banner

UDALBILTZA AUZIKO AZUIPERATEUK AGERRALDIA BURUTU DUTE (2007-12-07)

[ alorrak: Udalbiltza ]

UDALBILTZA AUZIKO AZUIPERATEUK  AGERRALDIA BURUTU DUTE (2007-12-07)

Udalbiltza auzian inputaturiko 22 lagunetatik 11 batu gara hemen gaur. Udalbiltzarekin bat egin eta gure hautetsi zereginekin konpromisoa hartu genuelako, eta lan horregatik zigortu nahi gaituzte.
Gure artetik falta dira Ibon Arbulu, Mirian Kanpos eta Xabier Alegria, 18/98 auziagatik joan den astean atxilotu eta kartzeleratuak, oraindik ere sententzia bera ezagutu barik egon arren.

1) Euskal Herriaren kontzeptu eta proiektuaren aldeko lan politikoa, soziala edo eta komunikatiboa egiteagatik giltzaperatu dituzte 18/98ko kideak. Irregulartasunez josita hasi zen auzi poltikoak jantzi juridiko guztiak urratuz jarraitu du azken kapitulu honetan ere:
-Bederatzi hilabete sententziaren zain egon ostean, modu anker horretan atxiloketak aginduz.
-Sententzia bera publiko egin baino lehen.
-Sententziaren inguruko filtrazio interesatuak bultzatu dira.
Eta, batez ere, biltzeko eta antolatzeko eskubideak, oinarri-oinarrizkoak biak, kriminalizatu egin dira, “dena ETA da” mezu faltsu bezain gaiztoaren aitzakian.

2) Estatuko estamentu guztiek bat eginda eta hiru botereen banaketa txisterik txarrenaren pare utzita, Euskal Herriaren eraikuntzaren aldeko lan ideologiko eta politikoaren kontrako etengabeko razzia ari dira gauzatzen. Gogoratzen al duzue zenbat ezker abertzaleko kide atxilotzearen promesa egin zuen Rubalcabak ETArekiko elkarrizketa mahaitik altxa berritan? 200 agindu zituen. Eta bide horretan doa. Ia erdiak egin ditu azken hilabeteotan. Ez dirudi errepresio bide hori etengo denik epe motzean, arrazoi elektoralen pisua tarteko. Bertold Bretch-en metaforak motz geratzeko bidean doaz Euskal Herrian. Eraso hau Euskal Herriaren beraren kontrakoa da, oinarrizko eskubideen taula minimoak ere hankapean lagata.

3) Testuinguru horretan etorriko da Udalbiltzaren kontrako epaiketa ere. Oraindik datarik ez dakigun arren, fiskalak gu guztion kontra 10 eta 15 urteko espetxe zigor eskaria egin zuen irailean. Dignidad y Justicia oraindik harantzago joan zen, 14-23 urte arteko eskariak eginez. Akusazioa 8hautetsi bezala eginiko lanagatik), ETAko kideak izatea. Errealitatea: udalbiltzako hautetsi edo eta behargin izatea (jarduera instituzionala, kirol, hizkuntza, hezkuntza .. arloan eginiko lanak); 1999ko irailaren 18an ia 2.000 hautetsiren bultzada demokratikoak sortarazitako nazio instituzioaren zereginak eta printzipioak aurrera eroatea. Horra hor gure delitua: herri bezala gure instituzio propioak osatzeko daukagun eskubide demokratikoa gauzatzen ahalegintzea. Ez, Udalbiltza ez da izan eta ez da izango delitugile: Udalbiltza onura publikoa baino ez dakarren nazio instituzio demokratikoa da.

4) Gu denok bankillora joango gara. Kartzelaz zigortu nahi gaituzte. Baina horrek ez dezala, inolaz ere, mahaipean laga geure instituzio propioak edukitzeko eta garatzeko eskubidea. Probestu dezagun Udalbiltzaren kontrako ukabilkada izan nahi duena, sekula baino indartsuago zabaltzeko, zazpi herrialdeetan, kultura-lan-hizkuntza-politikako zereginetan auzolan nazionalerako bokazioa. Herri bezala erantzun dezagun, herritar guztion eta Euskal Herriaren eskubide guztien defentsan. Auzipetuok, geure aldetik, orain hautetsi izan zein ez, hor egongo gara, orpoz-orpo lankidetzan gaur egungo udal hautetsiekin, Euskal Herriaren nazio izaera aldarrikatzeko lanean.

- Euskal Herriak nazio erakundeak behar ditu XXI.
inork ezin dio lapurtu bere burua erakundeen bidez antolatzeko eskubidea.

- Zatiketen gainetik, Udalbiltza nazio erakunde horien kimu bizia da.

- Euskalduna Jauregiko printzipioak errespetatuz, Udalbiltzak bere burua egokitu behar du, Euskal Herriak garai berri honetan dituen behar berriei erantzuteko,

-Eskari birekin amaituko dugu:
-Bata, itxaropenik gabe baina tinko egiten duguna: auzia bertan bera laga dezatela eta auzi politikoengatik zigortutako guztiak aska ditzatela.
-Bestea, itxaropen bizienarekin eskatzen duguna: atzoko eta gaurko hautetsiei, eta orohar Euskal Herria aintzat hartzen duten herritar guztiei, nazio eraikuntzan gogoz eta umorez indarrak batu ditzaten.