Euskal Herriko Kirolariek agerraldia eskaini zuten Abenduaren 29rako ESAITek deituriko MANIFESTAZIO NAZIONALEAN parte hartzera deituz eta ADIERAZPEN BAT LUZATU ZIOTEN EUSKAL HERRIARI.Udalbiltzak lerro hauen bidez, bat egiten du aipatu adierazpen eta deiarekin.
Historian lehen aldiz alor ezberdinetako EUSKAL HERRI OSOKO KIROLARIEK prentsa agerraldia eskaini dute. HEMEN DUZUE TESTU OSOA HITZEZ HITZ:
EUSKAL HERRIA:
NAZIO BAT, SELEKZIO BAT!!
Euskal Selekzioen inguruan, azken hilabeteotan, arrazoi ezberdinengatik sortu diren zalapartak ikusirik eta datorren Abenduaren 29rako Bilbon antolaturiko ekimenen harira, agerraldi honen bidez, euskal herritar eta kirolari gisara, honako hausnarketak eta eskaerak plazaratu nahi ditugu:
1.- Nazio bat gara: Euskal Herria. Eta, ondorioz, nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko eskubidea dagokigu. Euskal kirolariok, nazioartean, era ofizialean Euskal Herria ordezkatzeko aukera aldarrikatzen dugu.
2.- Badakigu, helburu hau lortzea ez dagoela soilik kirolarion esku. Baina, era berean, ofizialtasunaren alde lan egitea gure zeregina ere badela argi daukagu. Gu euskaldunak gara, gure selekzioa Euskal Herriko selekzioa da, eta zentzu horretan aurrera egiteko, gure esku dauden pausuak emateko prest gaudela argi eta garbi azaldu nahi dugu.
Hau esan ondotik, hauek dira luzatu nahi ditugun eskaerak:
1.- EUSKAL HERRIKO ERAGILE POLITIKO ETA KIROL-FEDERAZIO EZBERDINEI: Ofizialtasunaren bidean aurrera egin eta Euskal Herriko selekzioek nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko duten eskubidea bermatu arte, lan-indarrak areagotzeko eskatzen dizuegu. Euskal Herria munduaren aurrean ordezkatu ahal izateko, Euskal Herriko kirolari guztiok bilduko gaituzten federazioak behar ditugu.
2.- FRANTZIA ETA ESPAINIAKO ERAGILE POLITIKO ETA KIROL-FEDERAZIO EZBERDINEI: Euskal Selekzioaren aurkako erasoak alde batera utzi, eta Euskal kirolariok nazioarteko txapelketa ofizialetan Euskal Herria ordezkatzeko dugun eskubidea errespetatu eta horretarako aukera eman iezaguzuela. Ez diogu inori ezer kendu nahi, dagokiguna eskuratu baizik.
3.- EUSKAL HERRITAR GUZTIOI: datorren Abenduaren 29an, Euskal Herria-Katalunia nazioarteko futbol partidaren aurretik, ESAITek Bilboko Arenalean antolaturiko jai-gunera joateko, eta arratsaldeko 17.30etan La Casillatik Euskal Herria: Nazio bat, Selekzio bat lemapean irtengo den MANIFESTAZIO NAZIONALEAN parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.
Eta, DEI BEREZIA Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaia, Lapurdi eta Zuberoako kirolari guztioi, ibilbidea manifestazio-buruan kirolarientzat gordeko den gunean egin dezazuen.