banner

NAZIO EZTABAIDA 07 BURUTUKO DA LARUNBAT HONETAN BARAÑAINEN(2007-11-23)

[ alorrak: Udalbiltza ]

Nazio Eztabaida gure egoeraz, gure beharrez eta etorkizuneko lehentasunez herri gisa, nazio gisa eztabaidatu eta erabakitzeko aukera da
2003. urtean bultzaturiko ekimenak izaten ari diren eragin positiboak pozez betetzen gaitu, urrats handiak eman dira; gatazkaren konponbidera eta nazio eraikuntzaren lerroan, norabide berean doazen lerroak. Nazio Eztabaida Gunea sendotzeak, Nazio Garapenerako Biltzarraren lanak eta Euskal Herria eraikitzeko Nazio Planak hitzartu izanak, bestetik, testuinguru itxaropentsua sortu dute gure herrian, gatazka konpontzeari eta nazio eraikuntzari dagokienez hurrenez hurren. Eta aurrera begira irekitzen zaigun fase politiko honetarako ezinbesteko bultzada eta kimu direla ulertzen dugu.
Giro horretan, baldintzak eta beharrak ikusita, etapa bat amaitutzat jo eta beste ziklo bat hastea erabaki du ikasturte politiko honetan. Gaur egun, duela zortzi urte ez bezala, nazio erakundeak badu norekin aritu elkarlanean, eta eredu hori jorratuko du. Horretarako, Euskalduna Jauregian onarturiko bost printzipioak landuko ditu, bai gizarte eragileekin hitzarmenak sinatuz eta udalak prozesu horretan murgilduz, hitzarturiko Nazio Plana garatzearren.
Hori guztia kontuan hartu eta Udalbiltzaren sorrerako konpromisoei erreparatuz gero, Udalbiltzak gure herriaren eraikuntzan eragile aktibo bilakatu nahi du eta horretarako era burua indartu eta behar dugun instituzioetan bilakatu nahi dugu..
Nazio Garapenerako Biltzarrak azaroaren 24ean Barañainen antolatu duen ekimenak oso garrantzi handia du; Nazio Eztabaida gure egoeraz, gure beharrez eta etorkizuneko lehentasunez herri gisa, nazio gisa eztabaidatu eta erabakitzeko aukera da. Hain zuzen ere, horixe behar du herri zahar honek une berezi honetan.
Beste batzuek hartzen dituzte erabakiak bere buruaren jabe ez den herri baten izenean eta, logikoa denez, beste horiek euren onerako hautatzen dute bidea. Mende asko darama Euskal Herriak egoera hori pairatzen, eta nazio eraikuntzak behar duen pizgarria nazio eztabaida eta nazio plana izan litezkeela deritzogu.
Udalbiltzak hasieratik bultzatu du urrats sendoak emanak dituen, proiektu polit eta beharrezko hori, eta horren lekuko izango da erakundeak gauzatuko den egitarauan izango duen parte hartzea.

Azken lerro hauen bidez Nazio Eztabaida Gunearen lana txalotu eta Udalbiltzako kide direnen parte hartzearen berri eman nahi dugu.