Ibilbidea |
Euskal Herriko Naziotasun Aitormena
125.000 herritarrek baino gehiagok "Bai Euskal Herriari" ekimenaren bitartez egin eskariari erantzuteko, udalek Euskal Herriko Naziotasun Aitormena bideratzea erabaki zuen Udalbiltzak 2001. urteko martxoan. Haren bitartez, "euskal herritarrek, libre eta demokratikoki, euskal nazioaren partaide izan nahi dutela adierazteko eskubidea izango dute". Udalbiltzaren ustez, "naziotasuna herri guztietako herritarrek duten eskubidea da; horregatik, inori ezin zaio horretarako eskubidea ukatu".
Aipatutako eskubidea "norbanakoena eta kolektiboa da eta, guri dagokigunez, ukatu egin digute", adierazi zuen Udalbiltzak, eta hura bideratzeko konpromisoa berretsi. Udalbiltzak argi utzi zuen herritarren borondatea izango dela betiere Euskal Herriko Naziotasunaren Aitormenaren oinarria. Horrez gain, euskal herritartasuna eskatzen duen pertsonak hiru printzipio onartu beharko dituela adierazi zuen: Euskal Herriaren lurraldetasun eta burujabetza osorako eskubidea, eraikuntza nazionalean parte hartzeko borondatea eta euskararekiko begirunea.Agiria udalek bideratuko zutela esan zuen Udalbiltzak eta, herriren bateko udalak halakorik egin nahi ez balu, edozein herritan lortu ahal izateko bideak irekiko zituela ziurtatu zuen.
|