Euskalduna Jauregiko Batzar Eratzailea

Euskalduna Jauregiko Batzar Eratzailea
Iruñeko biltzarrean sortutako Batzorde Iraunkorrak Euskal Herriko udal hautetsi guztiei dei egin zien 1999ko irailaren 18an Bilboko Euskalduna Jauregian bildu eta Euskal Herriko erakunde nazionala sortzera.

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 354 udalerritako 1.788 udal hautetsik hartu zuten parte bertan. Hau da, batzar horrek Iruñean egindakoak baino oihartzun handiagoa izan zuen; horren adierazgarri da bilerarako gonbitari erantzun ziotenen zerrenda luzea: Euskal Herriko alderdien eta gizarte eragileen lehen mailako ordezkariek, mundu osoko komunikabideek, nazioarteko begiraleek...

Iruñean aukeratutako Batzorde Iraunkorrak lau proposamen egin zizkion Biltzarrari, eta laurak onartu ziren:

1. Udal oinarria zuen erakunde nazionala sortzea.

2. Erakundea izendatzea.

3. Erakundearen lanak gauzatzeko bost lan talde sortzea.

4. Batzorde Eragile berria izendatzea.

Hartutako erabakien ondorioz, UDALBILTZA Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarra sortu zen.

Sorrerako adierazpen politikoan Udalbiltzaren helburuak ageri dira, besteak beste:

1. Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea.

2. Euskal Herriko egitura politikoa eraikitzen laguntzea.

3. Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea.

4. Herrialde guztietako udalerrien artean harremanak sendotzen laguntzea, udal ordezkarien arteko ekintza bateratuari bide emanez hainbat esparrutan.

5. Euskal Herria nazio berezkoa eta desberdindua dela adieraztea nazioartean.

Azkenik, Udalbiltzaren lanak zuzendu eta antolatzeko, Batzar Nagusi hartako politika eta lurralde aniztasuna islatzen zuen Batzorde Eragilea izendatu zen, hamabost alkatek eta zinegotzik osatutakoa.

EranskinaTamaina
UDALBILTZAREN_ADIERAZPEN_POLITIKOA,_BERE_SORRERAREN_EGUNEAN.pdf134.76 KB
1999ko irailaren 18an Udalbiltzak Bilbon aukeratutako Batzorde Eragilea.pdf55.57 KB