Nazio eraikuntzarekin hartutako konpromisoa gauzatzeko, Udalbiltzak Euskal Herriaren egoerari buruzko diagnosi lana egin zuen 2000. urtean. Hausnarketa horren ondorio garrantzitsuenetako bat Euskal Herrian demografiaren eta garapenaren alorrean dagoen desoreka nabaria izan zen, eta zerikusi handia du egoera horretan Euskal Herriak bere burua antolatu eta bere garapena bideratzeko tresna eragingarririk ez izateak.
Beste sektoreetan eta lurraldeetan ere egoera hori sumatu arren, ondorioak Ipar Euskal Herriko laborantzaren bilakaeran dira nabariak batik bat. Bertako laborantza ganberarik ez izateak gabezia handiak eragin ditu baserriko bizitzarekin loturiko garapen eta antolakuntza proiektuen diseinuan eta laborariek behar dituzten aholkularitzan eta trebakuntzan, euren etxaldeak gizartearen beharretara egokiturik kudeatzeko. Izan ere, Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganberaren lehentasuna ez da Euskal Herriko 6.000 etxalderi bultzada ematea eta, gainera, ez dio erantzuten laborari guztien zerbitzurako erakunde publikoaren eginkizunari, nekazaritza industria sustatzeko hautua egin du eta.
Egoera zail horri aurre egin eta tokiko ekonomia eta laborantza iraunkorraren alde egiteko, Euskal Herriko eragileek irudimenez eta ausardiaz jokatu dute 25 urtetan: kalitatea landu dute, ekoizpenak etxaldeetan bertan egin edo kudeatuz, baita segida agronomikoak ere, abereen osasuna eta ingurumena zaintzeko; halaber, laguntza eman diete, etxalderik izan ezean, laborantza munduan sartu nahi duten laborari gazteei. Hain zuzen ere, lan horretan murgildurik izan dira Arrapitz Federazioa eta Lur Hats elkartea.
Batera, nekazaritza ingurunearen gaineko sentsibilizazio lana eta segidarik gabeko etxaldeen arazoari eta etsipen orokorrari aurre egiteko dinamika bultzatu zituzten hasiera batean. Gaur egun, ordea, hasierako planteamenduaz harago daude euren helburuak, eta lehentasunezko egitasmoak informazio tresnak, nekazarientzako laguntza orokorra eta familiarteko guneetatik at sortzen diren instalazioekiko aholkularitza dira.
Hori guztia dela-eta, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan laborantza arloa sustatu eta Euskal Herriko lurraldeen artean garapen aldetik dagoen desoreka murriztearren, herri garapenaren alorrean hiru eragileen arteko lehentasunezko harremana jorratu eta elkarlanerako hitzarmen iraunkorra izenpetzea erabaki zuten 2005eko ekainean Loren Arkotxak, Jean Michael Berhok eta Meyrat Sylvainek; hurrenez hurren, UDALBILTZA, ARRAPITZ FEDERAZIOA eta LUR HATS ELKARTEA ordezkatu zituzten.
Hitzarmen horren helburuek lau ardatz izango dituzte:
- Elkartearen antolakuntza eta egituraketa hobetzea.
- Elkartearen barne eta kanpo komunikaziorako bitartekoak eta funtzionamendua hobetzea.
- Egitasmoen arduradunek egiten duten jarraipen lana hobetzea.
- Euskal Herriko Etxalde eskola sortzea.
UDALBILTZA - BAI EUSKAL HERRIARI HERRI EKIMENA: Naziotasuna aitortzeko lana
UDALBILTZA – GOGOETA XXI