banner

18/98 AUZIKO AZKEN ESPETXERATZE ETA ERASOEN AURREAN, UDALBILTZAREN ADIERAZPENA(2007-12-1)

[ alorrak: Udalbiltza ]

Udalbiltzako gogor salatu nahi du euskal herritar hauen aurkako eraso eta espetxeratzeak, eta gogortasun berarekin salatu nahi du gure herriaren eraikuntza kriminalizatu, ilegalizatu, epaitu eta kondenatzea. Gure herriaren eraikuntzaren aurkako eraso gisa ulertzen du Udalbiltzak 18/98 zein irekita dauden hainbat auzi.

Espainiako "justiziaren" azken erabakiek argi utzi dute ez dagoela demokraziarik euskal herritarrentzat. Hori dela-eta, behar-beharrezkoa dugu salatu baino gehiago egingo duen beste esparru bat.

Estatu demokratikoaren kontzeptutik oso urrun kokatzen dira modu honetako auzia garatzen dituena.Euskal Herrian indarrean inposatua dagoen "justiziaren" oinarria, Frantziako eta Espainiako "justizia" sistemek, argi eta garbi ukatzen dituzte Euskal Herria eta euskal herritarrak. Berez, ez da euskal herritarrik Frantziako eta Espainiako justizientzat.

Euskal herritarrei salbuespeneko epaitegiak, lege eta legedi bereziak, epai bereziak eta prozedura bereziak ezartzen zaizkie egunero. Atzo bertan ezagutu genuen neurri gabeko jokaldia egoera larri horren azken adibidea dugu. Espainiako Auzitegi Nagusiak ondoko egunetan plazaratuko duen epaiak hori adierazten du. Epai horren oinarrian proiektu aske oso bat landu nahi duen herri sektorea gelditzeko nahia dago, urte luzez Euskal Herri eraikitzeko zutabeak ezartzen aritu den euskal herritarrak geldiarazi nahia, eta berau amaiarazteko helburua.

Erabaki horiek guztiak (eta beste asko) euskal herritarren giza eskubideen urratze larriaren adibideak besterik ez dira. Hori dela-eta, eskubide zibil eta politikoen aurkako urratze guztiak salatzea ezinbestekoa da, eta, horregatik, Udalbiltzak, euskal herritarren eskubide guztien aldeko konpromisoa hartu duen neurrian, argi eta garbi salatu nahi ditu 46 euskal herritar hauen aurkako epai eta espetxeratzeak. Halaber, nazio erakundeak, epaitegien erabakiak ezeztatu eta kaltetuak askatu ditzaten exigitzen dugu..

Salatzeaz gain, ordea, gertaera horiei bide ematen dien egiturazko egoera gainditu behar da Udalbiltzaren ustez. Espainiako zein Frantziako egungo legedien bidez ez dago euskal herritarren eskubideak bermatzerik: ez herria eraiki nahi duten euskal herritarrena, ez Euskal Herria aintzat hartzen duten proiektu politiko jakin batzuk landu eta aldarrikatu nahi dituzten herritarrenak. Euskal Herriak bere burua antolatzeko eskubidea du, eta horretaz baliatu behar du. Ahalmen hori bereganatu eta, giza eskubideei buruzko nazioarteko itunak oinarri, euskal herritar orori Euskal Herri osoan eskubide guztiak aitortu eta erabiltzeko bide emango dion esparru demokratiko berri bat eskuratu behar du, hori baita gatazka politikoa behin betiko gainditzeko era bakarra.

Ideia zein proiektu politiko guztiak berdintasunean babesteko aukera izan behar da. Proiektu jakin bat babesten duten milaka herritar terrorista izendatzea onartezina da.
Giza eskubideetan zein askatasun publikoetan oinarrituz, inolako indarkeria, mehatxu, ukazio eta zapalkuntzarik gabeko eremua bermatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Hori dela-eta, herritar orok bere jarduna askatasunean gauzatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, eta ez diogu aitortzen inolako botere judiziali milaka euskal herritarri bere eskubide zibil eta politikoak zapaltzeko ahalmena.

Azkenik, nazio erakundeari dagokion ardura politikoari eutsiz, eskubideen urratze larri hau salatzeko asmoz, Igandean Bilboko kaleetan egingo den manifestazioan Udalbiltzako ordezkaritza bat izango dela jakinarazi nahi dugu.