banner

ABENDUAK 6, NAZIOTASUN ESKUBIDEAREN URRAKETAREN SINBOLO ETA EGUNA(2007-12-04)

[ alorrak: Udalbiltza ]

Euskal herritarron naziotasunerako eskubidea zapalduta dagoen honetan, egun inposatu honek esanahi berezia du euskal herritarrontzat.
Eskubideen urratzeen sinbolo eta adierazgarri dugun honi aurre egiteko, Udalbiltzak kalera irten eta abenduaren euskal herritarrak, euren naziotasunerako eskubidea aldarrikatzera deitzen ditugu.
Era berean, datorren abenduaren 10ean, nazioarteko Giza Eskubideen eguna dela, urratua dugun eskubide honen aldarrikapena zabaldu eta gauzatzeko, EHNA eta eskakizun ofiziala bideratzeko dei egin nahi dugu.
Nazioarteko erakundeek Giza Eskubideen Egun izendatu dute abenduaren 10 eta, urtero bezala, aurten ere hainbat ekimen antolatuko da munduan zehar. Eskubideen eguna izanik, eta kontuan izanik bai Euskal Herriaren eta bai euskal herritarren eskubideak ukatu egiten direla une honetan, aldarrikapen eta salaketa egun bihurtu behar dugu egun hau. Gurea naziotasuna eskubidea da, baina eskuratu egin behar dugu eta, horretarako, naziotasun aldarrikapena kalera eta instituzioetara eraman behar dugu.
Egungo egoera politikoan inoiz baino garrantzitsuagoa da euskal herritarroi urratu egiten zaizkigun eskubideak salatzea. Euskal herritarron eskubideak eta Euskal Herriaren beraren eskubideak aitortzeko. Hartara, norbere ekarpenaren bidez, ekarpen kolektiboa ere egingo dugu eta, azkenean, Euskal Herriaren lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea onartzea lortuko dugu.
Esan bezala, EHNA dugu gure eskubidearen erabilera praktikoa, pertsona gisa dagokigun eskubidearena, baina ez da nahikoa. Euskal herritarrok aitortzeaz gain, gainerako herriek gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea ere aitortu behar dute eta, horretarako, Udalbiltzak beste ekimen bat jarri zuen abian: eskakizun ofiziala, bi estatuen inposizioa salatzeaz gain, gure naziotasuna aitortu eta egin beharrekoak egiteko eskatzen diona NBEri.
Jakina da, gure eskubideak errespetatuak izan daitezen, hainbat erakunderen babesa behar dugula, are gehiago erakunde honek eskubideak zaintzeko ardura duela kontuan izanik. Hori dela-eta, norbere ekarpenaren bidez (eskakizun ofiziala betez), herri gisa bildu ginen NBEko ordezkaritzarekin pasaden kurtsoan..
Hautetsiei dagokigu, gure herrietan, herritar orori aukera hau bermatzea, urte osoan zehar ,garrantzizkoagoa baita gure herrietan EHNA eta eskakizun ofiziala betetzeko aukera bermatzea. Lerro hauen bidez, dei egiten diegu hautetsiei egun hauetan zuen herrietan EHNA bideratu eta eskakizun ofiziala betetzera.
Amaitzeko, nabarmendu nahiko genuke zer nolako garrantzia duen une honetan nork bere naziotasunerako eskubidea aldarrikatzeak, eta abenduak 6 bezalako naziotasun urraketaren sinbolo den eguenean euskal naziotasunaren aldarrikapena egitea.