UDALBILTZAREN ADIERAZPENA NAFARROAREN EGUNAREN KARIETARA (2007-04-27)[ alorrak: Udalbiltza ]
"Nafarroaren Eguna oso data egokia da Nafarroak Euskal Herriaren etorkizun politikoan duen garrantzia berreskuratzeko; Espainiako erresumaren eta Frantziako errepublikaren gainetik, Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherea batzen dituen Nafarroaren Eguna. Udalbiltzaren aburuz, Nafarroa Euskal Herriaren nazioarteko aitortza politikoaren adierazpena da, gatazkaren gakoen isla argia, Euskal Herriaren burujabetzaren eta lurraldetasunaren adibide paradigmatikoa baita". Aberri Eguna igaro eta 15 egunera heldu da Nafarroaren Eguna. Udalbiltzak oso data nabarmen eta guztiz osagarritzat izan ditu beti biak, baina are gehiago bizi dugun une berezi honetan. Horregatik, igande honetan Baigorrira joateko deia egiteaz gain euskal herritar guztiei, Udalbiltzak bizi dugun uneaz eta Nafarroaren garrantziaz egin duen hausnarketa plazaratzea deliberatu du. Udalbiltzak behin baino gehiagotan adierazi duenez, Nafarroa Euskal Herriaren nazioarteko aitortza politikoaren adierazpena da; amatasun lirikoez eta bihotz malenkoniatsuez gaindi, gatazkaren giltzarrien isla argia da, Euskal Herriaren burujabetzaren eta lurraldetasunaren adibide paradigmatikoa baita. Ia 30 urte pasatu dira Nafarroaren Eguna antolatzen hasi zenetik. 30 urte hauetan bada Nafarroa Euskadi dela esan baina lurraldeen arteko zatiketa bultzatu besterik egin ez duenik. Bada Nafarroaren euskaltasuna egoeraren arabera aldarrikatu edo baztertu duenik eta bada, sekulako gezur historikoa izan arren, Nafarroa espainolista eta Euskal Herriaren aurkakoa asmatu duenik. Egun, aukera historiko hau aintzat hartuz, aurreko hiru eredu horiek behin betiko lurperatu eta beste bat gauzatzeko garaia heldu zaigu, agortu egin baitira; euskal herritar ororen eskubide guztiak aitortu eta bermatuko dituen esparru demokratiko berri baten alde lan egiteko garaia heldu zaigu. Artean, horrenbeste gezurri aurre egiteko, Nafarroa Euskal Herriko beste lurralde bat gehiago dela esatea baino gehiago, egokiago iruditzen zaigu gogoraraztea Euskal Herri osoaren burujabetzaren aitortza politikoa Nafarroan izan dela. Agerikoa da Nafarroa prozesutik at uzteko interes handia. Espainiako Alderdi Popularrak eta Nafarroan dituzten ordezkariek estatu auzitzat jo dute Nafarroa, eta benetako demagogia eta manifestazio/inbasioak antolatu dituzte. Horrek guztiak, baina, Nafarroaren garrantzi politikoa nabarmendu besterik ez du egiten. Sarritan, arazotzat hartu izan da “Nafarroako auzia”, baina ustezko arazo izateari utzi dio eta konponbidearen benetako giltzarri bihurtu da, behin betiko konponbidea eskuratuko badugu. Egia esan, ez da lehenbiziko saiakera. Gernikako bonbardaketa dela-eta memoria historikoa berreskuratzekotan gauden honetan, kontuan hartu beharra dago PSOE, PCE, Izquierda Republicana, ANV eta UGT (Nafarroako Fronte Popularreko kideak), Lizarrako batzarrean hasitako bideari jarraiki, lau probintzientzako estatutu bakarraren alde elkarlanean ari zirela duela 70 urte, Francoren eta Molaren estatu kolpeak errotik eta sekulako bortizkeriaz eten zituen arte. Zaila da jakitea zein izango litzatekeen Nafarroa Garaiaren gaur egungo egoera politikoa 3.000 bat gazte aurrerakoi eta engaiatu fusilatu izan ez balituzte. Zaharrak berri: itxaropena, eskuinaren mehatxua eta errepresioa. Baina ezin dugu utzi historia berriro gerta dadin. Aukera badugu. Bakea eta demokrazia iristeke daude Euskal Herrira, baina prozesuaren arrakastaren ondorio izan litezke. Horregatik, prozesua berpiztu behar dugun honetan, indarrean dagoen esparru juridikoari falta zaion zilegitasun demokratikoa ezin da oparitu eta epaile lana ezin zaie eskaini gure herriaren eskubideak ukatzen dituzten estatuei. Prozesuaren bidea, egutegia eta gaiak Espainiako zein Frantziako gobernuen interesen arabera zehaztea ez da onargarria. Udalbiltzaren ustez, euskal herritar guztiek prozesuan parte hartzeko eskubidea izan behar dute, eta haiei soilik dagokie arauak eta edukiak finkatzea, inolako bazterketarik gabe betiere, ez ideologikoa eta ez lurralde arlokoa. Prozesu politikoaren behin betiko konponbidea nahi badugu, Nafarroak ustezko arazo izateari utzi eta konponbidearen benetako giltzarri bilakatu behar du. Jada, 1839-1841eko, 1931-1932ko eta 1978-1982ko sasi irtenbideek, iruzurrek eta herritarrei bizkarra emateak ez dute balio. Nafarroa ezin da inolaz ere truke txanpon izan, jakina! Euskal Herriaren burujabetza historikoa eta herritar guztiek prozesuan parte hartzeko eskubidea irudikatzen ditu Nafarroak. Nafarroak Euskal Herriaren etorkizun politikoan duen garrantzia berreskuratu behar du, herri honen subiranotasunaren eta aitortza historikoaren adierazpena den neurrian, eta Nafarroaren Eguna oso egokia da hori gogoratzeko. Nafarroa Garaiaren eta Nafarroa Beherearen eguna, Espainiako erresumaz eta Frantziako errepublikaz harago. UDALBILTZAko PRENTSA BULEGOA |