Euskal Herriko curriculumaren alde orain bi urte sinatu hitzarmenari jarraiki, alde bakoitzak bere gain hartutako arduren berri eman zuten Loren Arkotxa Udalbiltzako lehendakariak, Pedro Aranburu Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakariak eta Juan Karlos Aretxabaleta Sortzen Ikasbatuaz-eko lehendakariak.
Curriculuma 16 urteko gazteek nahitaezko hezkuntza amaitzerakoan jakin beharko lituzketen kontzeptuek, trebetasunek, jarrerek eta balioek osatzen dute. Gainerako herriek bezala, Euskal Herriak ere bere curriculum propioa sortzeko eskubideari bide eman nahian, orain bi urte hitzarmena sinatu zuten Udalbiltzak, Ikastolen Konfederazioak eta Sortzen Ikasbatuaz-ek. Hiruna epe eta arduradun izendatu zituzten lan bakoitzerako. Hartara, Ikastolen Konfederazioak adituen lana osatzeaz arduratu behar zuen, batetik: horretarako, jakintza gaien inguruko aditu talde bati galdetu eta ariketak egiteaz arduratu ziren ikastolak. Lan hori DVD eta liburu bidez argitaratu da.
Bestetik, eskola mugimenduaren baitako irakasle talde batek jakin beharreko ikasgaiak landuko ditu irakasgaiz irakasgai. Azkenik, herritarrek lan horri guztiari euren ekarpena egin ahal izateko ardura Udalbiltzak hartu zuen bere gain. Horretarako, Udalbiltzak ekarpenak egiteko prozedura abiatuko du eta jardunaldiak antolatuko ditu amaieran Euskal Herriko sei hiriburuetan, herritarrek Euskal Herriko curriculuma osatzen parte har dezaten.
Curriculumaren alde parte hartzeko urratsak bultzatuko ditu Udalbiltzak nazio eraikuntzan. Nazio erakunde gisa, konpromisoa adierazi du Euskal Herriko curriculuma herritarrei zabaldu eta haren alde lan egiteko.
UDALBILTZA - NAZIO GARAPEN BILTZARRA: Nazio Eraikuntza
UDALBILTZA - EUSKAL HERRIKO BEHATOKI SOZIO-EKONOMIKOA (GAINDEGIA)