi dute Kontseiluak eta Udalbiltzak.

Hitzarmen honen bidez, hizkuntz eskubideen inguruan elkarrekin lanean aritzeko asmoa adierazi zuten Kontseiluak eta Udalbiltzak. Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek adierazi zuenez, "hizkuntz eskubideen egoera kezkagarria da, eskubideak askotan urratzen direlako. Hori dela-eta sortu zuen Kontseiluak Hizkuntz Eskubideen Behatokia, arlo publikoan zein pribatuan hizkuntz eskubideak errespetatzeko ekimenak gauzatzeko".

Mendigurenek azaldu zuenez, "Udalbiltzak Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren aldeko apustua egin du, eta Kontseilukook Udalbiltzarekin lankidetzan jarraitzeko asmoa dugu".

Udalbiltzako lehendakari Loren Arkotxak, berriz, honako hau esan zuen, alegia, "arlo bakoitzeko eragileekin batera aritu ondoren euskal herritarroi dagozkigun eskubideak definitzen, Udalbiltzak Euskal Herriko Eskubideen Karta kaleratu zuen orain bi urte. Alde horretatik, Udalbiltzak pozarren izan zuen Kontseiluak Hizkuntz Behatokia sortu nahi zuelako berri".

Udalbiltzaren iritziz, Behatokia hizkuntz eskubideak egikaritzen laguntzeko eta euskararen normalizazioranzko pausoak emateko ezinbesteko tresna da. Helburu horiek gauzatze aldera, borondate irmoa adierazteaz gain, Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarrak orain arteko bide komunean jarraitu nahiko luke. Ohore handiz, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluarekin elkarlan iraunkorrean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahiko luke Udalbiltzak.

2007ko martxoaren 5ean, Udalbiltzak eta Kontseiluak, haien arteko hitzarmen estrategikoa berretsi zuten.