Aurrekari historikoak

Aurrekari historikoak
Udalerriek eta udalen arteko harremanek garrantzi handia izan dute Euskal Herriaren historian. Herri komunitatea egituratzeko oinarriko erakundeak izan dira, eta lotura zuzena dute gure artean mendeetan iraun duen hainbat ohiturarekin, batzarreekin, auzolanarekin, eta are gehiago, hemen jorraturiko gure arau, legeriarekin.

Lehenbiziko herrixka iraunkorrek zerikusi handia izan bazuten ere nekazaritzaren hastapenekin, Euskal Herriko hiriei buruzko aipamenak orain dela 2.200 urte inguru eman zituzten erromatar kronikek; haien arabera, herriak, hiribilduak eta hiriak sortu ziren garaiko bidegurutze nagusi, kai eta toki estrategikoetan, jendartearen bilakaera eta antolamendu politikoarekin bat.

XI. eta XII. mendeetan, berriz, herri, hirien hobekuntza areagotu egin zen Nafarroako erregeek ezarritako foruen babesari esker, eta ondorengo mendeetan udalerri garaikide ugari agertu zen. Udalerri horiek antzinatik eraturik zeuden ermandadeak, koadrilak, merindadeak, zendeak, bailarak... osatu zituzten, euren artean antolatu eta gorteetan ordezkaritza izatearren. Azkenik, gaur egungo udalerrien mapa XVIII. eta XIX. mendean finkatu zen hein handi batean.

Aurrekoari garrantzia kendu nahi ezean, XX. mendeko hainbat gertakizun nabarmendu nahi dugu, Euskal Herria aitortzeko ekimenekin eta udal eta udal ordezkarien dinamikarekin zerikusi zuzena izan duelako.

Lehenbiziko aipamena 1931. urtekoa da. 1920ko hamarkadan Primo de Rivera espainiarraren diktaduran lortu ez zutena Espainiako II. Errepublika garaian lortzen saiatu ziren Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroa Garaiko udal ordezkariak; hain zuzen ere, sufragio unibertsalez hautaturiko bertako lehenbiziko udal ordezkariak izan ziren. Autonomia estatutuaren zirriborroa osatu zuten Eusko Ikaskuntzarekin batera eta, besteak beste, euskararen ofizialtasuna ezarri zuen Lizarrako Estatutua onartu zuten 1931ko martxoaren 14an, herri horretan egin zen udalen biltzarrean. Espainiako Errepublikako gorteek, ordea, ez zuten berretsi eta, testu moldatua lau herrialdeetako udal gehienek onartu bazuten ere, 1932. urteko Iruñeko batzarreko ordezkari batzuen iruzurra zela medio, Nafarroa Garaia estatutu prozesutik kanpo geratu zen. Beste herrialdeek aurrera egin zuten baina, Madrilgo egoera politikoa zela-eta, behin betiko onarpena 1936. urtera arte atzeratu zen; Franco matxinatua zen ordurako eta, ondorioz, Araba ere kanpoan geratu zen. Beste herrialdeetako ibilbideak, ostera, hilabeteak iraun zuen, sorturiko gobernuak erbestera joan behar izan zuen arte Franco nagusitzearekin batera (1937).

Aurrekari historikoak
Bigarren aipamena hamarkada batzuk geroago egin zen, alkateen mugimenduaren ekimenez; izan ere, frankismoa behin betiko gainditzea eta lapurturiko burujabetza berreskuratzea zuen helburu. Hartara, Bergarako alkate Jose Luis Elkorok bultzatutako alkate taldeak autonomiaren aldeko mugimendua antolatu zuen Franco hil bezain laster (1975) Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian. Dena den, historia errepikatu egin zen orduan ere, eta itxaropena ezerezean geratu zen, ekimenak alderdi nagusien interesekin talka egin baitzuen.

Pirinioen beste aldean, XVIII. mendeko Frantziako iraultzak ohiko antolamendu zaharrak desagerrarazi zituen, baina Euskal Herriaren aitortzarik eza ere ezarri zuen. Aitortza hori euskararen ofizialtasuna, Laborantzaren ganbara, unibertsitatea eta euskal departamendua aitortzearekin lotu izan da, eta nabarmena izan da Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako udalek departamenduaren aldeko mendeetako aldarrikapen historikoari emaniko bultzada. Ildo horretan, aipatzekoa da 1990eko hamarkadan lorturiko adostasun handia.

Azkenik, aurreko mendea amaitzearekin bat, 1999. urtean, gaur egungo errealitatearen abiapuntua jazo zen: Udal Ordezkarien Biltzarra, hain zuzen ere, aro modernoko lehenbiziko nazio erakundearen aurrekaria.