banner

UDALBILTZA – NABARRERIA

UDALBILTZA – NABARRERIA
Udalbiltzak eta Nabarreriak hitzarmen estrategikoa sinatu dute.

Nabarreria 2000. urtean Iruñean sortutako enpresa da. Argitalpen edizioa eta kudeaketa, komunikazio proiektuen garapena, publizitatearen kudeaketa integrala, argitalpenen banaketa eta liburuen eta bestelako idazkien edizioa dira bere jarduera nagusiak. Gaur egun, 16 langile ditu Nabarreriak, eta dozenaka kolaboratzaile Euskal Herri osoan zehar.

Momentu honetan aldizkarien bitartez zabaltzen den informazio lokala da enpresa honen apusturik handiena. Hori herri eta auzoetako aldizkarien sustapen eta zabalkundean gauzatzen da, produktuaren kalitatea, bere ingurunean errotuta egotea eta bizilagun guztiengana ailegatzeko banaketa sistema ardatz hartuta.
Gaur egun, Iruñerrian bost aldizkari argitaratzen ditu Nabarreriak: TXANTREAN AUZOLAN (Txantrea auzoa), ALDAPA (Iruñeko Alde Zaharra eta Zabalgunea), IBAIALDE (Burlata, Atarrabia eta Uharte), OSTOKI (Antsoain) eta DONIBANE (Donibane, Iturrama, Ermitagaña, Mendebaldea). Aldizkari guztiekin batera ORBELA gehigarria banatzen dugu, Nafarroako eta Iruñerriko informazioarekin.

Bestalde, NABARRA aldizkariak –euskara hutsez argitaratzen dena– euskaldunen beharren artean zegoen hutsune bat bete du, Euskal Herriko kultur erreferentzia nagusietakoa bihurtzeraino.

Zer dakarkio Udalbiltzari Nabarreriarekin Euskal Herri osorako hitzarmena izenpetzeak?
- Herritar orok du komunikaziorako eskubidea.
- Nabarmentzekoa da herritarrengandik hurbil dauden komunikabideen garrantzia. Herritarrek herritarrentzat eginiko komunikabideak gizarte orotan funtsezkoak direla deritzogu, bai gizartearen garapenaren ikuspegitik, bai nazio eraikuntzaren ikuspegitik.
- Iruñerriko biztanleentzat hurbilekoak eta interesgarriak diren gaiak landu eta haiek euren iritzia eman eta ekarpenak egiteko aukera izatea funtsezkoa da. Alde horretatik, Nabarreriak egiten duen lan emankorra nabarmendu beharra dago.
- Hizkuntz ikuspegitik, gizartean bultzatzen duen eztabaidaren ikuspegitik, kultur ikuspegitik eta herri ikuspegitik, Nabarreriak Iruñerriko biztanleen eta euskal herritar ororen mesedetan egiten duen lana babestu nahi du Udalbiltzak.
- Gure herriak bere kultur nortasuna du, eta historia eta kultura adierazi eta transmititzea ezinbestekoa da gure herriarentzat. Nortasun kolektibo hori lantzen du Nabarreriak, eta tokiko nortasunarekin uztartu. Ekarpen horri funtsezkoa deritzo Udalbiltzak.
- Auzoetako aldizkarien bidez herri ikuspegia bultzatzea, Nabarra Euskal Herri osoko kultur aldizkariaren bidez kultur ikuspegia lantzea eta auzoei buruzko web orriaren bidez herritarrek parte hartzeko bideak irekitzea. Horixe da Nabarreria, eta horixe da Udalbiltzak babesten duen proiektua, herri mugimenduari eta herritar orori irekia:
9.000 harpidedun baino gehiago, 60.000 irakurletik gora…
- Nabarreriak tokiko ikuspegia lantzen du, lurraldetasunaren ikuspegitik lantzen dituelako gaiak, eta nazio eraikuntzaren bidean eta euskal komunikazio esparruaren eraikuntzan egiten duen ekarpena babestu eta bultzatu nahi du Udalbiltzak hitzarmen estrategiko honen bidez.