Udalbiltzak eta Iparra-Hegoa elkarteak elkarlanerako akordioa sinatu zuten. Iparra-Hegoa elkartea Segurako Elorri Elkarteko partaideek eta Ipar Euskal Herriko hainbat kidek osatzen dute, eta hamar urteko ibilbidea luzea bezain aberatsa izan da. Ekitaldi hau hainbat lurraldetako lagunen ekarpenari eta lanari esker gauzatzen da urtero, eta Euskal Herri osoko kultura, hizkuntza, arazoak, ondasunak eta ohiturak ezagutu eta trukatzeko oso gune interesgarria da. Urte batetik bestera gero eta ezagunagoa den aldetik, gainera, erantzun hobea eta jendetsuagoa jasotzen du.
Kultur jarduera berria da, helburu jakina duena: Euskal Herria bere osotasunean islatzea. Horretarako, era askotako ekitaldiak antolatu ohi dira: informazio hitzaldiak, ikastaroak, haurrentzako biltokiak, ikastolen arteko bilerak, jolas lantegiak, mendi irteerak, herri bazkariak, Euskal Herriko mus txapelketa, kirol jarduerak, azokak, kontzertuak… Horiek guztiak zazpi lurraldeetako jendearen bilgune dira.
Elkarlanerako akordio honen bitartez, Iparra-Hegoa elkarteak eginiko lana txalotzeaz gain, elkarteak nazio eraikuntzaren bidean egiten duen ekarpena babestu eta bultzatu nahi du Udalbiltzak. Udalbiltzak Euskalduna Jauregian aurkezturiko printzipioarekin –"Herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea, udal ordezkaritza bateratuei bide emanez hizkuntzaren, kulturaren, kirolaren, ingurumenaren, lurralde antolakuntzaren, garapen ekonomikoaren eta ongizatearen alorrean eta beste esparru batzuetan"– bat eginez, Udalbiltzak eskura dituen baliabideak elkarlan horretan erabiltzea erabaki du, Iparra-Hegoaren ekimenak sustatze aldera, hamaika urteko esperientzia duen ekimena Euskal Herri osora zabaltze aldera.
UDALBILTZA – GOGOETA XXI
UDALBILTZA-WU SHU