banner

UDALBILTZA - EUSKAL DIASPORA NAZIOARTEKO ELKARTEA

UDALBILTZA - EUSKAL DIASPORA NAZIOARTEKO ELKARTEA
Euskal Diaspora Nazioarteko Elkarteko lehendakari Daniel Bilbaok eta Udalbiltzako lehendakari Loren Arkotxak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute, eta Euskal Herriko errealitatea atzerriko euskal taldeak osatzen dituzten euskaldunei helaraztea da hitzarmen horren helburua.

Nazio erakundea den aldetik, Udalbiltzak sortu zenetik finkatu zuen helburutzat harremanak estutzea zortzigarren herrialdea osatzen duten euskal diasporako kideekin. Izan ere, erakundearen ustez, ezinbestekoa da Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunek euren herriaren etorkizunean parte hartzea eta, horretarako, informazio zehatza eta xehea izan behar dute Euskal Herriko errealitate politikoari, ekonomikoari, sozialari, linguistikoari eta kulturalari buruz.

Erakundeko lehendakariak azaldu duenez, “Udalbiltzak euskal etxeetara eta diasporako kideak biltzen dituzten guneetara informazio xehea eta sistematikoa bidaltzeari ekin zion. Era berean, gogorarazi zuen erakundea Euskal Herritik kanpo bizi diren euskal taldeak biltzen dituzten guneetara hurbildu dela urtez urte eta, hain zuzen ere, Euskal Erakundeen Ipar Amerikako Federazioak eta Argentinako Euskal Erakundeen Federazioak urtero egiten dituzten biltzarrak aipatu zituen, AEBetako eta Argentinako diasporako erakunde nagusiak diren neurrian.

Euskal taldeak biltzen dituzten guneetara fisikoki eta birtualki hurbiltzearen ondorioz, Udalbiltza Euskal Diaspora Nazioarteko Elkartearekin harremanetan jarri zen pixkana-pixkana.

Bestalde, Bilbaok azaldu duenez, Euskal Diaspora Nazioarteko Elkartearen izateko arrazoia euskaldunen eta munduan barrena sakabanaturiko euren ondokoen arteko topalekua izatea da. Duela zortzi bat urte sortu zen Elkartea Interneten, eta bertako kideak hogei bat herrialdetan barreiatuta daude.

Udalbiltzak eta Euskal Diaspora Nazioarteko Elkarteak sinatu duten hitzarmenak iragarri du 2005. urtean "euskal diasporako kideen artean eta haiek dauden herrialdeetan informazio zehatza jaso eta zabaltzea Euskal Herriko errealitate politikoari, ekonomikoari, sozialari, linguistikoari eta kulturalari buruz".