"INPOSIZIOEN GAINETIK, EUSKAL HERRITARREK LIBREKI ADIERAZI BEHAR DUTE"[ alorrak: jarduna ]
UDALBILTZAREN JARRERA OFIZIALA ETA PROPOSAMENA ESPAINIAKO GOBERNUAREN ETA AUZITEGIEN ERABAKIA DELA-ETA EUSKAL HERRIAN UDAL ETA FORU HAUTESKUNDE DEMOKRATIKOAK ZEIN PROZESU POLITIKOA OZTOPATZEKO.
Espainiako auzitegien inposizio antidemokratikoa dela-eta, egoera hain larria izanik, Udalbiltzak, Euskal Herriko nazio erakunde gisa, sufragio unibertsalerako eskubidearen aurkako zentsurari aurre egitera deitu nahi ditu Euskal Herriko alderdiak zein herritarrak, euskal herritarrek euren borondatea libreki adieraz dezaten eta bozkatzen dutena errespetatu egin dadin. Udalbiltza oso kezkatuta dago Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian egingo diren foru eta udal hauteskundeen karietara jazo den eraso antidemokratikoa dela eta. Lau urte pasatu dira, baina, dagoen alderdia dagoela Espainiako gobernuan, sufragio unibertsalik gabeko hauteskundeak egin nahi dituzte berriro ere. PPren gobernuak 249 zerrenda salatu zituen duela lau urte. Gaur, Espainiako gobernuaren ekimenez, Auzitegi Nagusiak eta Konstituzio Auzitegiak ia 400 zerrenda deuseztatu dituzte, eta Hego Euskal Herriko biztanleriaren %85en sufragio unibertsalerako eskubidea suntsitu. Bost axola zaie euskal herritarrek hauteskunde demokratikoen aldeko borondate argia adierazi izana. Herritarren gehiengoak Alderdien Legearen aurkako jarrera adierazi du behin eta berriro, eta milaka herritarrek sinatu dute udaletan zein notariotzetan, aukera politiko guztiek baldintza berberetan aurkeztea izan dezaten. Aitzitik, herritar horiei guztiei iseka egin eta sorgin ehizan hasi dira berriro, milaka lagunen ideologia aztertzen. Inkisizio eta espioitza politikoa areagotu eta apartheidaren beste aro bati ekitea erabaki dute, prozesu politikoa suntsitu nahian. Izan ere, kaltetua ez da ezker abertzalea eta haren gizarte oinarria bakarrik, gatazka behin betiko konpon dezakeen prozesu demokratikoa eta Euskal Herria bera baizik. Euskal herritarrek behin eta berriz esan dute gatazkaren zergatiak konponduko dituen prozesu politikoa eta udal hauteskunde demokratikoak nahi dituztela. Nor dira Madrilgo gobernua eta bere agindupean dauden fiskalak eta abokatuak hori guztia zapuzteko? Zergatik erabaki ahal dute Espainiako Auzitegi Nagusiak eta Konstituzio Auzitegiak zer euskal herritar aukez daitezkeen hauteskundeetara eta zein ez? Zergatik onartu behar ditugu euskal herritarrok hauteskunde hauen iruzurrezko emaitza ofizialak? Udalbiltzak, euskal herritar orori dagozkion eskubide guztiak Euskal Herri osoan aitortu eta errespetatzeko konpromisoarekin bat, nazioarteko hainbat instantziak egin duten bezala, bere kezka larria adierazteaz gain, iruzurrezko jokabide horiek guztiak ozenki salatu nahi ditu. Bidenabar, Europan zein munduan eskubide zibilen eta politikoen alorrean aritzen diren erakundeak Euskal Herrian gertatzen ari dena arretaz begiratzera eta Espainiako erresumako gobernuari zein Europar Batasuneko lehendakaritzari euren iritzia jakinaraztera deitu nahi ditu. Egoera hain larria izanik, Udalbiltzak, Euskal Herriko nazio erakunde gisa, Espainiaren inposizioen gainetik, euskal herritar gisa aritzera deitu nahi ditu Euskal Herriko alderdi politikoak zein herritarrak: Euskal Herrian, 2007ko maiatzaren 14an |