Udalbiltzak eta Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak hitzarmen bat sinatu dute.
Zer dakarkio Udalbiltzari Euskal Herriko Gazteriaren Kontseilua sortzeak?
Euskal Herriko Gazteriaren Kontseilua sortzea urrats historikoa da Udalbiltzaren aburuz, EHGKren sorrerak hainbat muga gainditu baitu. Alde batetik, Euskal Herria banatzen duen muga politiko administratiboa gainditu du, eta Euskal Herriak berezko izaera duela nabarmendu. Beste alde batetik, muga ideologikoak ere gainditu ditu; alde horretatik, bere baitako aniztasuna oso errespetagarria dela nabarmendu beharra dago, beste esparru batzuetan ere aplikatzeko modukoa. Gainera, Gazteriaren Kontseilua urrats estrategikotzat dugu gure herriaren erakunde egituraren eraikuntzan.
Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak egin duen bidearen oinarri nagusia euskal gazteriaren eskubideak bermatzea da, euskal gazteria Euskal Herria osatzen duten zazpi herrialdeetan bizi nahi duen taldetzat harturik, jatorria, etnia, kolorea, sexu, sexu joera, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoa eta bestelako irizpideak gorabehera.
Era berean, beste helburu bat talde honen beharrei eta gabeziei erantzutea da, eta, horretarako, eremuz eremu lehentasunezko jotzen diren proiektuak aurrera eramatea. Laburbilduz, gazteon hitza eta erabakia kudeatzeko tresna izan nahi du Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak.
Udalbiltza Euskal Herri osoko erakundea izanik, bidean egin dituen hainbat pauso garrantzitsu bezain beharrezkotzat ditugu. Besteak beste, nabarmentzekoa da herri honen eskubideen urratzeen aurkako jarduna.
Elkarlanean aritzeko garrantzia ikusirik, hitzarmen honen bidez gauzatuko dugu elkarlan hori.
Zein da bi erakundeen arteko harremanen abiapuntua?
Euskal Herriak bere burua arlo guztietan antolatzeko eskubidea du, nazioa den aldetik. Nazio argazki sektoriala egin eta benetako diagnostikoa osatzeak berebiziko garrantzia du. Udalbiltzako eta EHGK-ko ordezkaritzak bildu egin gara bakoitza egiten ari den lanaren eta etorkizunera begira ditugun egitasmoen berri emateko elkarri. Udalbiltzari dagokionez, udal hautetsi guztion nazio erakunde bihurtzeko bultzatzen ari garen berrantolaketa eta euskal herritarren eskubideen urratzeen gaineko txostena izango dira lan nagusiak. Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluari dagokionez, berriz, gazteen eskubideen gutuna eta ekintza planak; gazteen eskubideen aurkako urratzeen berri bildu eta urratzeok salatzeko bitartekoak martxan jartzea; etxebizitzaren, drogazaletasunaren, gazte guneen, euskararen...alorrean proiektuak eta ekimenak bultzatu eta gainerako esparruetan hausnarketa eta eztabaida piztea; Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako egoeraren diagnostikoa egitea; eta gazteon arteko harremana eta elkarlana bultzatzea.
Ondorioak
Bai Udalbiltzak, bai Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak Euskal Herri osoa izanik lan eremu, logikotzat dugu elkarlanean jardutea.
Elkarlan hitzarmen honen ardatzak dira erakunde arloan egituratzeko elkarlanerako urratsak finkatu eta, Euskal Herriko diagnostikoen ondorioak maiz trukatzeaz gain, euskal herritarren eskubideen alorrean egiten ari garen lana.
Bide horretan, Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluko kide batek parte hartuko du Udalbiltzak osatuko duen artezkaritza mahaian.
Elkarlanaren lehenbiziko emaitza praktikoa
Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluko kideek gazteen eskubideen aurkako urratzeak salatzeko eskatu zieten euskal erakundeei, eta Udalbiltzak bere egin du erabat eskaera hori.
Eskubide guztiak (banakakoak eta kolektiboak) aldarrikatzen ditugu, gazte guztientzat, bai orain eta baita etorkizunean. Urtarrilaren 19an, Espainiako Auzitegi Nagusiak Segi gazte erakundea “erakunde terrorista” izendatu eta berehalako atxilotze agindua eta espetxe zigorra ezarri zuen 23 euskal herritar gazteren aurka; giza eskubideen aurkako urratze larritzat dugu hori. Zigorren larritasuna ikusirik eta epai horrek Euskal Herriko gazteriarengan zein euskal herritar ororengan izan litzakeen ondorio larriez jabeturik, zera adierazi nahi dugu:
1. Ideia zein proiektu politiko guztiak berdintasunean babesteko aukera izan behar da. Proiektu jakin bat babesten duten milaka gazte terrorista izendatzea onartezina da.
2. Euskal gazteria osoak du bere iritzia agertzeko, bere ideien alde lan egiteko, biltzeko eta antolatzeko eskubidea. Horretarako, ezinbestekoa da eskubide demokratikoak eta, oro har, giza eskubideak bermatzea.
3. Giza eskubideetan zein askatasun publikoetan oinarrituz, inolako indarkeria, mehatxu, ukazio eta zapalkuntzarik gabeko eremua bermatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Hori dela-eta, gazte orok bere jarduna askatasunean gauzatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, eta ez diogu aitortzen inolako botere judiziali milaka gazteri bere eskubide zibil eta politikoak zapaltzeko ahalmena.
UDALBILTZA – EUSKAL IRRATIAK
UDALBILTZA – NABARRERIA