Lerro hauen bidez abenduaren 22rako Bai Euskal Herriaren eskutik deituriko "EHNA erabili eguna" eta abenduaren 29rako Euskal Herriko Kirol Selekzioaren egunak direla eta, Udalbiltzak ekimen hauek babestu eta txalotzen ditu.
Euskal Herria, nazio! Guztion artean gauza dezagun herritarrek adierazitakoa kirolean, hizkuntzan, mapetan, egutegietan eta erakundeetan.
Euskal Herriak munduko gainerako nazioak bezalakoa izan nahi duela esan du, azken garaitan indar biziz gainera. Euskal herritarrek argi dute, herri berezitua direla eta euren buruaren jabe izan nahi dutela, eta horretarako eskubidea dutela.
Abenduan, jende askorentzako erreferentziazkoak diren lehen eta bigarren mailako futbol jokalari ugarik nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartuko duten kirol selekzio ofizialak eta helburu hori eskuratzeko konpromiso zehatzak aldarrikatu zituzten. 29rako mobilizazio eta festarako deiaz gain, Euskal Herriko selekzioaren futbol partida antolatuz, Bilbon.
Bihar berriz, Bai Euskal Herriari ekimenak deituriko EHNA erabili eguna dugu. Nazio Aldarrikapena den "Euskal Herriko Naziotasun Aldarriaren" bultzadarako egun berezia izango da abenduaren 22a.
Euskal Herria nazioa dela eta izateko eskubidea du. Aldarrikapen hau esparruz esparru zabaltzeko hainbat dira ekimenak, kirol arlotik, eta herri eragileetatik ikusten ari garen moduan.
Argi dago gero eta ugariagoak direla herri honen askatasuna nahi dutenak. Euskal Herrian bere buruaren jabe izan nahi duen gehiengoa dago, eta borondate hori gauzatzea dugu erronka. Orain arteko errezeta zaharrek ez dute balio. Herriari eman behar zaio hitza, eta hitz hori errespetarazi egin behar dugu. Ez dugu sektore baten aldarrikapen alderdikoia, eskubidea baizik. Munduko gainerako pertsonek dituzten giza eskubideez ari gara. Indarrean dauden esparru juridiko politikoek borondate hori gauzatzea galarazten badute, gainditu beharrean gaude, legedi horiek demokratikoak ez diren neurrian.
Udalbiltzak, bere txikitasunean eta, aldi berean, nazio erakunde den aldetik, aintzat hartu ditu egindako adierazpenak. Herritarrek adierazitako asmo horiek gauzatze aldera, ahalegin osoa egiteko konpromisoa hartu du, eta beste erakundeak konpromiso bera hartzera gonbidatu ditu.
Lerro hauen bidez Udalbiltzak ekimen hauek txalotu eta babestearekin batera. Herritarrei hauetan parte hartu eta Nazio Gisa ditugun eskubideen urraketen salaketa eta aldarrikapena zabaltzeko deia egiten diegu.