Ibilbidea |
Udalbiltzaren II. Batzar Nagusia. Kursaal Jauregia
Urte bukaeran Udalbiltzak geldirik jarraitzen zuela eta Batzorde Eragilean hartutako erabaki larriak ikusirik, Udalbiltzaren Aldeko Hautetsien Mugimenduak Batzar Orokorrera deitzeko sinadura bilketa hasi zuen.
Bilera 2001eko otsailaren 24an, Donostiako Kursaal Jauregian egitea proposatzen zen deialdian. Barne araudirik ezean, beharrezkoa zen udaletan indarrean zegoen araudiaren interpretazio analogikoa egitea, hura baitzen Udalbiltzak hurbilen zuena. Hortaz, honako hau izan behar da kontuan, alegia, udaletako zinegotzien laurden batek ez ohiko osoko bilkura egiteko eskatuz gero, bilera ezinbestean egin behar dela epe jakin batean. Horrela deitutako osoko bilkurek balio osoa dute, alkatea egon ez arren, zinegotzien herena bertan baldin badago. Alde horretatik, deialdia 952 udal hautetsik sinatu zuten, Euskalduna Jauregian bildutakoen erdiak baino gehiagok; batzarrean, berriz, 713 udal hautetsik hartu zuten parte, Euskalduna Jauregian bildu zirenen herenak baino askoz ere gehiagok. Beraz, deialdiak eta bilkurak zilegitasun osoa izan zuten. Udalbiltzaren ibilbidean izandako gorabeherak eta kudeaketa egitasmo sendo baten beharra nabarmendu ziren balantzea egitean. Udalbiltzaren sorreran onartutako adierazpena eta helburuak berretsi ondoren, Euskal Herriaren egoera orokorrari buruzko oinarrizko diagnostikoa aurkeztu zen, baita arloz arlokoa ere. Horrez gain, 2001ean gauzatu beharreko egitasmo zehatzak eta urte hartako aurrekontuak onartu ziren. Bestalde, 11 lan batzorde sortu ziren udal hautetsien arteko elkarlana egituratzeko, eta Batzorde Eragile bat izendatu zen onartutako egitasmoak gauzatzeko behar ziren lanak sustatu eta koordinatzeko.Milaka euskal herritarrek Udalbiltzari egindako eskariari erantzunez, Euskal Herriko Naziotasun Aitormena bideratzeko erabakia hartu zen Kursaal Jauregiko bileran eta, horrekin batera, Batzorde Eragileak barne araudia bi hilabeteko epean egiteko konpromisoa hartu zuen. 2001eko otsailaren 24ko Batzar Orokorrak abian jarri zuen berriro Udalbiltza, eta erakundeak o rdura arte izan ez zituen gorputza eta barne araudia eskuratu zituen. |