banner

UDALBILTZA - EUSKAL HERRIKO BEHATOKI SOZIO-EKONOMIKOA (GAINDEGIA)

UDALBILTZA - EUSKAL HERRIKO BEHATOKI SOZIO-EKONOMIKOA (GAINDEGIA)
Gaur egun, Euskal Herri osoko datu gutxi dago eta, ondorioz, ez dakigu, besteak beste, ez zenbat langabe dagoen, ez gure barne produktu gordina zein den. Euskal Herriko estatistika bateratuak sortzeko bidean lehen pausua eman eta "Euskal Herria datuen talaiatik" liburua argitaratu zuen Udalbiltzak 2002ko abenduan. Ekimen horri esker, Euskal Herriko orotariko datuak lortu, bateratu, lehen irakurketa osoa egin eta Europako testuinguruan kokatzea lortu zuen lehen aldiz.

Bide horretan, alor sozio-ekonomikoan zein estatistikoan euskal lurraldeen arteko desorekak eta ezberdintasunak ezagutu eta Euskal Herriak mundu globalizatu eta aldakor honetan herri izaten jarraitzeko beharrezko ehun sozio-ekonomikoa osatu eta gorpuzten laguntzearren, Euskal Herriko behatoki sozio-ekonomikoa sortu zen 2005. urtearen hasieran, hots, Gaindegia.

Gaindegia sortu bezain pronto hasi zen Udalbiltzaren eta Gaindegiaren arteko elkarlana, eta "Euskal Herriko datuen talaia" datu estatistikoen biltegia (datutalaia.net) aipatu liburu hura abiapuntu hartuta egin da.

2004ko udaberrian sinatu akordioak Euskal Herriko informazio estatistikoa biltzeko lana sustatzea du xede nagusi baina, bi erakundeetako lehendakariek (Loren Arkotxak eta Xabier Isasik) nabarmendu zutenez, Euskal Herriko ekonomiaren eta gizartearen garapenarekin engaiaturik dauden bi eragileren arteko hitzarmen estrategikoaren abiapuntua ere bada.