Udalbiltzak bultzaturiko Nazio Eztabaidaguneak 2003ko Aberri Egunean kaleratu zituen bederatzi hilabetez eginiko lanaren fruituak, hain zuzen ere, Nazio Eraikuntzarako eta Gatazka Konpontzeko proposamen bateratuak. Nazio eraikuntzaren proposamenean, nazio erakundeak osatzearen atalean, Udalbiltza berrantolatzea proposatzen zen, eta Euskal Herriko Udal Hautetsien Biltzarrak proposamenekin bat egin zuen Aberri Egunean, batez ere, Udalbiltza berrantolatzeari zegokion atalarekin.
Hartara, Udalbiltza berrantolatzearren, hainbat ekimen gauzatu zen horren ondotik: bilkurak, Euskal Herriko udal hautetsien atxikimendua biltzea, batzarrak... Udalbiltza berrantolatzea helburu nagusi bihurtu zela esan liteke.