Udalbiltzaren eta Bai Euskal Herriari herri ekimenaren arteko elkarlanak urteak egin ditu. 2000ko ekainean, BAI EUSKAL HERRIARI herri ekimenak sinadura bilketa erraldoiari ekin zion UDALBILTZAri euskal herritarron naziotasuna jasoko zuen agiri ofiziala eskatzearren eta, hain zuzen ere, UDALBILTZAri eman zion sinadura bilketa erraldoi horren emaitza, 125.000 euskal herritarren sinadura.
BAI EUSKAL HERRIARI herri ekimenak bilduriko sinaduren haritik, Udalbiltzak Euskal Herriko Naziotasun Aitormenaren Agiria (EHNA) sortu zuen 2001. urtean, 125.000 herritarrek eskatutakoari jarraiki. Hartara, Euskal Herriko lehen erakunde nazionalak, UDALBILTZAk, norbere naziotasuna agertzeko tresna bateratu eta ofiziala jarri zuen abian, alegia, Euskal Herriko Naziotasun Aitormena.
Ekimena oinarrizko eskubideak urratzeari eta inposizioari aurre egiteko sortu zen, hain zuzen ere, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroa Behereko eta Garaiko, Lapurdiko eta Zuberoako herritarrei bere ez duten atzerriko naziotasuna inposatzeari.
Euskal herritarrek hainbat bitartekoren bidez adierazi izan dute menderik mende euren naziotasuna baina, aurrekariak ikusirik, Udalbiltzak nazioartean indarrean dauden adierazpenei atxikitzea erabaki zuen Euskal Herriko Naziotasun Aitormena (EHNA) gauzatzeko.
1948. urteko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala:
* Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela (1. art).
* Inori ezin zaio arrazoirik gabe herritartasuna kendu (15. art.).
1966. urteko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna:
* Herri guztiek dute askatasun osoz erabakiak hartzeko eskubidea. Eskubide horri eutsiz, beraien izaera politikoa eratu, eta ekonomia, gizarte eta kultura alorreko garapena bermatzen dute (1. art.).
Bi erakundeek lan komunak egin zituzten Euskal Herrian eta herrietan ekimena abian jarri zenetik, baina UDALBILTZAk BAI EUSKAL HERRIARI herri ekimenarekin hitzarmena izenpetzea erabaki zuen 2005eko maiatzean, ordura arteko harreman hori hitzarmen estrategiko bihurtu eta, ahal zuen neurrian, zituen bitarteko guztiak bideratzearren EUSKAL HERRIKO NAZIOTASUN AITORMENA sustatu eta zabaltzera.
Bai Euskal Herriari herri ekimenaren ordezkari Mikel Luluagak eta Udalbiltzako lehendakari Loren Arkotxak izenpetu zuten hitzarmenaren arabera, honako ekimen hauek egin behar dituzte elkarlanean:
- Euskal herritarren naziotasun eskubidea eta Euskal Herriko Naziotasun Aitormena gizarteratzea.
- Sustapen lana egitea, euskal herritarrek Euskal Herriko Naziotasun Aitormena gauzatu dezaten.
- Euskal Herriko Naziotasun Aitormenaren inguruko onarpen eta erabilera esparrua garatzea.
UDALBILTZA - EUSKAL HERRIKO BEHATOKI SOZIO-EKONOMIKOA (GAINDEGIA)
UDALBILTZA - ARRAPITZ - LUR HATS