banner

Udalbiltzak Bergaran ospatuko den kilometrotara deitzen du (2007-10-05)

[ alorrak: Aberri eguna ]

Euskal Herritar oroko hezkuntza eskubidea dute. Guztientzako eta berdintasunezko hezkuntza eskubidearen bermea eskatzen du pertsonaren garapenak. Izan ere, jendartean eta bere erabakietan parte hartzeko autonomia gaitasuna lortzeko funtsezko baldintza da hezkuntza. Jendarteko kide aktiboak izatea, haren kultur aberastasunean parte hartzea eta bizitza publikoan inolako muga ezarririk gabe jardun ahal izatea ahalbidetu behar die hezkuntza guztiei, batez ere gateei. Euskal herritar guztien hezkuntza eskubidea bermatzeak kultur ondarearen trasmisioa, Euskal Herriari dagozkion edukiez ikas programa edo curriculum propioaren garapena eta sexuen araberako rolen esleipena deuseztatuko duen hezkidetzaz heztea eskatzen du.
Eta hori guztia Euskararen Herrian. Hezkuntza sistemak herritarrek derrigorrezko eskolaratze epea amaitzen dutenean euskaraz bizitzeko gaitasuna izango dutela bermatu beharko luke.
Txalotzekoa da, zentzu honetan, hainbat ikasle eta irakaslek erakusten duten borondatea eskolak ematen ez dituen ezagutza horiek beraien kabuz eskuratzeko. Alabaina, ahalegin horietatik haratago, gure kulturaren transmisioa eta berrikuntza bermatuko duen curriculuma sortzeko apustu estrategikoa egin beharra dago. Euskal Curriculuma sortu eta garatu beharra dago. Udalbiltzak bere konpromiso irmoa erakutsi du gure herriak behar duen hezkuntza sistema nazionalaren baitan lan egin eta bereziki euskal curriculumaren prozesuan.
Euskal Curriculuma sortzeko prozesua abian da. Zailtasunak zailtasun, behar-beharrezkoa dugun erreferentzia pedagogiko hori sortzear dago.
Euskal Curriculuma sortzeko prozesua martxan jartzeko Udalbiltzak, Ikastolen konfederazio eta Sortzen Ikasbatuazek sinaturiko hitzarmenetik, hainbat urrats eman dira eta hainbat hezkuntza eragile nahiz instituzio bildu dira prozesura. Euskal Curriculumaren garapenerako bidea irekitzen hasi beharra dago. Euskal Curriculuma sortu ostean hasten da benetako erronka, Euskal Curriculuma praktikan aplikatzeko erronka. Irakasleen formakuntza, baliabide pedagogikoen sorrera, curriculumaren ebaluazioa eta berrikuntza... abian jarri beharreko ildo estrategikoak dira horiek. Udalbiltzak Euskal Curriculuma Euskal Herri osoan garatzeko proposamen zehatza eta egingarria jarriko du mahai gainean.
Honen guztiaren atzean urtetako lan isila eta eraginkorra egon da, euskal herritarren partetik, eta bereziki hezkuntza munduko eragile eta ikastolen partetik. Igandeko jaiaren bidez aukera ezin hobea dugu ikastolen urtetako lan hau txalotzeaz gain, bultzada berri bat emateko.