banner

GILTZA GUREA DELAKO, NAFARROA OINEZEAN PARTE HARTZEKO DEIA EGITEN DU UDALBILTZAK(2007-10-21)

[ alorrak: Udalbiltza ]

Igandean Vianan ospatuko den "Nafarroa Oinez" dela eta Udalbiltzak berau euskararen aldeko jai bat baino gehiago dela esan du. Horretaz gain, hezkuntza sistema propioaren bidean egindako urratsen islatzat eta bide horretan jarraitzeko borondatearen adierazpentzat jotzen dugula jakinarazi nahi dugu.

Ikastolek hezkuntza sistema propio eta euskaldunaren alde eginiko lana eta borroka babestu eta herritar orok bultzada berria emateko aukera izan ohi dugu gisa honetako jaiekin. Belaunaldi gazteak euskaraz hezi eta hazteko ezinbesteko lanean zutabe izan dira ikastolak gure Herriko historia luzean.
Urte luzetako lan isilari esker izugarri aurreratu egin dugu hezkuntza sistema propioaren bidean. Urrats berriak ditugu emateke, ordea. Eskolak gazte guztiak euskaldundu dezan bermatzea, Euskal Curriculuma aplikatzea edota Euskal Unibertsitatea abian jartzea dira emateke ditugun urrats horietako batzuk. Horretan ari gara, eta Udalbiltzak tinko lan egingo du, herritar eta herri eragileekin elkarlanean, bide horretan aurrera egiteko.
Euskal herritar ororen eskubideen zaintzan urrats berriak ematen ari da Udalbiltza, euskal herritar orok duen hezkuntza eskubidea eta berau euskaraz izatekoaren inguruan Udalbiltzak lan egiten du egunez egun. Honekin batera Euskal Curriculum propioa eraiki eta definitzean ere urrats berraik eman ditugu jada, Sortzen Ikasbatuaz eta Ikastolen Konfederazioarekin batera euskal curriculuma sortze bidean emaniko
urratsak errealitate bilakatu dira.
Honen guztiaren isla dira ere ikastolen jaiak. Egunez egun ikastetxez ikastetxe egiten den lan horri, herritargoak bultzada berria emateko eta jai giroan ospatzekoa aukera paregabea dugu datorren igandean. Udalbiltzak Vianako ikastolak egiten ari den lan paregabea txalotu eta babesteko Udalbiltzaren ordezkaritza Igandean Nafarroa Oinezen egongo dela jakinarazten dizuegu.